AURKEZPENA. Sasoi betean dator aurten ere Ehunmilak trilogia
Iazko edizioaren aldean partaidetza txikixeagoa izango du aurten, nahiz eta penintsulaz kanpoko korrikalari kopurua igo. Uztailaren 11tik 13ra jokatuko dute XIV. edizioa.

Azken urteetan ohitura den legez, probak jokatu baino astebete lehenago egin dute Beasaingo Igartzako jauregian Ehunmilak ultra-trailaren aurkezpena. Berritasunik ez, partaidetzan beherakada txiki bat izan dela ez bada. Ehunmilak lasterketan 360 mendi korrikalarik eman dute izena –iaz 426 izan ziren–, eta Goierriko Bi Handiak (550) eta Marimurumendi maratoian (350) dortsalak agortuta daude.
1.260 korrikalari lehiatuko dira denera. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Espainiako estatuz kanpoko 50 lasterkari lehiatuko dira aurten, iaz 39 izan ziren, eta emakumezko kirolariak ere gorantz doaz, denera 148: Ehunmiletan 28, Goierriko Bi Handietan 56 eta Marimurumendin 64. Uztailaren 11tik 13ra jokatuko dute XIV. edizioa, ohi bezala, Beasainen hasi eta buka.
Gaurko agerraldia hiru probetako elastikoak, finisherrenak eta boluntarioenak aurkezteko ere baliatu dute. Boluntarioen kamisetan antrazita kolorea nagusitzen da, eta mauketan kolore bana dute. 1.600 boluntario ariko dira lanean hiru egun horietan.
Irabazteko hautagai zerrenda
Andoni Zubeldiak Ehunmilak ultra-trailak zuzendariak lasterketak irabazteko hautagaien izen batzuk aipatu ditu, kazetarien jakin-minari erantzunez. Izen-emate zerrenda hartu, eta honakoa da antolatzaileen egin duten galbahea.
- Ehunmilak
- Emakumezkoak: Martina Poelzelbauer austriarra, Chelo Velasco, Miriam Llop, Maria Victoria Soler, Severine Duhalde eta Cristina Bataller.
- Gizonezkoak: Fidel Fernandez –iazko irabazlea–, Igon Mantzizidor, Jesus Gil, Unai Dorronsoro beasaindarra, Jean Francois Cauchon kanadarra eta Christophe Cantanheira frantziarra.
- G2H
- Emakumezkoak: Olatz Azazeta –iaz podiuma–, Ane Zabala, Leire Martinez, Raffaela Ciavola, Davinia Corrales eta Oihane De los Ojos.
- Gizonezkoak: Ander Iñarra –iaz bigarrena–, Mikel Auzmendi, Iñigo Arantzamendi, Iraitz Legorburu, Javier Manuel Pena eta Mikel Intsausti beasaindarra.
- Marimurumendi
- Emakumezkoak: Ainhoa Intxausti segurarra –aurten denboraldi bikaina egiten ari dena, eta iaz probaren errekorra jarri zuena–, Henar Lazaro, Isabel Sandoval, Lorea Totorika, Elena Calvillo beasaindarra eta Alba Loras.
- Gizonezkoak: Asier Azkarate, Endika de las Heras beasaindarra, Markel Urgoitia, Ruben Ruzafa, Jakob Pinazo eta Gaizka Lasa legorretarra.
Ilusioa eta harrotasuna
Leire Artola Beasaingo alkatea, Azahara Dominguez Mugikortasun eta Turismo diputatua, Mikel Yerobi Ternua Grupeko ordezkaria eta Mireia Trigueros Euskal Mendizale Federazioko mendi lasterketetako zuzendariarekin batera izan da aurkezpenean Zubeldia.
Artolak adierazi du “ilusioz eta harrotasunez” hartzen dutela Ehunmiletako edizio berri hau. “Ez da soilik kirol proba bat, gure komunitatearen indarra da”. Antolatzaileei eta boluntarioei ere zuzendu zaie Beasaingo alkatea: “Zuek gabe, hau ez litzateke posible izango”.
