ELKARRIZKETA. «Nire hizkuntza eta hezkuntza konpetizioa izan da txikitatik»
Kilometro Bertikalean lehenengo goierritarra izan zen iaz Josu Urrestarazu idiazabaldarra. Aurtengoan ere parte hartzekoa da. Erronka bikoitza izango du, maratoian ere parte hartzekoa baita.

Zegama-Aizkorrirekin lotura 2019an hasi zuen Josu Urrestarazuk (Idiazabal, 1994), Kilometro Bertikala lehenengoz korritu zuenean. Orduan hasiberria zen mendian korritzen. Zegama-Aizkorriren festan murgiltzen hasi zen horrela. Ordutik lau bertikal egin ditu, eta mendian sendotasun gehiagorekin ibiltzen hasi zenean, maratoiko aukera tokatu eta ez zion ezetz esan.
Kilometro Bertikala eta maratoia egingo dituzu aurten ere...
Bai, azken bi urteetako planteamendua izan da. Arintasuna eta intentsitatea gustuko ditudanez, Kilometro Bertikalaren intentsitatea aprobetxatu nahi dut lasterketa hau bosgarrenez lehiatu eta ahal dudan onena emateko. Eta maratoiari dagokionean, denbora eta postu bat lehiatu beharrean, asmoa lasterketa indartsu eta sendo bat egitea izango da, hartara denbora jakin bat lortuz hurrengo edizioetarako dortsala bermatzeko.
Bietatik zein da erronka handiagoa?
Bertikala da erabat agonikoa. Egunean bertan gorputzarekin konektatzeko arintasuna, soltura eta inspirazioa eduki behar dira. Eta maratoia, aldiz, beste gauza batzuk kudeatu beharreko zerbait da; erritmoa, nutrizioa, burua… Muturreko esfortzuak dira, eta handiak, biak ala biak.
Nola ari zara entrenamenduen planifikazioari dagokionez?
Aurtengoa desberdin ari naiz, iazko denboraldiko erresaka otsail partean etorri zitzaidalako. Anemiarekin egon naiz, beraz, bi hilabetez aktibo mantendu naiz, eta balioak egoki jartzeko nutrizioa indartu dut. Eta apirilean, behin anemia gaindituta, hasi naiz sentsazioak berreskuratzen, baina prestaketa ez da izan nik nahi bezalakoa izan aurten.
Eta zer moduz zaude mentalki?
Anemiarekin jarraituz gero, urte guztia galtzeko beldur nintzen. Beraz, lasai hartu dut eta sentsazio on bakoitza baloratzen ari naiz orain. Puntu ona hartuko dudala, ilusio horrekin nago.
«Oraintxe Zegamaren magia horretaz hitz egiten oilo ipurdia jartzen zait»
Zer da zuretzat Zegama-Aizkorri bezalako proba hain enblematikoan parte hartzea?
Dortsal bat lortzea garesti dago, beraz, bertan parte hartzea da pribilegio bat. Inguruan jendeak parte hartzeko zer gogo duen ikusita, eta ni bertan izango naizela jakitea, amets bat eta bere distira galtzen ez duen oparia da. Ahal dudan bitartean nire urteroko hitzordu kuttuna izatea nahi dut.
Askok aipatzen dute Zegama-Aizkorriren magia. Zer dauka lasterketa honek horren berezia izateko?
Oraintxe magia horretaz hitz egiten oilo-ipurdia jartzen zait. Jendea, ibilbidea, bizipenak… Hori sentitzeak bereizgarri egiten du.
Aurreko edizioetako oroitzapen bana?
Sancti Spirituko igoerako animoen burrunba hori ez dela bukatzen, beste lasterketa batzuetan ez bezala. Esker oneko jasotzen dut. Esposizio hori bizitzea itzela da niretzat.
Eta une gogor bat, Kilometro Bertikalean lehen unetik sentsazio gozo horiek aurkitu ez, eta goraino agonizatu behar izan nuenean, denbora luzez, behin eta berriz neure buruari galdetuz «zer demonio ari naiz hemen…?».
«Motibazioa arin, indartsu eta osasuntsu sentitzea da, azkar ez ezik, urte askoan korrika egitea saiatzea»
Zerk motibatzen zaitu lasterketaz lasterketa hobetzera?
Nire hizkuntza eta hezkuntza konpetizioa da. Umetatik egin ditut kirol desberdinak. Gero 10 urte pasa nituen txirrindularitzan elite kategoriara arte, eta utzi eta segituan, dortsala jartzeko txokoa mendian bilatu nuen.
Eta orduan, errendimenduari begira, beti egon dira bi indar: nire burua hobetzeko nahia, eta nire ongizatearekiko konpromisoa. Motibazioa arin, indartsu eta osasuntsu sentitzea da, azkar ez ezik, urte askoan korrika egitea saiatuz.
Zuretzako erreferente den lasterkariren bat aipatzerik bai?
Topikoa da Kilian Jornet esatea, baina geroz eta erreferente gehiago ditut Idiazabalen bertan, edo inguruan. Kirolari profesionalak horretara daude ehuneko ehunean. Eta hori zaila bada ere, trail munduan oraindik ez delako diru askorik mugitzen, badaude horretara bakarrik daudenak. Baina, modu popularrean, ingurura begiratu eta beraien denbora gutxi hori sakrifikatzen duten guraso, langile… daudela ikustean, hor topatzen ditut geroz eta erreferente gehiago. Nire testuingurua ere hori den heinean, ni ez bainaiz atleta profesionala. Horregatik, geroz eta gehiago begiratzen ditut 30, 40 edo 50 urterekin oraindik pasioz korrika egiteko sakrifizioa egiten duten haiek.
«Geroz eta gehiago begiratzen ditut 30, 40 edo 50 urterekin oraindik pasioz korrika egiteko sakrifizioa egiten duten haiek»
Nola uztartzen dituzu bizitza pertsonala eta horrelako lasterketen exijentzia maila?
Oraingoz eta zorionez, nire lanetik kanpo dudan denbora libre guztia konpromisorik gabe daukat, beraz testuinguru errazagoa dut. Baina hala ere, nire denbora guztia ez doa kirolera. 10-12 ordu entrenatzen ditut astean. Guztiarekin oreka bat bilatzen ahalegintzen naiz, beste mila gauza baitaude egin eta bizitzeko.
Zure hurrengo erronkak Zegama eta gero?
Tolosaldeko 2 Tontorrak izango da hurrengoa, eta uztailean, Comapedrosa Sky Race-n izango naiz. Udazkenean, berriz, mendi duatloi denboraldian zentratu nahiko nuke, nire Behobia-SS maitea ere 13. aldiz eginez.