ERREPORTAJEA. Zegama, Zegama da, edo gehiago?
‘Zegama-Aizkorri: identitatea eta grina’ ikerketa lana aurkeztuko dute gaur arratsaldean Zegaman. Deustuko Unibertsitateko Deusto Sport and Society ikerlan taldeak egin du.

«Zegama, Zegama da. Baina ni ere Zegama naiz. Atleta bezala formatu nau eta nire ibilbidea ezin da ulertu Zegama gabe», zioen iaz Kilian Jornetek, Zegama-Aizkorri mendi lasterketan bere hamaikagarren garaipena lortu berritan. Eta Zegama, Zegama izango da berriz asteburu honetan ere. Baina zer da benetan Zegama-Aizkorri? Zer dago munduko mendi lasterketa ikoniko eta maitatuenetakoa den honen atzean? Zerk egiten du berezi? Bada, galdera horiei erantzunak aurkitzeko asmoz, Zegama-Aizkorri: identitatea eta grina izeneko ikerketa lana egin du Deustu Unibertsitateko Deusto Sport and Society ikerlan taldeak. Ikerketak «emaitza interesgarriak» utzi dituela aurreratu dute, eta gaur 18:30ean egingo diete aurkezpena zegamarrei, Aitxuri herri eskolako gimnasioan.
Deusto Sport and Societyko Maite Aurrekoetxea eta Itziar Urkijo irakasle eta ikertzaileak eta Kataluniako INEFC-eko —Kataluniako Kirol Heziketako Insititutua— Saul Alcaraz ikertzailea dira lanaren egileak. «Zegama, Zegama da horren atzetik zer dagoen jakin nahi genuen», kontatu du Urkijok. Hortik abiatuta «ikerketa kualitatibo eta kuantitatibo» bat egin dute: «On line galdetegi bat zabaldu genuen sare sozialetan».
Galdetegia zabaltzerako orduan Zegama-Aizkorri mendi maratoiko antolakuntzaren laguntza izan dute, «antolakuntzaren laguntza ezinbestekoa izan da; haien laguntzarik gabe ez genuen lortuko horrenbeste jenderengana iristea», dio. 300dik gora pertsonek erantzun dute galdetegia, «noizbait korrika parte hartu dutenek, baina baita parte hartu ez baina mendi lasterketa ezagutzen dutenek ere. Erantzun zutenetako askok ez dute mendian korrikarik ere egiten. Garbi dago Zegama-Aizkorri mendi lasterketatik harago doan kontu bat dela».
«Jendeak gehien baloratzen duena ez da lasterketa bera, egiteak suposatzen duen esperientzia baizik»
«Jendeak asko baloratzen du antolakuntzaren gardentasuna, naturaltasuna eta euskal kulturarekin eta tokiko nortasunarekin daukan lotura»
Itziar Urkijo. Deustuko Unibertsitateko ikertzailea
Behin jasotako erantzun guztiak aztertuta, Zegama-Aizkorri definitzerako orduan «hiru elementu nagusi» identifikatu dituzte beste zazpi azpi-elementurekin batera. Guztiaren gainetik, Zegama-Aizkorri «esperientzia emozional» bat delako ideia nabarmendu da: «Jendeak gehien baloratzen duena ez da lasterketa bera, egiteak suposatzen duen esperientzia baizik». Zaletuak eta sortzen den giroa ere nabarmendu dituzte.
Zaletuak eta antolakuntza
Ingurune naturala ere baloratu dute, «paraje naturala eta Aizkorriren edertasuna batetik, baina baita euskal kulturarekin duen lotura, mistizismoa ere». Horrekin lotuta, suposatzen duen erronka fisikoa ere aipatu dute askok, «korrikalariek baloratzen zuten beren gaitasunak muturrera eramateko paraje ezin hobea dela».
Amaitzeko, antolakuntza azpimarratu dute, «ez gara ari bakarrik antolakuntza ofizialaz. Baita horren atzetik dagoen boluntarioen mugimenduaz ere. Jendeak asko baloratzen du antolakuntzaren gardentasuna, naturaltasuna eta euskal kulturarekin eta tokiko nortasunarekin daukan lotura», zerrendatu ditu Urquijok.
Orain bi hilabete aurkeztu zizkieten emaitzak antolakuntzako kideei Zegaman, «oso eskertuta daude». Antolakuntzari ere «zaila» egiten zitzaion sarri Zegama-Aizkorri zer den hitzez azaltzea, «orain ikerketa zientifiko baten bitartez jaso dute zer suposatzen duen Zegaman eta zergatik den horren berezia horrenbeste pertsonentzako». Gaur emaitza zegamarrei aurkezteko gogoz dago Urquijo, «kuriositatea daukat zegamarrak guk aipatutakoekin identifikatuta sentitzen diren edo ez jakiteko».
Igandean Zegaman
Igande honetan Zegaman izango da Urkijo, «urteak daramatzat joaten, baina aurten are bereziagoa izango da». Irakaslea eta ikertzailea izateaz gain, kirol psikologoa ere bada Urquijo eta Zegama-Aizkorrin parte hartu duten korrikalari askorekin egin du lan. Dioenez, kirolarekin lotzen gaituena ez da kirola bera, «kirolaren inguruan sortzen den gainontzeko guztia da, prozesu emozional bat da eta Zegama are gehiago. Emozioarekin lotutako esperientzia sinboliko bat da Zegama», amaitu du.