Preso politikoen aldeko elkartasun astea Ataunen
Atzo, maiatzak 21, ekin zioten asteari eta hurrengo ekintza igandean egingo dute.

Atzo arratsaldean San Gregorioko elkargunean proiektatutako Korta, askatasun haizea dokumental emanaldi batekin eman dio Ataungo Etxerat elkarteak hasiera euskal preso politikoen aldeko aurtengo elkartasun asteari.
Dokumentalak Enrike Gomez Alvarez 1979an Estatu terrorismoak eraildako errefuxiatu politiko gasteiztarraren bizitza eta heriotza kontatzen ditu. Ikus-entzunezko ekarpen berri bat da, Euskal Herriko historia hurbilari buruzko kontakizun ahalik eta osatuena eraikitzen jarraitzeko.
Hurrengoa, mendi irteera
Hurrengo ekitaldia, berriz, maiatzaren 25ean egingo dute, igandean, Napar-Iturrira egingo duten irteerarekin. 12:00etan mokadutxoa egingo dute, eta jarraian, toka lehiaketa. Aurreneko hiru irabazleek sari gisa ogitarteko bat eta sagardo botila bat jasoko dituzte, Sutegi, Urbieta edo Troskaeta tabernetan trukatzeko. 13:45ean, hitzaldia izango da, eta hura bukatutakoan, bazkaria. Menuko osagaiak hauek dira: entsalada, txerri kostila eta oilasko izterrak, postrea, kafea eta pattarra. Tiketak 15 euroan daude salgai, Sutegi, Urbieta, Errotaundi eta Troskaetan, bihar arte. Umeen parte-hartzea, berriz, doakoa izango da.
Eguraldirako alternatiba
Antolakuntzak aurreikusi du eguraldi txarra izanez gero jarduerak Aiako Erroipe aretoan egingo direla.