Industria taupadak: industria turismoa barrutik ezagutzeko
Laugarren urtez antolatu du Urola Garai Turismoak. Jardunaldiak Ezkio, Urretxun, Zumarragan eta Legazpin dira. Bailarako iragan eta orain industriala ezagutzeko aukera emango dute.

Industria taupadak. Ezagutu industria turismoa barrutik ekitaldia antolatu dute asteburu honetarako Urola Garaia Turismoak. Ekimenaren laugarren aldia da eta larunbatean eta igandean burutuko da Goierri Garaiko lau herritan. Bertakoek zein bisitan joaten direnek «Ezkio, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko iragan eta orainaldi industriala» ezagutzeko aukera izango dute ekimenen honen bitartez.
Antolatutako jarduerak askotarikoak dira —bisita gidatuak, tailerrak…— eta doakoak izango dira. Publiko zabal bati zuzendutako jardunaldiak dira «familietatik hasi eta turismo industrialean interesa duen edonorentzako», diote.
Garai bateko industriaz
Jardunaldien barruan, Ezkioko Igartubeiti baserrian «lehenengo sagardo fabrika» ezagutzeko aukera izango da. Bisita gidatua eskainiko dute larunbatean —11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz— «dolare baserrietako bizimodua» erakusteko. Gazta eta sagardo dastaketa batekin amaituko dute jardunaldia. Legazpin 50. hamarkadako eskola eta langileen etxebizitzak ezagutzeko beste bisita gidatu bat egongo da egun berean —11:00etan, gazteleraz—. «Etorkizun hobe baten bila zetozen familien bizimodua» ezagutzera ematea du helburu ibilbideak. Larunbaterako antolatutako jarduerekin amaitzeko, familia plana antolatu dute arratsaldean (16:30) Igartubeitin. Sortu zure saskia familian 5 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago; «baserrietan zumeak eta saskigintzak izan zuen garrantziaz eta eskualdeko industrian izan duen garrantziaz» hausnartuko dute. Parte hartzaileek Aspacek egindako materialekin saski bat sortzeko aukera izango dute.
Igandean, Legazpiko Mirandaola burdinola martxan ikusteko aukera izango da —11:00etan euskaraz eta 12:30ean gazteleraz—. Amaiera gastronomikoa izango du ola-pintxoaren dastaketarekin. Legazpin bertan, Txillida lantokia eta fabrika ikusteko bisita gidatua ere izango da —11:00etan, gazteleraz—. Familiei zuzendutako Txillida arte tailerra familian saioa ere izango da 12:30ean, euskaraz. «Material sinpleen eta oinarrizko formen bidez konposizioak sortzeko aukera izango da, Txillidak espazioa nola ulertzen zuen erakusteko».
Mineralak eta 2D trena
Urretxuko Urrelur mineral eta fosilen museoan bisita gidatua ere eskainiko du Javier Aguado adituak (12:00etan, gaztelaniaz). Zumarragako Antioko interpretazio zentroan, berriz, Hama kontuak erabiliz bi dimentsiotako trena eraikitzeko saioa eskainiko dute —11:00etan, euskaraz—. «Lokomotor baten zatiak nolakoak diren azalduko da, gero, sormena erabiliz nola irudikatu ikasteko». Saio hau 6 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago.