ALBISTEA. Zegama, egun handirako prest
Trail-running munduaren erreferente eta topaleku bihurtuko da beste behin Zegama. Kirol arloan ez dago berritasunik, bai ordea mugikortasunean. Zerbitzu publikoa errespetatzeko eta ingurumena zaintzeko deia egin dute.

Gero eta gutxiago falta da Zegamaren asteburu handirako. Ostiralean jokatuko da XI. Kilometro Bertikala, eta igandean 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta XIV. Junior Traila. Astelehenean egin zuten probaren aurkezpena Donostian.
Hiru probak batuta, 883 mendi lasterkari ariko dira lehian, hogei bat herrialdetakoak. Herena baino zerbait gutxixeago (%28) gipuzkoarra izango da. «Nazioartekoa dela esaten dugu, baina geureei ere lekua egiten diegu» nabarmendu du Maialen Arizkorreta Zegama-Aizkorriren antolakuntza taldeko kideak.
Emakumezkoen partaidetza kopurua ere hazten ari da, juniorrean (%2,5) eta bertikalean (%4) batez ere. Antolatzaileek keinu egin diote errealitate horri, eta maratoiko lehen hogei dortsalak, bertikaleko lehen 55ak eta juniorreko 4.etik 35.era artekoak emakumezkoei erreserbatu dizkiete.
Gipuzkoa munduko mapan
Goizane Alvarez Kirol diputatuak partaidetza datu horiek goresteaz gain, aparteko balioa eman dio herritik sortutako eta herriak antolatutako proba bat izateari: «Gure herri txikiek nazioarteko mailako erronka potoloei erantzuteko duten gaitasuna goraipatu nahi dut. Gipuzkoa munduan jartzen du. Erakusleiho bat da munduan». Frantziako, Italiako, Poloniako, Norvegiako, Errusiako edota Txinako korrikalariak izango dira, besteak beste, Zegaman, baita Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko lasterkari ugari ere.
«Norabide berdeagoa»
Lurraldebusek astebururako jarri duen autobus zerbitzu bereziaren berri eman du Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak. Zaldibia eta Zegama lotuko ditu, eta Ordizian, Beasainen, Olaberrian, Idiazabalen eta Seguran egingo ditu geldialdiak. GOIERRIKO HITZAren webgunean kontsulta daiteke ordutegia.
«Aurtengo edizioko berrikuntza nagusia trafiko araudiaren betekizuna da». Iker Zubeldia alkateak nabarmendu du Zegama bezalako herri batean horrelako proba bat antolatzeak «naturarekiko talka» sortzen duela. «Ingurugiroa errespetatu egin behar dugu; 24 urte dauzka probak, eta zalegoa hezi egin behar dugu ikusita kirol honek ze eragin daukan. Probari norabide berdeagoa eman nahi izan diogu».
Alkateak bisitariei «lasai hartzeko eta zerbitzu publikoa erabiltzeko» deia egin die. Trafiko oharrei buruzko informazioa, gehigarri honen 14. orrian.