Hirugarren sektoreari zuzendutako laguntzen gida plazaratu du Udalak
Eskuorri bat banatu dute laguntzen informazioarekin.

Beasaingo Udalak merkatariei, ostalariei eta tokiko zerbitzuetako profesionalei zuzendutako informazio-kanpaina berri bat abiatu du, sektore horietara zuzendutako diru-laguntzak ezagutzera emateko.
Ekimen horren barruan, Udalak azalpen-liburuxka bat banatu du udalerriko establezimendu guztietan. Bertan, eskuragarri dauden laguntzak azaltzen dira, bai tokiko erakundeak eskainitakoak, bai beste erakunde batzuek emandakoak, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Goiekik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lanbidek, Gizarte Segurantzak eta Merkataritzako Bulego Teknikoak.
Udalak diruz lagun ditzakeen ekintzen artean ekipamenduak berritzea, lokalak erostea edo alokatzeko laguntzak, edo teknologia digitalak txertatzea. Bestalde, udalaz gaindiko laguntza-ildoei dagokienez, establezimenduak modernizatzearekin, ekintzailetzarekin eta lehiakortasuna hobetzearekin lotutakoak daude.
Sektorea suspertzea
Ekimen hau Beasaingo Merkataritza Suspertzeko Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da: «Merkataritza txikia eta ostalaritza funtsezko osagaiak dira herriko eguneroko bizitzan; enplegua sortzen dute, tokiko ekonomia biziberritzen dute eta kohesio soziala sendotzen laguntzen dute». Hori dela eta, udalak sektoreari egokitzeko eta indartzeko beharrezko tresnak eskaintzen jarraitzen du.
Interesa dutenek informazio osoa esku-orrian aurki dezakete, edo udalaren herritarrentzako informazio eta arreta bulegoan, Igunean. Baita 943 02 80 50 telefono zenbakira deituta ere.