LGTBIQ+ pertsonen alde, aurrerapausoa
Kolektiboaren inguruko kontzientzia sustatzea helburu duen erakusketa martxan jarri dute. Gaur 16:00etatik 19:00etara izango da ikusgai, Karreanen. Diagnostiko baten beharra agertu du Zaldibiako Udalak, eta konpromisoa hartu du.

Zaldibiako Udalak eraso LGTBIQ+ fobikoen datuak gora egiten ari direla gogorarazi zuen iragan ekainaren 28an ospatu zen Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko egunean. «Diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira, eta ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude», azaldu zuten egunaren harira hedabideetara bidalitako oharrean. Testuinguru horretan eta auzi berari lotuta, gaur arratsaldean, beste hitzordu garrantzitsu bat dute zaldibiarrek. Ikus-entzunezko esperientzia berezi baten topaleku bihurtu dute euren herria: gaur arratsaldez, hiru orduz, Zarata izeneko proiektua ikusgai egongo da Karreanen, 16:00etatik 19:00etara bitarte, LGTBI+ kolektiboaren inguruko kontzientzia eta hausnarketa sustatzea helburu izango duen erakusketa berezia. Formatu ezohikoan egingo da, audiogida baten bitartez.
Hamar istorio, hamar gune
Helduentzat zuzendutako esperientzia honetan, parte hartzaileak, kasko edo aurikularren bidez entzungo dituzten istorioekin, narrazio hunkigarri eta anitzetan murgilduko dira. Euskal artisten hamar istorio entzungo dituzte, batzuk beste batzuk baino ezagun edo agerikoagoak, baina denak ala denak kolektiboaren parte direnak. Batzuk besteak baino poetikoagoak, fikziozkoagoak edota politikoagoak diren istorioak kontatuko dituzte; horietako bakoitzak bide batetik eramango du entzulea, baina, funtsean, helburu amankomuna izango dute: kolektiboaren inguruan gogoeta eragitea. Xanti Agirrezabala, Sambou Diaby, Telmo Irureta, Maider Lasa, Luix Mitxelena, Irene Mujika, Kimetz Renteria, Asier Rikarte, Nahia Sillero eta Garazi Urkolaren istorioak izango dira entzungai.
Hamar istorio ez ezik, hamar gune desberdin izango dira aretoan zehar banatuta, eta audioaren gidaritza lanetan arituko den beste ahots batek azalduko dio parte-hartzaileari zein den osatu beharko duen ibilbidea. Jardueraren bereizgarrietako bat da, gainera, esperientzia bakarka egitea, eta norberak erabakiko du ibilbideari hasiera noiz eman. Mezuaren eragina areagotzeko baliabide bisualak ere aurkituko dira espazioan: irudiak, berriak, argazkiak edota bestelako euskarriak.
Zarata, beraz, ez da ohiko erakusketa bat, baizik eta entzute aktiborako eta ulermen sakonerako gonbidapena. LGTBI+ kolektiboko pertsonen bizipenak lehen pertsonan entzuteko aukera paregabea izateaz gain, sentsibilitatez eta errespetuz eraikitako esperientzia batean murgiltzeko aukera ezin hobea da, eta gerturatzen den orok izango du zarata bakoitzaren atzean dauden ahots eta istorioetara hurbiltzeko aukera.
Diagnostikoaren beharra
Zaldibiako Udalarentzat ezinbestekoa da egun kolektiboko jendeak bizi duen egoera guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea: «Gure kasuan ezinbestekoa da instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministak oinarritutako zerbitzuak, eta babes kolektiborako zein autodefentsarako mekanismoak ezartzea». Hori dela eta herriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egiteko konpromisoan berretsi da Zaldibiako Udala, gerora horretan oinarritutako «ekintza plan integrala» abian jartzeko.