Zaldibia, laugarrengoz Goierriko irristalarien topaleku
Santa Fe eta Artxanberri kaleetan atonduko dute zirkuitu berezia. Abilezia zirkuitua, patin martxa eta profesionalen lasterketa izango dira. Zaldibiarrez gain, inguruko herrietako irristalarien topaleku ere izango da.

Tradizio bilakatzen ari da herrian, eta aurtengoan ere, laugarren urtez jarraian irristaketa kirolaren ikuskizun bizia ekarriko dute Zaldibiara. Maiatzaren 30ean, ostirala, ospatuko dute aurtengo IV. Patin Topaketa, herriko Irristaka patinaje taldeak eta Zaldibiako Udalak elkarlanean antolaturiko jarduera. Irristalariek beren abilezia eta trebetasunak erakutsiko dituzte Santa Fe eta Artxanberri kaleetan atonduko den zirkuitu berezian, eguraldiak baimentzen badu, behintzat. Izan ere, zoru lehorra eta ateri behar da patin topaketa herriko kaleetan zehar burutu dadin; eguneko eguraldi iragarpenak txarrak balira, herriko Resti pilotalekuan burutuko lukete jarduera.
Jarduera anitzak
Arratsaldeko bostetan emango zaio ekitaldiari hasiera, plazan bertan antolatuko duten haur eta gazteentzako abilezia zirkuituarekin. Hala, irristalari gazte zein hasiberriek euren kontrol gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte. Jarraian, gainera, herriko kaleetan barrena, patin martxa egingo dute, zikloka banatuta. Jarduerak irekiak izango dira, parte hartu nahi duenarentzat.
Eguneko momenturik ikusgarriena, baina, 19:00etan iritsiko da, patinatzaile profesionalen lasterketarekin; izan ere, maila handiko kirolariak bilduko ditu eta abiadura, teknika eta indarra uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute. Santa Fe eta Artxanberri kaleetan ibiliko dira. 600 metro luzeko zirkuitua itxiko dute bueltan, eta hamar itzuli eman beharko dizkiote. Aurtengoan gainera, profesionalen arteko aurreneko hiru sailkatuez gain, parte hartzaile guztientzat oroigarria egongo da.
Goierri kanpoko irristalariak
Urtero-urtero, hamarnaka lagun elkartzen dira egun honen bueltan: Irristakaren patinaje eskolan dabiltzan herritarrez gain, beste udalerri zein eskualdetakoak diren irristalariak ere hurbiltzen baitira, Tolosaldekoak, esaterako. Horrez gain, inguruko herrietako zaletuak ere elkartzen dira.