Elikagai bankuaren janari bilketan parte hartzeko deia

Gipuzkoako Elikagai Bankuak asteburu honetarako deitu duen janari bilketarekin bat egin dute Goierriko hainbat supermerkatuk. Urteko bilketa handia azaroaren bukaeran egiten bada ere, urte sasoi honetan beste bat egin ohi da. Bankuaren janari biltegia hustu samar dagoela adierazi dute arduradunek eta aurten, bereziki, “premia handia” dagoela nabarmendu dute. Hala, Goierriko Elikagai Bankuetako ordezkariek ekarpena egitera animatu dituzte goierritarrak.
Gainera, bilketan lagundu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Hiruzpalau orduko txandak bete behar dira laguntzaile moduan. Parte hartzeko 943187308 telefonora deitu daiteke. Izen ematea ahal dela, osteguna baino lehen egitea eskatu dute.