Miriam Montano eta Telmo Sanchezentzat da Galbahe beka
Igartubeitik eta San Telmo museoak lankidetzan deitu zuten Galbahe beka martxoan, etnografia ondarea zabaltzeko eta ikertzeko helburuarekin.

Igartubeiti Baserri Museoak, Donostiako San Telmo Museoak eta Gordailuak (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe beka deitu zuten lankidetzan pasa den martxoan. Bada, aurkeztutako lanak aztertuta, epaimahaiak aho batez erabaki du orain, Miriam Montano de Juani eta Telmo Sánchez Ugalderi esleitzea beka, lehenengo edizio honetan.
Ikerketa-proiektu honek erleen eta euskal landa-bizimodu tradizionalen arteko harreman historiko-kultural konplexua aztertuko du, erakusketa-instalazio eskultoriko eta etnografiko bat garatuz. Bi ikerlarien proposamena premisa partekatu batetik abiatzen da: “Erleak baliabide iturri izateaz gain — eztia, argizaria, polinizazioa —, solaskide sinboliko ere izan dira, baserriko bizitzaren zati aktibotzat jo izan dira kultura egitura baten barruan. Ikuspegi horretatik, proiektua bat dator Donna Harawayren pentsamenduarekin, bereziki “ahaideak egiteko” [making kin] proposamenarekin, gizakiaz harago, erleengan aliatu ekologikoak ez ezik, lagun afektiboak, memoria eramaileak eta beste mundu forma batzuk eraikitzeko subjektuak ere aitortuz”, esan dute proiektuari buruz ikertzaileek. Sinbolikoaren eta biologikoaren, erritualaren eta sentsorialaren arteko sinkronia da proiektu honen muinetako bat.
Egitasmoak euskal ondare etnografikoa berrinterpretatzea du helburu, bi museoetako bildumen bitartez, erlezaintza, heriotza, argizaria eta hitzaren inguruko praktika sinbolikoak berraktibatuz.
Memoria gorpuzteko gailuak
Telmo Sanchezek garatutako ikerketa ildoa “erlezaintza tradizionalarekiko erlezaintza sinbiotiko horri lotutako objektuetan” oinarrituko da. Bere asmoa elementu material eta sinboliko horiek berriz konfiguratzea da esanahi berriak emateko.
Miriam Montanok erleei zuzendutako hitzera bideratuko du bere lana: “Pertsona maite bat hiltzen zenean xuxurlatzen ziren antzinako formuletara”. Bere hurbilketa metodologia “etnografiko esperimental batetik abiatzen da, ez dokumentaziora mugatzen dena, baizik eta entzuteko, bilketa afektiboko eta aktibazio poetikoko praktika gisa hedatzen dena. Metodologia honek artxiboa eta asmakuntza uztartzen ditu”. Montanok artxiboko materialekin lan egingo du — argazkiak, idatzizko testigantzak, ahozko dokumentuak — ez erreproduzitzeko, berrinterpretatzeko baizik.
Ikerketa, sormen tailerra eta argitalpena
Bekak irauten duen sei hilabeteetan —ekaina eta azaroa bitartean— ikerketaz gain, zianotipia kolektiboko sormen tailer bat egingo da. Bertan, parte hartzeko dinamika bat ere proposatuko da, eta bertaratutakoek, azaldutako objektuekin interakzioan aritzeaz gain, saiakuntza poetiko labur bat egin ahal izango dute.
Aldi berean, eta ikerketa artistikoaren prozesua amaitzeko, kartografia bisual eta poetiko bat garatuko dute argitalpen gisa, Montanoren eta Sanchezen ikerketa indibidualen emaitzak bilduko dituena. Atlas sentikor horrek eskultura, irudia, artxiboa eta hitza konbinatuko ditu, gizakiaren eta ez-gizakiaren, erritualaren eta garaikidearen, materialaren eta ikusezinaren arteko harremanen berrirakurketa kritikoa eginez.
Bi ikertzaileen ibilbide oparoa
Montanok gizakiaren eta paisaia abandonatuen edo trantsizioan daudenen arteko elkarrekintza aztertzen du, tentsio sozial eta ekologikoak islatuz. Tresna digital eta analogikoekin lan egiten du, argazkigintzatik bideoraino, bitarteko espazio horien esentzia aldagarria atzemateko.
Kultura Ondarearen Kontserbazioan eta Zaharberritzean trebatua (UCM), baita Argazkigintzan eta Narratiba Berrietan masterra ere. MAPFRE Fundazioarekin eta Santander Fundazioarekin lankidetzan aritu da, eta El Local sortu du Madrilen, argazkigintza garaikiderako gune independentea. Gaur egun, 1826 FILM LABen ari da lanean.
Artista eta kultur kudeatzailea da Sanchez. Bere prestakuntza TAI Arteen Unibertsitate Eskolan egin zuen, Argazkigintza Dokumental eta Artistikoko masterra eginez eta, aldi berean, La Palma Arte Eskolan, teknika eskultorikoetan espezializatua da. Lurralde-irudikapenaren problematikari heltzen dio, eta paisaiaren, gizakiaren eta gaiaren arteko tentsioak aztertzen ditu. Argazkigintzaren, eskulturaren eta bideoaren bidez, elementu naturalek eta eraikiek elkarrekin nola hitz egiten duten ikertzen du.
Besteak beste, Festival Jóvenes Creadores Madrid, Seminario de fotografía y periodismo de Albarracín eta Festival Internacional de Jóvenes Artistas y Creadores WeNow jaialdietan saritu dute bere lana. 2020az geroztik, bere praktika artistikoaz gain, ibilbide sendoa egin du kultur kudeaketan. Gaur egun, KBr Photo Awarden bigarren edizioaren koordinatzailea da. Bere ibilbidean zehar, esperientzia handia lortu du MAPFRE Fundazioa, Hauser and Wirth eta Peggy Guggenheim Bilduma bezalako erakundeetan erakusketak kudeatzen eta koordinatzen.