Zinema ziklo berria izango dute lazkaotarrek Maizpiden
Atzo hasi zen eta ekainaren 11ra arte iraungo du.

Zinema ziklo berria martxan jarri zuten atzo Maizpideko zinema aretoan, eta ekainaren 11ra bitarte, jarduera berri batez gozatzeko aukera izango dute zinemazaleek, edonorentzat irekia izango dena. Zikloak lau film ekarriko ditu, eta guztiak 20:45ean proiektatuko dira, egun desberdinetan.
Jatorrizko hizkuntzetan
Aurrenekoa, atzo izan zen, Charlotte Wells-ek zuzenduriko Aftersun film britaniarra eskainita. Hurrengoa, berriz, maiatzaren 28an izango da, asteazkena, eta Un Monde film belgikarra ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek. Laura Wandelek zuzentzen duen lana da, eta haurren begiradatik eskolako indarkeriaren inguruan egiten den azterketa eskaintzen du, ikuslea emozionalki astinduta.
Zikloaren hirugarren saioa ekainaren 4an izango da, Arthur Rambo film frantsesa eskainita. Laurent Cantet zinemagile ospetsuak sare sozialen mundua, identitate aniztasuna eta iraganaren pisua jorratzen ditu lan honetan.
Azkenik, laugarrena, zikloari amaiera emateko, ekainaren 11n izango da; Les Pires filma proiektatuko dute. Lise Akoka eta Romane Gueret zuzendariek auzo marjinal batean egiten ari diren filma baten casting prozesua kontatzen dute, fikzioa eta errealitatea nahasten dituen narrazioan. Denak ala denak, jatorrizko hizkuntzetan proiektatuko dira, baina euskarazko azpitituluekin.