“Ehunmilak ez da soilik kirol proba bat, gure komunitatearen indarra da”
Leire Artola. Beasaingo alkatea
Beasaingo Udalak proba honekiko “babesa eta konpromisoa” duela nabarmendu du, eta “ondorio positiboak” dituela herrian eta bailaran, “bai ostalaritzan, bai merkataritzan, bai zerbitzu arloan”. Era berean, probak herrian eragozpenak sortuko dituela jakitun, “pazientzia” izateko eskatu die herritarrei, eta probaz gozatzeko deia egin die. “Segurtasun neurriak errespetatuz, asteburu polita izan dezagun”.
Balio handiko lasterketa
Ternuako ordezkariak “ekitaldi ikaragarritzat” jo du Ehunmilak. “Komunitatea da, jende asko mugitzen du, kirolaria dago fokuan, boluntarioak… Ikaragarrizko balioak dauzka”. Yerobik gogoratu du urte asko daramatzatela elkarlanean antolatzaileek eta Ternuak, eta aurrerantzean bide berean jarraitzea espero du. “Espero dezagun dena ondo ateratzea, eta eguraldiak laguntzea”.
“Ehunmilak lasterketak jende asko mugitzen du, kirolaria dago fokuan, boluntarioak… Ikaragarrizko balioak dauzka”
Mikel Yerobi. Ternua Group
Aurtengo elastikoak ere “elkarlanean” sortu dituztela adierazi du Ternua Groupeko kideak.
Lan handiaren emaitza
Mendi federazioko kide Mireia Triguerosentzat “plazera” da beste urte batez Ehunmilak lasterketaren aurkezpenean egotea. “Aurten hiru lasterketetatik bat bera ere ez dago federazioaren egutegian, baina horrek berdin dio. Lasterketa hau erreferente bat da Euskadin, eta hala izaten jarraituko du.
“Beharrezkoa da erakundeek eta talde guztiek proba hau babesten jarraitzea”
Mireia Trigueros. Euskal Mendizale Federazioa
Ehunmilak “lan handiaren emaitza” da Triguerosek nabarmendu duenez. “Beharrezkoa da erakundeek eta talde guztiek proba hau babesten jarraitzea. Trail mundua sasoiko dago, eta gelditzeko etorri dela esango nuke”.
Kalitatezko bisitarien topaleku
Azahara Dominguezen esanetan, Ehunmilak lasterketak “kirol turismoaren erdigunean” jarriko du Gipuzkoa beste urte batez. “Ez gara kirol proba soil batez ari. Korrikalari bakoitzak bi-hiru lagun ekartzen ditu, eta horiek alojamenduak betetzen dituzte, eta ostatuetan eta dendetan kontsumitzen dute. Kalitatezko bisitariak erakartzen ditu, eta asko Goierrira itzultzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak lasterketa hau babesten jarraituko du”.
“Proba honek Gipuzkoaren izaera islatzen du, balioak, komunitatea. Horrek asko harrotzen gaitu”
Azahara Dominguez. Mugikortasun eta Turismo diputatua
Gipuzkoako Turismoaren Plan Estrategikoaren lema Gipuzkoa. Zatoz eta zaindu dela gogoratu du, eta dei horixe egin die bisitari guztiei. “Proba honek Gipuzkoaren izaera islatzen du, balioak, komunitatea. Horrek asko harrotzen gaitu”.
Mugikortasun diputatua ere bada Dominguez, eta probara ikusteko garraio publikoa erabiltzeko deia egin du.
Natura zaintzeko deia
Proba bakoitzaren xehetasunen sartu gabe –webgune ofizialean kontsulta daitezke–, Zubeldiak gogoratu du, azken edizio askotan bezalaxe, EHMko eta G2Hko korrikalariei jarraipena egiteko geolokalizadorea eramango dutela, eta anoa-postuetan ere denak bere horretan jarraituko duela.
“Bi lasterketa nagusiek bi parke natural zeharkatzen dituzte, eta mezua argia da: Zaindu natura”
Andoni Zubeldia. Ehunmilak lasterketaren zuzendaria
Bi lasterketa nagusiek Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalak zeharkatzen dituzte, eta korrikalariei zein ikusleei mezu argia eman diete: “Zaindu natura”. Mendian hondakinik ez uzteko eta ahal den neurri guztian birziklatzeko deia egin du. Eko-Ehunmilak egitasmoari ere aipamena egin dio berariaz. Halaber, antolatzaileek jarritako garraio zerbitzua erabiltzeko eta segurtasun irizpideak betetzeko aholkua ere eman du lasterketaren zuzendariak.