Lazkaoko merkataritzari beste bultzada bat
Bonuen salmenta gaur hasiko da, 17:00etan, plazan. Pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu eskuratu ditzake.

Lazkaoko Udalak gaur abiatuko du Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? bonu kanpainaren X. edizioa. Bi ardatz nagusi izango ditu, berriz ere: tokiko merkataritzarako eta herriko nekazaritza ekoizleentzako produktuen kontsumoa sustatzea, horretarako beharrezkoak diren bonuak eskura jarrita. Bihar bertan hasiko da bonuen salmenta, 17:00etan, herriko plazan. Hala ere, bertara joan ezin duenak ere izango du nola eskuratu: bulego ordutegien barruan, udaletxera joanda. Bonuak agortu arte egongo da bigarren aukera hori zabalik.
Merkataritzarako 2.000 bonu jarriko dira salgai; bonu bakoitza 30 euroan eskuratu ahal izango da, eta 40 euroko balioa izango du, zortzi bonutan banatuta (8 x 5 euro). Hiru bonu saltoki parte-hartzaile guztietan erabil daitezke, eta beste bostak elikagai-dendetan izan ezik, gainerakoetan. Kanpaina ekainaren 20ra arte egongo da indarrean.
Pertsonako hiru bonu
Aurtengoan, baina, ohiko dinamikaren barruan, izango da aldaketaren bat. Batetik, berrikuntza nagusienetako bat da pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu erosi ahal izango dituela, aurrekoetan bost zirenean; eta, bestetik, pertsona batek beste hiruren izenean ere erosketak egin ditzakeela, gainerakoen NANak aurkeztuta. Azken neurri hori «herritar gehiagorengana iristeko» eta «bonuak modu bidezkoago batean banatzeko» helburuarekin hartu du Lazkaoko Udalak, azken urteetan bonuak oso egun gutxian agortzen zirela ikusita.
Beste 200 bonu
Nekazal ekoizleen produktuak erosteko ere izango da laguntzaren bat edo beste; izan ere, aurreko 2.000 bonu horiez gain, beste 200 bonu eskainiko dituzte ekoizle parte-hartzaileen produktuak eta elikagaiak erosteko. Bonu berezi horiek 20 euroan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, eta 35 euroko erosketa ahalmena izango dute. Horiek, gainera, bihar hasita azaroaren 30era arte egongo dira eskuragai udaletxera joanda.
Udalak herritarrak animatu ditu kanpainan parte har dezaten bonuak erosita, «merkataritza indartzea Lazkaoko garapenerako oso garrantzitsua» delako.