Kablearen garrantzia gogoan
Xabier Eskisabelek, aireko kablearen historiari buruzko panel-erakusketa aurkeztu du. Erakusketan, XX. mendean baserriko eta basoko garraio lanak erraztu zituen teknologia aurrerakoian sakondu du.

Jakina da aireko kableak egundoko garrantzia izan zuela urte askoan Ataunen, eta hori omentzeko asmoz, Kablearen Eguna ospatu dute herrian, beste urte batez. Ataungo hiru auzoetan txandaka egin izan da ekitaldia, eta aurten, Aiari egokitu zaio ospakizuna hartzea. Egun osorako egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Hasteko, 11:00etan herriko produktuen erakusketa egin dute. Eguerdi aldean, herriko artzainen gazta-dastaketa izan da, eta 14:00etan, berriz, bazkari herrikoia, Haitzarri elkartean.
Eskisabelen lanari aipua
Eguneko ekintza nabarmenen artean, Bixente Eskisabel kablelariaren bizitzari buruzko dokumental laburra eskaini da. Honek, egurra eta belarra garraiatzeko kableak muntatzen zituen, beste inor edo ezer iritsi ezin zen parajeetatik; 14 edo 15 kilometro luzeko sistemak izaten ziren. Jarraian, Lourdes Altuna idazleak Ataungo kableen lanari buruzko azalpenak eman ditu. Altunak kableen erabilera historikoari eta herriaren egunerokoan izan duten garrantziari buruzko ikuspegiaz hitz egin du.
11:45ean Bixente Eskisabelen bilobak, Xabier Eskisabelek, aireko kablearen historiari buruzko panel-erakusketa aurkeztu du. Erakusketan, XX. mendean baserriko eta basoko garraio lanak erraztu zituen teknologia aurrerakoian sakondu du. Ataungo baserrietan aireko kablea nola erabiltzen zen azaldu du, lanabes iraultzaile gisa; baita haren aitonaren bizitzaren ibilbidea egin ere; eta, azkenik, Erremendiako kablearen nondik norakoak azaldu ditu.
























