‘Korrika ezin dutenengatik’ erronka Goierrira iritsiko da
Fernando Magaldi mendi lasterkari asturiarrak gaixotasun arraroak ikusarazteko 2.330 kilometro korrika egingo ditu, 37 etapatan banatuta, eta horietako bi, Beasainen eta Lazkaon izango dira. Eragile desberdinen laguntza izango dute, Bakuntza taldekoena, Oihana Kortazar mendi lasterkariarena eta udalena, besteak beste. Herritarren laguntza ere beharko dute erronka betetzeko. Ikusi bideoa albistean.

Fernando Magaldi asturiarrak gidatutako Korrika ezin dutenengatik erronka solidarioa aurkeztu zuten Beasaingo Igartzako Jauregian, atzo arratsaldean. Ekitaldiaren helburua da gaixotasun arraroei ikusgarritasuna ematea, herritarrak eta erakundeak horrelako gaitz bat izateak suposatzen duenaren inguruan sentsibilizatzea, eta gaitz arraroen bueltan lanean diharduten elkarteen lana balorean jarri eta haientzat eta ikerketarako diru-bilketa egitea. Helburu horiek lortzeko, autonomia erkidego desberdinetan zehar 2.330 kilometro korrikan egingo ditu Magaldik, 37 etapatan banatuta. Horietako bi, Goierrin egingo dira, bata Lazkaon (uztailak 18) eta bestea Beasainen (uztailak 19).
Ekitaldiari oihartzuna emateko egin zuten aurkezpenean izan zen Fernando Magaldi bera, xehetasun guztiak ematen, eta ondoan izan zituen babesa eman dioten eragile desberdinak. Magaldik bidelagun izango ditu, Bakuntza elkarteko kideak, erronka hau Goierrira iritsi izanaren ardura izan dutenak. Aurkezpenean izan zen ere, Oihana Kortazar trail munduan erreferente dena, Magaldiri Goierriko etapetan kilometroak osatzen lagunduko diona. «Nire konpromisoa mendiko lasterketetatik haratago doa, oso motibatuta nago horrelako kausa solidario batean lagundu ahal izateagatik», adierazi zuen agerraldian. Kortazar bezala, beste mendi lasterkari batzuk ere jarriko dute beren aletxoa, Fidel Fernandez 2024ko Ehunmiletako irabazlea eta esklerosi anizkoitza duena, edota Miguel eta Roberto Heras, besteak beste.
Beasaingo eta Lazkaoko Udalen babesa ere jaso du ekimenak. Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Elena Ruiz Beasaingo kirol zinegotziak, horrelako ekitaldien garrantzia nabarmendu zuten, biek hala biek.
Korrika tresna gisa
Umiltasunetik, emoziotik, erresilientziatik eta elkartasunetik mintzo da Fernando Magaldi atleta. Erronkaz beteriko bizitza pertsonala izan du. Minbizia gainditu zuen eta ia mugikortasunik gabe utzi zuen istripu batetik errekuperatu zen. Kirolak, bere kasuan, korrikak, berpiztu izan du borroka bakoitzetik, eta korrika egiteko duen grina, gaixotasun arraroekin eta ezintasunekin bizi direnak ikusarazteko tresna bihurtu zuen.
Oraingo honetan dakarkien erronka, ez da edonolakoa. Galizia, Kantabria, Errioxa eta Euskal Herria zeharkatuko ditu. 37 etapa izango dira, eta 2.330 kilometro osatuko ditu. Uztailaren 4an emango dio hasiera, eta abuztuaren 16ra bitartean osatuko du. Ibilbide horretan zehar, Fernandok eta bere taldeak pertsona askoren errealitatea kirolaren bidez ikusaraztea bilatuko dute, elkartasunezko kausetarako dirua biltzeaz gain. Euskal Herrian, geldialdi garrantzitsuenak uztailaren 18an Lazkaon eta uztailaren 19an Beasainen izango dira. Etapa horietako bakoitzean 53 kilometro osatuko ditu, korrika.
Bi jardunaldiek programazio berezia izango dute. 07:00etatik aurrera, hornidura guneak, mahaiak, dekorazioa eta musika jarriko dira. 08:00etan, Bakuntza taldeko kideek aurreskua eskainiko diete korrikalariei, irteera ofiziala baino lehen. Geroago, 09:00etatik aurrera, jarduera irekiak antolatuko dira, hala nola, txapak egiteko tailerrak, haurrentzako marrazketa, kamiseten salmenta eta dinamika parte-hartzaileak. Jardunaldia, 14:00etan ordu bietan amaituko da Fernandoren helmugaratzearekin. Honek txapela jasoko du errekonozimendu gisa eta Bakuntzarekin batera txeke solidarioaren entrega egingo dute.
Erronka Lazkaotik eta Beasaindik igarotzean bildutako guztia Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari bideratuko zaio, errehabilitazio programei laguntzeko. Gainera, Fernandok komunitateari dei egin dio bere taldearentzako ostatuarekin lankidetzan aritzeko, fisioterapia eta garraioa bezalako gastu logistikoak estaltzeko (eguneko 125 euro inguru) eta boluntario gisa ekarpena egiteko, ibilbidea segurtasunez igarotzeko.
Parte hartzeko deia
Horrelako helburuak lortzeko komunitate osoaren laguntza beharko dela nabarmendu zuten aurkezpenean eragile desberdinek, eta horretarako bide desberdinak izango direla iragarri zuten. «Herritarren lankidetza funtsezkoa da erronkan zehar, jende guztiak parte har dezake, distantzia handiagoa edo txikiagoa eginez, garrantzitsuena parte hartzea da eta proiektuari ikusgarritasuna ematea», aipatu zuen Magaldik. Boluntario gisa ere laguntzeko aukera egongo da, eta horretarako, Bakuntzako kideekin jarri behar da harremanetan.
Dirua biltzeko asmoz, erronkaren elastikoak jarriko dira salgai bere webgunean, eltxetxuak ere ipiniko dituzte, eta gainera, kontu korronte bat irekiko dute ekarpena egiteko. Funtsak hainbat arrazoi sozialetara bideratuko dira.
Jarraian, atzoko ekitaldiari buruzko bideoa: