MENDI MARATOIA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Ainhoa Intxausti segurarrak, Janire Agirre ataundarrak, eta Andrei Ion Filip eta Xabi Barandiaran zegamarrek aurreneko aldiz parte hartuko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoian.

Goierritar askok parte hartu nahi izaten dute Zegama-Aizkorri maratoian. Izena ematen duten zegamarrek aukera dute parte hartzeko zozketan sartu gabe; gainontzeko herrietakoek, ordea, zozketan tokatzea itxaron behar dute, edo denbora eta marka onak egin izana mendi lasterketetan. Aurten parte hartuko duten goierritarrak 53 dira: sei emakume eta 47 gizon. Ainhoa Intxaustik, Andre Ioan Filipek, Xabi Barandiaranek eta Janire Agirrek lehen aldiz egingo dute.
AINHOA INTXAUSTI (SEGURA)
«Disfrutatzea eta sentsazio onekin bukatzea da helburua»
Ainhoa Intxaustiren (Segura, 1997) kasuan, ez zitzaion dortsalik tokatu zozketan, baina antolakuntzari idaztea erabaki zuen: «Esan nien ilusio berezia egiten zidala parte hartzea eta ea haiei interesatzen zitzaien ni bezalako profil bat izatea karreran, eta erantzuna baietz izan zen eta dortsala emango zidatela».
Iaz egin zuen bere lehenengo maratoia, Beasaingo Marimurumendi, alegia, eta parte hartu soilik ez, irabazi egin zuen, errekorra ezarrita. Orduan jabetu zen distantzia luzeak nahiago dituela: «Konturatu nintzen distantzia luzeak hobeak direla niretzat, gorputza kudeatzeko agian denbora gehiago daukazulako». Harrezkero distantzia luzeak zein motzak egin ditu. Euskal selekzioarekin egin duen azkenekoa ere maratoia izan zen, eta «gorputz onarekin» amaitu zuen.
Apirilean hiru lasterketa izan zituen, tartean Aloñako Igoera, eta «nekatuta» sumatzen den arren, gogotsu helduko dio Zegamakoari; «ea errekuperatzen naizen eta ahal dudan onena ematen dudan». Ahalik eta denborarik onena egin nahiko luke, baina «lehenik eta behin bukatzea» izango da bere helburua: «Disfrutatzea eta sentsazio onekin bukatzea».
ANDREI IOAN FILIP (ZEGAMA)
«Ama eta biok aterako gara, printzipioz, batera»
Mihaela Filip amarekin batera egingo du maratoia Andrei Ioan Filip zegamarrak (Errumania, 2002). Lehenengo aldia da bientzat. Lehen aldiek dakarten urduritasunarekin, erronka pertsonala izango da Andreirentzat: «Amarekin batera hasi nintzen entrenatzen, biok hasi ginen batera, eta nola zegamarrok aukera hori daukagun, pentsatu genuen aprobetxatu egin behar genuela».
Ebakuntza baten ondoren, medikuak kirola egiten hasteko esan zion, eta «poliki poliki mendira joaten eta korrika egiten hasi» ziren elkarrekin. «Biok aterako gara, printzipioz, batera; pareko gabiltza, eta saiatuko gara bakoitza bere erritmoan joaten eta bakoitzak dauzkan sentsazioekin jokatzen».
Bien helburua «behintzat ahalik eta hoberen» amaitzea izango da. «Gu ez goaz denbora egitera».
XABI BARANDIARAN (ZEGAMA)
«Txikitatik 18 urteak betetzeko zain egon naiz, eta aurten tokatzen da jada»
Gertutik bizi izan du Zegama-Aizkorri mendi maratoia Xabi Barandiaranek (Zegama, 2006) txikitatik. Zegamarra delako, eta bere aita Zorion Barandiaranek 18 aldiz parte hartu duelako. Aurten, 18 urteak beteta dituela, azkenean semearen txanda izango da: «Txikitatik 18 urteak betetzeko zain egon naiz, eta aurten tokatzen da jada».
Azken bi urteetan Junior Traila egin du, eta aurten proba nagusira egingo du salto. Aitak, halere, ezingo du parte hartu lesio batengatik: «Niretzat erreferentea izan da eta beti eduki dut inbidia ateratzen zenean, eta justu aurten egin behar dudanean berak lesio baten ondorioz ezingo du egin; dakidana da berarengatik egingo dudala aurten maratoia, hori da ilusio gehien egiten didana».
Elkarrekin egiteko asmoa zuten, baina ezinezkoa izango da azkenean. Halere, alboan du aholkuak emateko: «Geldituta geunden biok lasai egiteko, nire lehenengoa denez esaten dit oraindik ez dakidala karrera honek duen dimentsioa eta berak markatuko zidala erritmoa, baina lesio horrengatik bakarrik egin beharko dut, nik kontrolatu beharko dut eta aitak esaten dizkidan aholku horiei kasu egin beharko diet. Ea nola ateratzen den».
JANIRE AGIRRE (ATAUN-IDIAZABAL)
«Nire helburua bertan parte hartu eta gozatuta amaitzea da»
Atletismoan ibili zen Janire Agirre (Ataun, 1996) urte askoan, eskola kilora amaitu zuenetik 19 urtera bitarte, abiadurako probetan. Garaiz lortu zituen emaitza onak estatu mailan, baina berak azaldu duen moduan, «presioa ondo eramaten ez» zuenez eta mendiko kirolekin uztartzerik ez zuenez, utzi egin zuen. Mendian ibili da harrezkeroztik. «Mendiko maitale sutsua naiz». Eskia, eskalada, alpinismoa, korrika… denetik egin du azken urteetan. Duela 2 urte belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen mendi eskia egiten. Ebakuntzaren ondoren txirrinduan lehiatzen ibili zen iaz. «Aurten, ordea, banuen mendian lehiatzeko gogoa eta Domusa Azpeitiako ultra nahiz Zegama Aizkorri prestatzea bururatu zitzaidan».
Ez du sekula egin maratoi distantzia edo goragokorik. Azpeitiko Domusa Teknik (65 kilometro) izan da lehena, maiatzaren 10ean, eta Zegama-Aizkorri izango da egingo duen lehen maratoi distantzia. Ez dio denborazko helbururik ezarri bere buruari, eta gozatuz amaitzea besterik ez du xede: «Etxeko kide baten gaixotasuna dela eta ez gara une errazak bizitzen ari, beraz ez dut denborazko helbururik, nire helburua bertan parte hartu eta gozatuta amaitzea da, ez dut askoz gehiago eskatzen».