‘Zu’ dolurako memoria gunea inauguratuko dute hilerrian
«Elkarrizketa kolektiboa sustatzea» da helburuetako bat. 12:00etan da inaugurazio ekitaldia, herritar orori irekia.

Legazpiko Zu memoria-gunea inauguratuko dute bihar hilerrian. Udalak eta Esku Hutsik haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan gertatzen diren haurtxoen heriotzengatiko dolu elkarteak izandako lankidetzaren ondorio da memoria-gunea. 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, eskaileren lehen tartea igo eta eskuinaldean dagoen lorategiaren ondoan.
Bertan dago Juan Mari Burguera herriko artistak egindako Zu eskultura, gunearen ardatz dena eta hildako haurtxo guztien memoria ohoratzen duena. 2024ko urrian eman zuen udalak memoria gunearen berri. Antolaketa eta prestaketa lanak egin ondoren, iritsi da herritarren aurrean aurkezteko eguna. Herriko hainbat taldek eta udal ordezkarik, Esku Hutsik elkarteko ordezkariek eta Juan Mari Burguera berak parte hartuko dute. Herritar oro ere gonbidatu dute ekitaldira.
Burguerak obraren eskubideak eman dizkio udalari, eta udalak eskerrak eman dizkio: «Keinua eskertzeaz gain, hasiera-hasieratik erakutsi duen onginahia eta inplikazioa ere nabarmendu nahi ditugu. Eskultura kokatzeko behar diren lanak aurrera eraman dira dagoeneko, beraz guztia prest dago Zu eskultura dagokion lekuan kokatzeko».
Gipuzkoako bigarrena
«Haurtxo bat galdu duten familiekiko errespetu eta konpromiso handiko keinua» dela azaldu du udalak. «Negar egiteko, gogoratzeko eta sendatzeko pentsatutako lekua». Bi helbururekin sortu dute: jaioberrien doluaren mina bizi dutenentzako «bilketa-ingurune» bat eskaintzea, eta, aldi berean, «giza esperientzia sakon horren gainean oraindik dagoen isiltasuna ikusaraztea eta apurtzea». Ezaugarri horiek dituen Gipuzkoako bigarren memoria gunea izango da, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako laugarrena; Hernanin, Derion eta Gasteizen daude besteak.
Espazio fisikoa izateaz harago «sinbolikoa» ere bada: «Amek, aitek, neba-arrebek eta beste maite batzuek beren samina askatasunez adierazteko eta goizegi abiatu zirenen oroimena bizirik mantentzeko babesleku gisa pentsatuta dago. Aldi berean, topaleku eta hausnarketarako gune bihurtzen da, estigma edo gizarte-ulermen gabezia dela-eta askotan bakardadean bizi den errealitatea aldarrikatzeko».
Narratiba aldatu nahi dute, eta bide horretan urrats bat izango da, «kontzientzia sortuz, laguntza emozionala sustatuz eta elkarrizketa kolektiboa sustatuz».