Aralar natur-parkearen eguna, ekainaren 8an
Ausa-Gaztelu mendiaren barrenean dagoen Errekontako lepoan egingo dute ospakizuna. Aldundiak autobusak jarri ditu Donostiatik eta Tolosatik Larraitzera joateko. Bi ordu eta erdi iraungo duen egitaraua prestatu dute.

Aurrez Aiako Harrietan egin bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralar natur-parkearen eguna antolatu du ekainaren 8rako. Errekontan egingo dute ospakizuna, Zaldibia eta Abaltzisketa arteko Ausa-Gaztelu mendiaren oinetan. Mendira taldean joan nahi dutenek Larraizko Zamaoko atsedenlekuan dute hitzordua, 09:30ean. Aldundiak autobusak jarri ditu Donostiatik eta Tolosatik Larraitzera joateko.
Eguneko egitaraua
Ospakizuna 11:00etan hasiko da Errekontan. Hara ailegatutakoan, parte hartzaileek han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko aukera izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere.
Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.
Segidan Abaltzisketako txantxoen dantza (eta musika) emanaldia izango da. “Talde hori ikusteko aukera asko ez da izaten, are gutxiago urte garai honetan eta mendian. Berezia izango da”, nabarmendu du aldundiak.
Hori bukatutakoan Et Incarnatus talde entzutetsuaren txanda izango da. Soka lauko-boskote batek Menditik itsasoraino dantzan (II) egingo eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean. Azkenik, saioa bukatzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik. Egitaraua 13:30etan bukatuko da. Ondoren, parte-hartzaileak etorritako bide beretik oinez itzuliko dira abiapuntura ingurumen-hezitzaileek lagunduta.
Autobusen ordutegiak eta oharrak
Aldundiak doako autobusa jarriko du Donostiatik eta Tolosatik Larraitzeraino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea (barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943180335 / 688895069). Hitzordua goizeko 09:30ean da, Larraitzen, Zamaoko aisia-lekuan; itzulera ordua, berriz, 14:30etan, leku berean.
Autobusa 08:30ean aterako da Donostiatik, Ibaetatik (EHUko Psikologia Fakultatearen aurreko geltokitik), eta 08:55ean Tolosan (Rondilla kaleko 34 zenbakiko geltokian, Musika eskolaren aurrean) geratuko da. Laurak ez dira urruti izango arratsaldean autobusa Donostiara heltzen denerako.
Taldean joan nahi dutenak Larraitzen elkartuko dira, eta ordu eta laurdeneko/erdiko bidea egingo dute oinez Errekontaraino. “Komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume oso txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia. Bestalde, ezingo da txakurrik eraman. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea”.
Aralar, Gipuzkoako natur-parkerik handiena
Aralarko natura-parkea Gipuzkoako handiena da. Probintziaren hego-sartaldean dago eta 109 kilometro koadroko azalera du. 1994an izendatu zen parke natural.
“Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia hiru giza jarduerak itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Aralarko gaurko ekosistemak, neurri handi batean, hiru jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetariko bat diren mendiko larreak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik”, zehaztu du aldundiak.
Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aralarko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada gipuzkoar askorentzat egun. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera Larrunarri (Txindoki) edo Ausa Gaztelu aldera joaten diren herritarrak. “Eginkizun garrantzitsua betetzen du alde horretatik ere”.
“Aralarko natura-parkearen garrantzia aitortzeko eta gipuzkoarrei hango landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena goresteko”, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak bigarren aldiz antolatu du egun hau. Aurten, Abaltzisketako Udalaren “ezinbesteko lankidetza” izango du, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.
Helburua, ondarea ezagutzea
Aldundiak jakinarazi duenez, “asmoa ez da natura-parkera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, hain gutxi mendian erromeria antolatzea, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik”.
Ospakizunaren data ez da halabeharrezkoa. Batetik, artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi dute aldundiak. Bestetik, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu ditu eguna zehazterakoan: Ekainaren 21ean Natura 2000 eguna eta, handik gutxira, ekainaren 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Europar Batasun osoan.