‘Reining horse’ txapelketaren kanporaketa Ormaiztegin
Larunbatean jokatu da Ormaiztegiko Baron Ranch etxaldean. Espainiako Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa izan da. Igor Baron ormaiztegiarra bigarren sailkatu da profesionalen mailan.

Reining Horse zaldi heziketa txapelketa jokatu dute asteburuan Ormaiztegiko Olaberrieta Txiki baserrian dagoen Baron Ranch etxaldean. Irailean jokatuko den Espainiako Txapelketa Nagusiko azken kanporaketa izan da Ormaiztegikoa. Aurretik, Errioxan, Herrialde Katalanetan (bi ) eta Mallorcan (Balearrak) jokatu dira antzekoak. Hasiberrien, profesionalen eta ez profesionalen mailetan jokatu da kanporaketa eta guztira Espainiako zein Euskal Herriko 29 zaldizkok hartu dute parte bertan.
Reining-a zaldi heziketa amerikarrean oinarritutako kirol bat da, «AEBetan rantxoetan, zaldiek ganadua gobernatzeko jasotzen zuten heziketaren simulazio bat da», azaldu du Igor Baron ormaiztegiarrak. AEBetan jatorria duen National Reining Horse Assotiation Spain —NRHA— erakundeko kidea da Baron, eta hau da txapelketaren antolatzailea.
Reining-aren barruan patroi eta kategoria asko daude eta txapelketa bakoitzean egin beharrezko patroiak zehazten dira aurrez. Patroi bakoitza zaldizkoak egin beharreko hainbat ariketaz osatuta dago. Ormaiztegiko saioan horietako batzuk ikusteko aukera egon da: «spins, zaldiarekin jira buelta azkarrak egitea atzeko hanka geldi dituela; sliding stop, zaldia trostan doala bat batean gelditzea; edo zirkulu handiak eta txikiak osatzea», aipatu ditu Baronek besteren artean.
Finala, Frantzian
Antolakuntzaz arduratzeaz gain, profesionalen mailan ere parte hartu du Baronek. Bigarren geratu da sailkapen orokorrean, baina ez da bere saiorik onena izan: «Puntuazio ona lortu dut, baina ezin izan ditut zaldiak behar bezala entrenatu. Antolaketan zentratuta egon naiz, lehiaketan baino gehiago». Finala Perpinyán (Frantzia) jokatuko da: «Kuriosoa da Espainiako finala Frantzian jokatzea, baina Herrialde Katalanetatik gertu dago eta estalitako hipika bat dute bertan, eguraldi txarra egingo balu ere azpiegitura egokiekin», azaldu du.
Argazkiak: Angel Elorza