Johan Blanc izan da Gipuzkoako Klasikoko irabazlea, juniorretako lehenengo etapan
Lazkaon izan du hasiera eta amaiera gaurko lasterketak. Txirrindulariek 98,5 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute. Bigarren eta azken etapa bihar jokatuko da, Donostiako Egia auzoan.

Junior mailako 31. Gipuzkoako Klasikoa jokatu da gaur goizean eta Johan Blanc ziklista frantsesa iritsi da lehenego helmugara. Lasterketak Lazkaon izan du hasiera eta amaiera eta txirrindulariek 98,5 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute, tartean hiru mendate puntuagarri gainditu dituztelarik: Larraitz (34,9 km), Gaintza (62,8 km) eta Lazkaomendi (95,4 km). Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen nazioarteko txapelketa da honakoa eta bi etapatan banatuta dago. Aurreneko etapa Lazkaon jokatu da eta bigarrena bihar jokatuko da, Donostiako Egia auzoan. Euskal Herriko eta nazioarteko promesa gazte nagusiak bildu ditu probak, kalitate handiko ikuskizuna eskainiz.
10:30ean atera dira lasterkariak Lazkaotik, eta lehena 13:00ak aldera iritsi da helmugara. Gipuzkoako taldeez gain, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak izan dira gaurkoan. Horiez gain, hamasei talde atzerritar ere aritu dira: zazpi frantses, hiru herbeheretar, hiru ingeles, eta Belgikako eta Portugalgo filialak ere bai.
Bigarren eta azken etapa bihar jokatuko da, Donostiako Egia auzoan, eta bertan erabakiko da zein txirrindulari izango diren irabazleak sailkapen nagusian eta gainontzeko kategorietan. 104 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da Aupa TVren YouTube kanalaren bidez.
LEHEN 10 SAILKATUAK:
1. Johan Blanc (Stade Toulousain Cyclisme Academie) 2h13’45”
2. David Gaffney (Team 31 Specialized) 4″ geroago
3. Matthew Peace (Tofauti Everyone Active Majaco) 22″ geroago
4. Sam Koop (Occitane CF) 31″ geroago
5. Timothée Coudière Cantin (CFREF TotalEnergies Juniors) 33″ geroago
6. Harrison Dainty (FH Mas Cams) 33″ geroago
7. Jan Hernandez Reilhe (Nouvelle Aquitaine) 40″ geroago
8. Daan Dijkan (WWV Hagens Berman-Jayco) 42″ geroago
9. Nolan Pedersoli (U19 Academy Région Sud powered by Giant) 42″ geroago
10. Ben Morin (Gepla-Watersley U19 Team) 52″ geroago
















