Mattin Iñiguez: «Red Bull X-Alps-en parte hartu izana sari bat da bere horretan»
Ekainaren 26an kanporatu zuten lasterketatik Iñiguez. 1.200 kilometro egin ditu hegan eta 300dik gora korrikan. Lehendabiziko aldia izateko balorazio positiboa egin du.

Red Bull X-Alps lehiaketa amaituta, Alpeetan jarraitzen du oraindik Mattin Iñiguez parapentelari zegamarrak. Lasterketako tentsio uneak eta exijentzia fisikoak albo batera utzita, turista paperean sartuta dabil, «hemen gabiltza izozkiak jan, lakuetan bainuak hartu eta paseotxo eta eskalada lasaiak egiten», esan du. Tirol (Austria) aldean dabil egun hauetan: «Etxetik urruti geratzen da hau eta gutxitan daukagu Alpeen zati hau ezagutzeko aukera. Furgonetarekin Eslovenia aldera joan nahi dugu orain, Dolomitetan eskalatu eta gero, hilabete amaierarako itzuliko gara etxera».
1.200 kilometro hegan eta beste 300dik gora korrikan egin eta gero, lasterketaren hamaikagarren egunean kanporatu zuten txapelketatik Iñiguez, ekainaren 26an; helmugatik ia 342 kilometrora. «Bagenekien ez zela erraza izango. Borrokan ibili gara amaierara arte. Hamaika egun egon gara lasterketan dena ematen. Sufritu, gozatu eta asko ikasi dugu, eta lehendabiziko aldia izateko egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Mundu mailan dagoen txapelketa esanguratsuenetako batean parte hartzeko aukera izatea ia, sari bat da bere horretan», aitortu du.
Hegaldi bereziak
Eguraldiak erabat baldintzatutako lasterketa izango zela bazekien aurretik, eta hala izan da. Ekaitzak eta mendebaldeko haize zakarra nagusi izan dira lasterketako une askotan. Lehenengo egunean hartutako «erabaki txar» baten mamua izan du atzetik Iñiguezek lasterketa osoan zehar, «ekaitzetik ihes egin nahi horretan, bailara batean sartu nintzen eta han bete-betean harrapatu ninduen. Lasterketaren azken postuetan geratu ginen. Hortik aurrera beti egon gara kanporatuak ez izateko ahalegin horretan. Hori izan da gure lasterketa, irauteko borrokan ibiltzea».
«Sufritu, gozatu eta asko ikasi dugu, eta lehendabiziko aldia izateko egiten dugun balorazioa oso positiboa da»
Lasterketa amaitzeko aukerarik izan ez badu ere, esperientzia erabatekoa izan dela dio. Hegaldien aldetik, «oso hegaldi tekniko eta politak» egiteko aukera izan du, baita aurretik ezagutzen ez zituen Alpeetako zenbait paraje ezagutzekoa ere. Baten bat aukeratzekotan, Col du Petit Saint-Bernard-etik (Frantzia) Domodossolaraino (Italia) egindako hegaldia aipatu du, «ezagutzen ez nituen bailaratatik egin nuen hegan. Mont Blanc (Frantzia, Italia) mendiaren hegoaldetik Cervino (Suitza) eta Dufourspitzetik (Suitza) pasatuta Italiako Locarnotik nahikoa gertu geratu nintzen. Oso hegaldi berezia izan zen».
Udan, atsedena
Baina une zailak bizitzea ere tokatu zaio. «Ekaitzak eta mendebaldeko haize zakarra» azpimarratu ditu batez ere. Mont Blanc mendian aireratu behar izan zuenekoa kontatu du: «Mendebaldeko haize oso zakarra sartu zen eta baldintza oso kaskarretan aireratu behar izan nuen, haizea kontra nuela eta aginterik gabe, balazta bat puskatu zitzaidalako. Lasterketako une kritikoetako bat izan zen». Lasterketan zehar balizak sinatzeko edo via ferrata bat egiten lurreratu behar izan dute askotan eta horrek «hegan egiteko une oso onak eten» dizkietela ere esan du.
Etxera itzulita, udan belaontzi batean nabigatzen ikasi nahi du Iñiguezek eta datorren urtean aurrera eraman nahi dituen proiektuak antolatzeko baliatzen ari da atseden egun hauek. Aukera suertatuz gero, lasterketan berriz parte hartuko lukeen galdetuta, «lehen beti ezetz esaten nuen», dio. Baina orain ez du iritzi bera: «Barrutik bizi eta gero eta gozatu duguna gozatu eta gero, har hori sartu zait eta ezekorik ez nuke esango orain», amaitu du.