Emaus Gizarte Fundazioaren denda berria Biziolan
Ostiralean zabalduko dute, eta irailean aurkezpen ekitaldi ofiziala egingo dute.
2023ean Biziolan egindako truke-azokaren argazkia.Biziola Emaus Gizarte Fundazioarekin elkarlanean, bigarren eskuko arropa denda berria zabalduko dute Biziolan ostiralean, uztailak 11. Izaera komunitarioa izango duen, berrerabilpena sustatuko duen eta fokua ehungintzan jarriko duen arroparen bilketa gunea eta bigarren eskuko arroparen salmenta gunea batera ezartzea da proiektu honen asmoa.
2023az geroztik
2023ko udazkenean egin zen lehen saiakera batetik etorritako ideia izan da; truke-azoka batekin abiatu zen egitasmoa, eta egun horretan bildutako tresna eta arropa bolumena kontuan izanik, espazio egonkor baten aldeko apustua egitea erabaki zen. Diotenez, lan eskerga suposatu zuten ekarritako material zein arropen berrikuspen, atontze eta kudeaketa lanek, eta trukeak dituen «mugez» jabetu ziren. «Maiz topatu izan gara hartzeko beharra bai baina trukatzeko aukerarik ez zuten erabiltzaileekin», diote hedabideetara bidalitako oharrean. Hori dela eta, espazioari zein ekimenari buleta bat ematetik datorren proiektua dela ziurtatu dute; eta hala, elkarrizketa horietatik sortu da eskualdean ekonomia zirkularraren sustapena helburu duen proiektua.
Irailean aurkezpena
Zentzu horretan, Biziolak Lazkaon duen guneko eremu bat prestatuko dute, etxeetako arropak jasotzeko eta berriro erabiltzeko. Bildutakoa tratamendu-prozesu batetik igaroko da, eta gero, gune berean eta Emaus Gizarte Fundazioaren sarean dauden beste hainbat dendatan jarriko dira salgai. Irailean egingo dute aurkezpen ekitaldi ofiziala.













