Goierriko izarrek dantza ikuskizuna eskainiko dute igandean, Igarondon
Izarretan Dantzanen ikasturte amaierako saioa izango da. Guztira 100 bat dantzari goierritarrek parte hartuko dute. Ikuskizuna Igarondo pilotalekuan izango da, igandean, 17:30ean hasita.

Izarretan Dantzan dantza modernoko taldeak ikasturte amaierako ikuskizuna eskainiko du igandean, 17:30ean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Idiazabal, Segura, Zegama, Mutiloa eta Beasaingo 100 bat dantzarik hartuko dute parte Izar Aguilar irakaslearen gidaritzapean.
Izar Aguilar haurra zela hasi zen dantzan Errenterian, jaioterrian. Orain 20 urte sortu zuen Izarretan Dantzan dantza modernoko taldea, eta Goierrira bizitzera etorri eta gero, orain 10 bat urtetik Idiazabalen ere ematen ditu klaseak, baita Seguran eta Beasainen ere. Igandeko ikuskizunerako bere ikasle guztiak batu ditu eta taldetan banatuta ikasturte guztian zehar ikasitakoa jendaurrean azalduko dute. «Denetarik erakusten saiatuko gara, estilo askotako koreografikoak egingo ditugu. Aurten helduak ere animatu dira eta guztira 9 edo 10 taldek hartuko dute parte», esan du.
Ikasleen artean, adina ez da dantzarako aitzakia, haurren artean 3 urtetatik hasi eta 16 urtera artekoak daude taldean eta helduenean 40 eta 70 urte bitartekoak. Helduen bi talde ditu gaur egun Aguilarrek, «bat Idiazabalen eta bestea Seguran».
Reguetoirik ez
Dantza modernoak ballet klasikoko teknikak ditu ardatza, «hori da abiapuntua», dio Aguilarrek. Hortik aurrera, edozein musika estilorekin egiten den dantzari deitzen zaio dantza modernoa. «Guk askotariko estiloak lantzen ditugu taldean. Debekatzen dudan estilo bakarra reguetoia da, niri pertsonalki ez zaidalako gustatzen, baina baita musikalki ez daukalako oinarri handirik eta hitzak gehienetan iraingarriak direlako», dio.
Abestiak ikasleek aukeratzen dituzte eta horren araberako koreografiak lantzen dituzten gero. Baina dantza, gorputza mugitzea baino gehiago da Aguilarrentzat, «espresatzeko modu bat, barruan daukazuna ateratzeko modu bat» dio. Bere ikasleei ideia hori transmititzen saiatzen da, «nire klaseetan talde lanari garrantzia handia ematen diot. Elkarri laguntzea, elkarrengandik ikastea…». Igandekoaz gain, Seguran sanjoanetan, Mutiloan sanpedrotan edo Zegamako Olaran auzoko jaietan ere eskainiko dituzte ikuskizunak.