Zabalik da Ataungo Udalekuetan izena emateko epea
Maiatzaren 30a izango da izena emateko azken eguna.

Dagoeneko zabaldu dute Ataungo Udaleku irekietan haurrek izena emateko epea, eta maiatzaren 30era arte iraungo du. Ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarte izango dira aurtengo Udalekuak, biak barne, baina bi txanda izango dira, iraupen desberdinetakoak. Lehenengoa, ekainaren 23tik uztailaren 4ra bitartekoa izango da, bi astekoa, eta bigarrena, berriz, hilabete osokoa, alegia, ekainaren 23tik uztailaren 18ra. Bietan, 2013 eta 2022 urteen artean jaiotako umeak soilik eman ahal izango dute izena. Udalekuak aurrera eramateko, baina, gutxieneko baldintza bat jarri du udalak: sei haurrek izena ematea.
Gurasoek 08:00etatik 09:45era bitarte zaintza zerbitzua izango dute, goizean-goizetik haurrak zaintzea behar badute, eta hori bukatzean emango zaio hasiera egunari, 13:00ak arte. Gainera, zaintzaren zerbitzua nahi dutenentzako zein familia kasu konkretu ezberdinetarako kuota desberdinak izateaz gain, autobus zerbitzua ere bermatuta egongo da.
Izen ematea
Izen emateko interesa duen orok ezinbestean aurkeztu beharko ditu: izena emateko orria beteta, haurraren Osakidetzako txartelaren fotokopia, kuota ordaindu dela justifikatzen duen ordainagiria, eta gurasoak langabezian dauden kasuetan, prezio bereziak izateko egiaztagiriak, edo familia ugarien kasuan, hori egiaztatzen duen txartela. Izena eman nahi duenak, hala, goizez (08:00-15:00) udaletxera joan beharko du, arratsaldez (17:00-19:00) udal-liburutegira edota erregistro elektroniko bidez ataun.eus webgunean. Gurasoentzako informazio bilera ere egingo da hezitzaileekin batera ekainaren 16ko astean (eguna zehazteke).