INFORMAZIO PRAKTIKOA. Trafiko oharrak eta autobus zerbitzuak
Larunbatean hiru eta igandean bost autobus ibiliko dira Intxausti industrialdetik herrira. Zegama eta Altsasu arteko bidean aparkatzeko eskatu diote N-1etik doan jendeari. Parke Naturalera ibilgailuz ez sartzeko neurriak areagotu dituzte, eta autobus zerbitzua indartu.

Zegama-Aizkorri mendi maratoia aurrera eramateko, ezinbestekoa da trafikoaren antolaketa, egokitzapena eta aldaketa. Iker Zubeldia Zegamako alkateak azaldu duenez, aurten iazko ordutegiak «egokitu» dituzte, eta «zerbitzua areagotu». Berrikuntza batzuk ezarri dituzte trafikoari dagokionez, baita debeku batzuk ere.
Berrikuntzetako bat da Otsaurtetik gora pasatu ahal izateko ordutegien moldaketa. Gaur eta bihar Otsaurteko eta Urdalurgo urtegiko sarrerak itxi egingo dituzte 19:00etatik 07:00ak bitarte. «Helburua da inor ez gelditzea Parke Naturalaren barruan akanpatuta. Bigilatu egingo da eta isunak jarriko dituzte», azaldu du Zubeldiak.
Iaz «egundoko desfasea» izan zutelako ezarri dute neurri hori: «Autokarabana mordo bat igo zen eta egokituta ez zeuden eremuetan aparkatu zuten. Hori galarazita dago eta patronatutik esan zuten ez dela posible; hori ekiditeko neurri bat hori da».
«Autokarabana mordo bat igo zen eta egokituta ez zeuden eremuetan aparkatu zuten. Hori galarazita dago eta patronatutik esan zuten ez dela posible»
Iker Zubeldia. Zegamako alkatea
Beste aldaketa bat da igandean N-1etik datorren jendeari eskatuko zaiola Zegama eta Altsasu arteko bidean aparkatzea. «Hori oso garrantzitsua da: batik bat karabana eta furgonetak dituztenek aparkatu dezatela Altsasuko bidean, eta hortik etengabe egongo dira bi autobus, igandean 06:00etatik hasita».
Iazkoa egokituta
Horiek dira egin dituzten aldaketa nagusiak trafikoari dagokionez. Horrez gain, iaz egindako gauza batzuk egokitu dituzte. Larunbatean, 14:00etatik hasita, hiru autobus ibiliko dira bueltaka industrialdetik herriraino joateko.
Igandean, berriz, bi autobus handi egongo dira herritik apeaderoko bideraino jendea eramaten, eta 06:00etatik hasita, industrialdean bost autobus egongo dira jendea herrira eramateko.
Lankidetza eskatu du antolakuntzak trafikoak sortzen dituen arazoak ahalik eta txikienak izan daitezen.
TRAFIKO OHARRAK
ASTEAN ZEHAR
- Maiatzaren 19tik 22ra. Astelehenetik ostegunera, Partzoneriko sarbideak (Otsaurtetik eta Urdalur aldetik) itxita egongo dira iluntzeko 19:00etatik goizeko 07:00ak arte.
ASTEBURUA OSOAN ZEHAR
- Maiatzaren 23tik 25era. Kotxeak garajean sartzea eskatzen da.
- Otsaurtetik eta Urdalurgo bidetik Aldaolara joateko bidea itxita egongo da ibilgailuentzat maiatzaren 23ko iluntzeko 19:00etatik (ostirala) maiatzaren 25eko goizeko 06:00ak arte (igandea).
OSTIRALA. MAIATZAK 23
- Apeaderoko bidea itxita egongo da eguerdiko 12:00etatik aurrera, baimenduentzat izan ezik.
- Eguerdiko 14:00etatik aurrera eta Kilometro Bertikaleko proba bukatu arte, lineako autobusak farmazia aurrean buelta hartuko du, geltokia bertan izanaz.
LARUNBATA. MAIATZAK 24
- Lineako autobusak egun osoan zehar farmazia aurrean hartuko du buelta, beraz, geltokia bertan egongo da.
IGANDEA. MAIATZAK 25
- Ugarte-Zelai kaleak norabide bakarra izango du, Otsaurteranzko norabidea.
- Zegama herri barruan dauden ibilgailuek Otsaurtera joateko norabidean, errepidea irekita izango dute 10:30 arte. Ordu horretatik aurrera itxita egongo da. Aldiz, Zegamara kanpotik datozenek ezin izango dute Zegama zeharkatu goizeko 06:30etik itxita egongo baita bidea Intxaustin. Hauek, San Adrian-Sancti Spiritun lasterketa ikusi nahi badute, Etzegarate/Otsaurtetik joan beharko dute.
- Otsaurte gainean, Otsaurte-Zegama norabidean errepidea itxita egongo da goizeko 06:30etik 14:00ak arte, baimenduentzat izan ezik. Honela, trafikoa N-1etik (Idiazabal-Segura-Zegama) bideratuko da.
- Aurten ere trafikoaren antolaketa Ertzaintzak egingo du antolakuntzakoen laguntzarekin.
- Lineako autobusa hartu nahi dutenek, Intxaustiko industrialdera joan beharko dute, autobusak ezingo baitu herrian sartu. Zegamatik Intxaustira joateko edo Intxaustitik herrira etortzeko, jarri diren autobus txikiak erabili beharko dira. Autobus txikien zerbitzua goizeko 06:00etatik 19:00ak bitartean emango da etenik gabe. Autobusa hartzeko geltoki bakarra farmazi aurrean egongo da.
- Goizeko 06:00etan Apeaderora joateko autobus zerbitzua (Andraitz kaletik abiatuta) eskainiko da. Honenbestez, Amezti Mendi Elkarteko kideek gidatuta Sancti Spiritura joan ahal izango da.
- Ezingo da autokarabanaz Partzuergora sartu.