Pintura lan onenak aukeratzeko lehiaketa larunbatean da
Maiatzaren 24an jokatuko da Idiazabalen Aire zabaleko 5. pintura lehiaketa. Helduak, gazteak eta haurrak hiru kategoriatan banatuta hartuko dute parte. Obra guztiekin erakusketa irekiko dute gero, udaletxean.

Larunbat honetan, maiatzak 24 jokatuko da Idiazabalen, Aire zabaleko 5. pintura lehiaketa. Aurreko edizio guztietan bezala, adinaren arabera banatuta, hiru kategoriatan parte hartu ahal izango dute margolariek.
A kategorian arituko dira helduak, (2009urtean edo aurretik jaiotakoak); B kategorian gazteak (2010, 2011 eta 2012an jaiotakoak) eta D kategorian haurrak (2013 eta 2016 urteen artean jaiotakoak). Maila guztietan izango dira sariak, lehendabiziko hiru lan onenak sarituko dituzte; helduen mailan lehendabiziko saria 800 eurokoa izango da eta herriko lan onenak ere saria izango du, 300 euro.
Teknika librea
Teknika librea izango da eta parte hartzaile bakoitzak bere materiala eraman beharko du. Izen ematea eta materialen zigilatzea udaletxean egingo dute, 9:00etan helduek eta lanak 14:30erako entregatu beharko dira. Haurren izen ematea hasiera batean 10:00etarako aurreikusita bazegoen ere, azken orduko aldaketa iragarri dute antolatzaileek. Eskola kirola saioak direla eta haurren lehiaketa arratsaldera pasatu dute; 15:00etan izango da izen ematea kasu honetan. Epaimahaia kultura, euskara eta kultur ondarea batzordeko eta arte munduko kideek osatuko dute. Epaimahaiak lanen originaltasuna, kalitatea, diseinua eta zailtasun maila baloratuko ditu.
Epaimahaiak arratsaldean jakinaraziko ditu irabazleen izenak. Helduen mailan sari banaketa 18:00etan egingo dute udaletxean, larunbatean bertan. Behin lehiaketa amaituta, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa irekiko dute udaletxean, maiatzaren 26tik ekainaren 8ra bitartean.