‘Arestian, egun...’ emanaldia Itsasoko Euskaraldian
Aitor Furundarena, Andoni Salamero eta Andoni Egañak ondutako ikuskizuna da, Gabriel Aresti protagonista duela. Artista bakoitzak bere modura berrinterpretatuko du Arestiren figura eta lana.

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975) idazle eta poetaren inguruko ikuskizuna da Arestian, egun…!. Aitor Furundarena akordeoi jole ordiziarrak, Andoni Salamero olerkari zumarragarrak eta Andoni Egaña bertsolariak ondutakoa. Larunbatean, Itsason ikusteko aukera izango da, 19:00etan Ganbara aretoan.
Proiektu “berria eta eraldatzailea” da. Arestik bizi izan zuen garai zail hura bere olerkien bidez adierazteaz gain, hura hunkiarazi zuten gaiak —euskara, justizia, kultura, egia, klase sozialen bereizketa, euskararen batasuna…— egun bizi dugun egoerarekin konparatzea eta hori plazaratzea dira saioaren helburuak. Oskorrik eta beste sortzaileek musikatutako abestiak baliatuko dituzte ekitaldia girotzeko, eta Aitor Furundarena soinu-jotzaileak garai hartako eta egungo doinuen arteko fusio berezia egingo du. Sortzaile bakoitzak Aresti berrinterpretatuko du, bakoitzak egokien menperatzen duen esparrutik.
Aitor Furundarena Usabiaga (Ordizia, 1970). Akordeoilari, musikagile eta irakasle. Euskal Herrian, Parisen eta Kopenhagen ikasia (guztietan, akordeoia eta konposizioa). Interpretazioan, nazioarteko hainbat akordeoi lehiaketatan saritua, orkestrekin, ganbera musikan, bakarka eta talde ugarirekin aritu izan da eta hainbat eta hainbat grabaketa argitaratu ditu, bere proiektuekin nahiz kolaborazioekin. Euskal Herriko Akordeoi erreferente nagusietako bat da. Sorkuntzan, musika garaikidea eta herri musikaz gain, telebista, antzerki eta zinemarako konposatu izan du. Sariak jaso ditu, aipagarriena 2021ean, Deabru Beltzak konpainiarekin MAX Saria irabazi zuenean, Sympheuny obrarekin. Irakasle aritu izan da, tartean SMUC eta Musikenen (Katalunia eta Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentruak), gradu eta graduondokoak.
Andoni Salamero Alberdi (Zumarraga, 1966). Euskal Filologian lizentziatua. Olerkaria. Bioberatasun tailerretako gidaria da eta agur-omenaldiak antolatzen dihardu, esatari gisa. Bere olerkiak adierazpide desberdinetan agertu izan ditu, moda, pintura zein abesbatzei hitzak egokituz. CD desberdinak atera ditu sortzaile desberdinekin batera: Joxan Artze, Laja eta Mikel, Juan Mari Beltran, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Potx eta Lotx pailazoak, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa. Egun, emanaldi desberdinetan dihardu Peio Ospital, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Andoni Egaña, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, David Azurza, Urbil Artola, Aitor Mendiluze, Garazi Etxaburu eta bestelako sortzaileekin batera.
Andoni Egaña Makazaga. Zarautz, 1961. Bertsolaria. Lau aldiz Euskal Herriko txapeldun, 1993, 1997, 2001 eta 2005 urteetan. Beste hiru aldiz finalista, 1986, 1989 eta 2009 urteetan. Idazlea —saiakera, eleberria, haur literatura—, bertsolaritzaren inguruko ikertzailea, telebistako gidoilari eta prentsa idatziko zein irratiko zutabegile eta kolaboratzaile. Hamazazpi urte zituela, 1978an, irakurri zuen lehen aldiz Gabriel Aresti literatura irakasleak aholkaturik.