Marirekin lehertuko da festa
Murumendiko ikasleek jaurtiko dute suziria, arratsaldean. 22:30ean egingo diote ongietorria Mariri, udaletxeko plazan. Denen gustuetarako egitarau oparoa dakarte aurtengo festek.

Guztia prest dute Beasainen aurtengo Loinatz jaiei hasiera emateko. Murumendiko Mari bere kobazulotik aterako da, handik jaitsi eta herrikide guztiekin aurtengo jaiez gozatzeko.
Bihar, ostiralean sartuta, haurrek emango diote jaiei hasiera, danbatekoarekin. Aurten Murumendi eskolako bosgarren mailako ikasleek botako dute suziria. Bihar izango da hori, 18:00etan, udaletxeko balkoitik.
Herritarren artean hain kuttuna den Murumendiko Mariri ongietorria emateko, berriz, 22:30ean Loinazko San Martin plazan bilduko dira herritarrak, Arrano kultur elkartearen ekimenez. Herriko eragile desberdinen eta hamarnaka herritarren laguntzarekin, suaren, musikaren eta dantzen artean lehertuko da festa giroa.
Ekitaldia ikusteko plazara inguratu ezingo direnentzat, Beasaingo Udalaren Youtube kanalaren bidez jarraitu ahalko da ekitaldia, aurten ere. Pantaila bat eta interneteko konexioa dagoen tokian, zuzenean ikusi ahal izango da. Beraz, Beasainen bertan, etxeetan eta tabernetan eta Beasaindik kanpo dauden beasaindarrek ere ikusi ahal izango dute, Loinatz jaietako ekitaldi kuttunena.
Antsiosoentzat, ordea, bezperan hasiko da festa. Txosnetan, gaur arratsaldean, pintxo lehiaketa izango da 18:00etan, eta Nagore eta Leire eta Fitokins taldeen kontzertua, 20:00etan.
Egitarau betea
2025eko Loinatz jaiak ere, ekitaldiz bete-beteak datoz. Ohiko ekitaldiak eta berriagoak ere ez dira faltako; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioa, pilota txapelketa herrikoiak, kuadrillen arteko areto-futbol finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, herri kirol jaialdia, barrakak, txosnak eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko dute 2025eko alea.
Nabarmentzekoen artean, ohiko moduan, kaleak alaitzen izango direla Ekaitz erraldoien eta buruhandien konpartsako kideak, hutsik egin gabe.
Jaien lehenengo kolpe honetan, larunbatean, danborradak izango dira, baina aldaketa batzuekin datoz. Haurren danborradaren irteera izango da lehena, arratsaldetik eguerdira pasa dutena. 12:00etan puntuan abiatuko dira Igartzatik, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, Loinazko San Martin plazan egingo dute azken joaldia.
Helduen danborrada, berriz, 18:30ean abiatuko da. Aurten, ibilbidean aldaketa izan da. Ezkiaga auzotik, Amiantoarenei eskulturaren ondotik abiatuko dira, eta hauek ere, herriko kaleak danbor hotsez bete ondoren, Loinazko San Martin plazan joko dute erretreta.
Musikari dagokionez, eskaintza zabala izango da. Muxutruk erromeria talde beasaindarrak joko du Mariren jaitsieraren ondoren, Bideluze plazan. Asteburu berean joko dute, Goxua´n salsa taldeak, Bideluze plazan, larunbatean; Rockalean kale animazioa, Bideluze plazatik hasita, igandean. Horiez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako.
Txosnagunean berriz, ostiralean, Iltze, Aurrez aurre, No Limits eta DJ Maixu izango dira, eta larunbatean, Nekktar, Skareggekasko, Malakias MX3 eta DJ Tintz.
Berritasunen artean, Skate erronkak, grafitia eta DJ-a izango dira larunbat arratsaldean, 12 eta 18 urte bitartekoentzat, eta igandean 16:00etan, 12 eta 16 urte bitartekoentzat eskulan tailerra izango da, toki berean.
Aipatu ere, drone ikuskizuna antolatu dutela, ohiko su artifizialen ordez. Igandean izango da, 22:30ean hasita.
Kuadrillen eguna
Ohiko moduan, astelehena, kuadrillen eguna izango da, eta kirolak protagonismo berezia izango du. Batetik, areto futbol txapelketaren finala jokatuko da, Zulo eta Rhusbiñarte italdeen artean. La Salle ikastetxeko jolastokian jokatuko da, 11:00etan hasita.

Pilota txapelketaren finalean, harmaila jendez beteta, iaz.Ariane Vierbücher
Eta bestetik, pala eta pilota txapelketa herrikoien finalak jokatuko dira, 11:45ean hasita, Gernika pasealekuko pilotalekuan.
Horrez gain, herriko zaindariaren prozesioaren eguna izango da. 09:00etan abiatuko da, Andre Maria Zeriratuaren parrokiatik, Loinazko San Martin basilikara. Bertan, meza izango da, eta ondoren, erromeria egingo dute, dantzari, txistulari eta erraldoiekin.
Puntu morea
Eraso matxisten berri emateko eta informazioa eskatzeko, Puntu Morea jarriko dute Bideluze plazan; bihar eta etzi, 22:00etatik 01:00etara; ekainaren 2an 18:00etatik 21:00etara; ekainaren 6an 22:00etatik 01:00etara; eta ekainaren 7an 21:00etatik 01:00etara.
Autobus zerbitzu berezia izango da gauean
Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia eskainiko du gauean, maiatzaren 31tik ekainaren 1era eta ekainaren 7tik 8ra.
04:50ean autobus bat irtengo da Beasaindik, Ormaiztegin (05:00), Ihurren (05:10), Idiazabalen (05:20), Seguran (05:30) eta Zegaman (05:40) geldialdiak egingo dituena. 05:10ean beste autobus batek ibilbide hau egingo du: Ordizia (05:20), Zaldibia (05:35), Arama (05:40), Itsasondo (05:50) eta Legorreta (05:55). Azkenik, beste zerbitzu bat Beasaindik irtengo da 06:10ean, Lazkaon (06:15) eta Ataunen (06:25) geldituko da.