EH Bilduk mozioak erregistratu ditu Legazpin, Urretxun eta Zumarragan autobus linea berria Legazpitik abiatzeko eskatuz
EH Bilduk mozioak erregistratu ditu Legazpin, Urretxun eta Zumarragan GO07 linea berria Legazpitik abiatzeko eskatuz. Horra hor EH Bilduk komunikabideeetara bidali duen prentsa oharraren edukia:
“Urola Garaia, Goierri eta Donostia lotzen dituen Lurraldebuseko GO07 autobus linea martxan jartzea positiboki baloratzen dugu, eta herritarrek ere harrera ezin hobea egin diote, gure eskualdea Donostiarekin errepide bidez lotzeko behar beharrezkoa zen, tamalez Legazpi linea horretatik kanpo geratu da. Autobusa Zumarragatik abiatzen da eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egiten ditu geldiuneak Donostiara iritsi aurretik. Urola Garaia eta Goierri eskualdeak Donostiarekin lotzen duten garraio publikoko zerbitzua urria da gaur gaurkoz. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri berri duen GO07 linearekin ere ez da bermatzen kalitate nahikoa eskaintzea Urola Garaian eta Goierrin. Legazpitik Donostiara, Zumarragatik, Beasaindik eta Tolosatik baino tren gutxiago abiatzen dira. Horri gehitu behar zaio murrizketak eta atzerapenak daudela aldiriko trenaren ordutegietan. GO07 autobus linea Legazpitik irten eta Legazpin bukatuko balitz trenak dituen gabeziak apur bat estaliko lirateke. Horrez gain, autobusa Legazpitik abiatzeak ez luke bidaia luzatuko lehenengo, azkeneko geltokia izango litzatekeelako. Aldundiak dio ordutegiak doitu dituela legazpiarrek autobus aldaketa egin ahal izateko. Legazpiko bizilagunei, zigorra ezarriko zaie DBus-en zerbitzuetan doako transbordoa egiteko aukera kenduko zaielako. Era berean, inondik inora ez dira bermatzen autobus aldaketak, batez ere itzulerako autobusean. Ulergaitza da aldundiak autobus linea hau Zumarragatik abiatzeko hartu duen erabakia. Legazpitik Zumarragara joateko denbora 7 minutukoa da, ez dugu ulertzen zein inkopatibilitate tekniko egon daitezkeen linea Legazpitik ez abiatzeko. Horregatik, mozioa aurkeztu dugu hiru herrietan Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko GO07 linea Legazpin hasi eta bukatzeko. Mozioa datozen osoko bilkuretan eztabaidatuko da herri bakoitzean”.