‘Puzzlea osatu arte’ ekitaldia egin dute Ordizian
Etxerako bidea egiteko duten 57 presoen eskubideak aldarrikatu dituzte, baita Idoia Mendizabal Mujika presoaren egoera salatu ere.

Sare Herritarrak taldeak ‘Puzzlea osatu arte’ eskualdeko ekitaldia egin du Ordizian, eta herriko Idoia Mendizabal Mujika presoaren egoera salatu dute. Ordiziako Plaza Nagusian elkartu dira 12:30ean herri desberdinetako kideak. Itsasondotik, Lazkaotik eta Beasaindik, esaterako, oinez joateko hitzordua antolatu due 11:30ean. Jende ugari bildu da euskal presoen etxeratze prozesuaren puzzlea osatzea exijitzeko. Poteo musika egin ondoren, herri bazkaria egin dute plazan, 14:30etik aurrera. Bazkalostean, DJ-ak eta 17:30ean, ekitaldia egin dituzte.
Asteburu osorako egitaraua
Hain zuzen, Sare Herritarrak plataformak bi eguneko ekitaldi bat prestatu du astebururako. Atzo hasi zen Lesakan (Nafarroa), eta gaur Iruñean bukatu da, hainbat herritan geldialdiak eginez; horien artean, Ordizian. Taldearen esanetan, gero eta gehiago dira «espetxe ibilbidean aurrera egin eta zigorra erregimen irekian» betetzen ari diren euskal presoak, 100.2 artikuluaren edo hirugarrengo graduaren bitartez. Baina, PPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 58 preso, erdiak inguru, erregimen itxian daudela diote. Horien artean dago Idoia Mendizabal ordiziarra. 20 urte daramatza kartzelan; gaur egun, Zaballako (Araba) kartzelan dago. Sarekoen arabera, «legeak hala aitortzen duelako», Mendizabal ordiziarrak «aspalditik hirugarren graduan egon beharko luke, baina ez da horrela. Kalera ateratzeko bi baimen izan ditu Idoiak, baina horretan gelditzen da. Orain berriz uztailera arte zain egon beharko du beste baimen bat lortu arte».
Horrela, Sarek preso hauen errealitatea hizpidera ekarri nahi izan du asteburuan, eta auzia puzzle baten moduan irudikatuta, hura osatzeko falta diren piezak jartzeko eskatuko du herri desberdinetan.






















