KILOMETRO BERTIKALA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Zegama-Aizkorri XI. Kilometro Bertikalen 249 kirolarik hartuko dute parte. Hamabi goierritarrak dira, hiru emakumezko eta bederatzi gizonezko. Edurne Arakistain legorretarra, Aner Arozena zumarragarra, Egoitz Rivas zegamarra eta Amaia Insausti olaberritarra daude partaideen artean.

Maratoiaren aurretik, lasterketa motz eta exijente bezain aldapatsuaren txanda izango da: Kilometro Bertikala. Hamaikagarrena izango da. Etzi, ostirala, 16:00etan aterako dira lasterkariak Iraule mendian gora egiteko. Eguraldiak laguntzen badu; izan ere, duela bi urte azken zatia aldatu behar izan zuten euriagatik. 249 lagunek dituzte dortsalak, 250 izanik antolakuntzak ezarritako muga. Iaz 322 izan ziren, Euskal Herriko txapelketa ere izan zelako Zegamako bertikala. 249 horien artean, hamabi goierritar aterako dira; hiru emakume eta bederatzi gizon.
EDURNE ARAKISTAIN (LEGORRETA)
«Aurten iazko markari eutsiko banio oso gustura geldituko nintzateke»
Hirugarren urtez jarraian aterako da Edurne Arakistain (Legorreta, 1967) Zegamako bertikalean. 2022an «penarekin» geratu zen, eguraldiagatik azkeneko zatia aldatu zutelako. Iaz, ohiko ibilbidearekin egin zuten: «Oso-oso polita, pasada bat». Aurten, ondo bidean, Iraulera igoko dira beste behin. «Duela bi urte ere asko disfrutatu nuen, lehenengo aldia zen gainera horrelako aldapa bat igotzen nuena, baina lehengo urtekoa oso polita izan zen».
Txindokikoa, Beriaingoa, Anbotokoa… aurten beste hainbat bertikal egin ditu, baita luzera ertainekoak ere: «Goierriko Kopako batzuk ere egin ditut. 20 eta 30 artekoak egiten ditut. Aurten, luzeena Donostia-Hondarribia izan da, gero Bealak Trail, Ordiziakoa, Nafarroan Galar Trail eta Higa Monreal…».
Aurtengo «luzeena eta gogorrena» Irati Trail izango du, ekainaren 7an, azken bozpasei urteetan egin duena. Baina aurrena, Zegamakoan ariko da, helburu zehatz batekin: «Lehengo urtean ilusioa zen orduaren azpitik egitea, eta lortu nuen (57:28 egin zuen), eta aurten horri eutsiko banio oso gustura geldituko nintzateke».
Beste erronka bat ere ezarri dio bere buruari, bi urte barrurako. 60 urte betetzen dituenerako Zegama-Aizkorri mendi maratoia egin nahiko luke: «60 urte betetzen ditudan urtean ea dortsala lortzen dudan, nire ilusioa da 2027an egitea».
ANER AROZENA (ZUMARRAGA)
«Bertikaletan nahiko txukun ibiltzen naiz, indarra badaukadalako»
Aner Arozenaren (Zumarraga, 2001) bigarren urtea izango da. Iaz 41:48ko denboran egin zuen. Txirrindularia da, eta iaztik mendi lasterketetan lehiatzen da. «Orain arte beti bizikletan ibili naiz eta afizionatu mailan konpetitzen lau urte egin ditut, gero lanean hasi nintzen eta denbora asko eskaini behar zaionez eta mendia ere gustatzen zitzaidanez, erabaki nuen mendian korrika ere hastea». Urte eta erdi darama mendian korrika egiten. Egun, kilometro bertikalak eta karrera motzak egiten ditu, txirrindularitza utzi gabe, hori baita gustatzen zaiona.
«Oraingoz motzak nahiago» ditu: «Ez nago guztiz adaptatuta korrika egitera, azkenean bizikletan ez daukazu inpakturik muskularki, eta korrika pasatzerakoan lesioak eta horregatik izaten dira gehienbat; kilometro bertikaletan goraka ez daukazu horrelako inpakturik eta onuragarriagoa da muskularki».
Iaz Korosti Traileko lasterketa motza irabazi zuen, baita Bertxin Xtreme proba ere, eta maiatzaren 11n Izazpiko igoera irabazi berri du. «Bertikaletan nahiko txukun ibiltzen naiz, indarra badaukadalako». Zegamakoan, lehengo urteko denborak jaistea izango du helburu.
EGOITZ RIVAS (ZEGAMA)
«Ahalik eta hobetoen egitea eta ondo bukatzea da helburua»
Lehenengo urtea izango da Egoitz Rivasentzat (Zegama, 2001) Kilometro Bertikalean. Aurten hasi da mendi lasterketetan. Zegamakoaren aurretik, Txindokikoa egin berri du pasa den astean. Beste lasterketa motz batzuk ere egin ditu aurten: Eibar Trail, Leharrei mendi lasterketa, eta irailean Canfrancekorako eman du izena.
Lehendabiziko urtea izanda, ez dauka helbururik marka eta denborei dagokienez: «Denborarik ez dut jarri, nahiko lanpetuta nabil azken asteotan eta entrenatzeko ere denbora askorik gabe nabil». Hala, gozatzea eta bukatzea izango da bere nahia: «Ahalik eta hobetoen egitea eta ondo bukatzen saiatzea, disfrutatzea eta listo».
AMAIA INSAUSTI (OLABERRIA-IDIAZABAL)
«Kristoren giroa egoten da herrian eta bertikal oso potentea da»
Iaz egin zuen lehen aldiz Zegamako bertikala Amaia Insaustik (Olaberria, 1971). Aurten, beraz, bigarrenez egingo du. Bi astetan, bi bertikal; pasa den asteburuan egin du Txindokikoa.
30 urtetik gora daramatza korrika egiten. Maratoi erdiak, maratoiak, finean proba luzeak egiten zituen lehen, asfaltoan. Duela 11 urte Axari Trailean estreinatu zen mendiko probetan. «Pixka bat engantxatu ninduen». Iaz, hainbeste urtetan korrika ibili ondoren, «erronka berri bezala» hartu zituen bertikalak. «Zegama kristoren esperientzia izan zen, kristoren giroa egoten da herrian eta bertikal oso potentea da; Txindokikoa eta Beriaingoa ere egin ditut eta gogorrak dira, baina Zegamak beste puntu bat dauka».
Ondo aurkitzen da. Egunak eskaintzen dizkion baldintzak gora-behera, «konfiantzarekin» dago iazko denbora onari (52:56) eusteko.