Amildegi, iraganetik datorren isiltasuna
Sei euskal mendizalek 1976an Vignemalen izandako zorigaiztoko espedizioko irudietatik eta etxean gehiegi hitz egiten ez zen istorio batetik abiatuta, ‘Amildegi’ ondu du Telmo Sanchez argazkilariak.

Ahaztutako negatibo kutxa bat. Inoiz ikusi gabeko aurpegia. Familiaren isiltasunean entzuten zen izen bat. Horrela hasten da Amildegi, Telmo Sanchez Ugalde Beasainen sustraiak dituen donostiarrak Argazkia.eus lehiaketan Gipuzkoa mailan irabazi duen argazki proiektua. Baina hau ez da edozein proiektu: ausentziari, lurraldeari eta memoriari buruzko ikerketa bisual, emozional eta etikoa da.
Istorioa 2020an jaio zen, Telmok, bere aitonaren etxean antzinako albumak aztertuz, bere osaba zahar Sebastian Sanchezena zen argazki-artxibo bat aurkitu zuenean. Sebastian beasaindarra zen, eta mendiari oso lotuta bizi izan zen. Hain zuzen ere, beste bost espedizio-kiderekin batera, Vignemale igotzen saiatzen ari zirela, luizi batek eragin zien erorikoa, eta tragikoki hil zen. Fernando Terradillos ordiziarra eta Jose Luis Orbegozo azpeitiarra ziren zorigaiztoko espedizioan hil ziren beste bi lagunak. 1976. urtean gertatu zen. 50 urte igaro dira ia.
Artxibo hura bilaketa pertsonal eta artistiko baten eragile bihurtu zen. «Irudiekiko lehen kontaktu horrek Sebastian nor izan zen, non egon zen eta familiaren historian zer leku zuen ulertu beharra piztu zidan», kokatu du proiektuaren hasiera.
Hasiera batean ustekabeko aurkikuntza izan zena, azkenean hiru urteko lana bihurtu zen: iragana eta oraina lotzen dituen berreraikitze prozesu bat. Amildegik, Sebastianen bizitza dokumentatzeaz gain, argazki analogikoa, artxiboa eta paisaia elkartzen dituen kartografia emozional bat eratzen du.
Istorio hori
Sebastianen heriotza zauri partekatua izan zen familian, baina inoiz ez zen garbi hitz egin. Telmok bere haurtzaroko une garrantzitsu bat gogoratzen du: 13 urte besterik ez zituela, aitak Vignemalera eraman zuen, omenaldi moduko ekitaldi intimo batean. «Txikia izan arren, ulertu nuen ibilaldi hark esanahi sakonagoa zuela. Oroimenaren, belaunaldi-loturaren eta transmisioaren keinua zen», nabarmendu du argazkilari gazteak.
«Irudiekiko lehen kontaktu horrek Sebastian nor izan zen, non egon zen eta familiaren historian zer leku zuen ulertu beharra piztu zidan»
Hala ere, ez zuen Sebastianen aurpegia ezagutzen bere argazki albuma aurkitu zuen arte. Azkenean bazuen zerbait ukigarria, bere irudia ahozko kontakizunetik harago berregiteko aukera ematen ziona.
Paisaia ispilu gisa
Artxiboaren bidez, Telmok ulertu zuen osaba zaharraren argazki-praktika ez zela pertsonen ingurukoa, paisaiaren ingurukoa baizik. Goierriko mendiak, Pirinioak, Suitzako Alpeak… haren irudiak giza faltak markatzen zituen. Ingurune naturala zen benetako protagonista.
«Goierrik leku garrantzitsua du proiektuan, ez bakarrik espazio fisiko gisa, baita lurralde sinboliko gisa ere, memoriaz eta afektuz betea», adierazi du Telmok.
Tim Ingolden taskscape nozioak inspiratuta (paisaia ekintza, memoria eta harremanen egitura dinamiko gisa ulertzen du), Amildegik ingurua artxibo bizi gisa irakurtzea proposatzen du: bertan bizi izan zirenen aztarnak entzuten diren espazioa.
Denboren elkarrizketa
Proiektuan bi ikusizko lerro daude: Sebastianen artxiboko argazkiak eta Telmok hartutako egungo irudiak. Elkarren ondoan jartze hutsetik urrun, obrak denbora-elkarrizketa bat sortzen du, non irudiak kutsatu, kontraesanean jarri eta elkarren artean osatzen diren.
«Nire papera ez zen biltzaile soil batena izan, interprete batena baizik. Kontua ez zen narratiba bat inposatzea, ahots koral bat eraikitzea baizik», deskribatu ditu proiektua osatzeko eman dituen pausoak.
Argazkilariak bere irudiak artxiboko irudiekin hitz egin zezaten nahi izan zuen, berdintasun maila batetik. Emaitza narratiba ez-lineal bat da, non denbora tolestu, errepikatu eta eraldatu egiten den, non iragana eta oraina begirada bakar batean elkartzen diren.
Analogikoaren balioa
Telmok argazkilaritza analogikoan lan egitea aukeratu zuen. Ez zen erabaki nostalgikoa izan, nahita egindakoa baizik. Teknika horri esker, prozesua moteldu eta arreta handiagoz behatu zuen. Gainera, lotura materiala ezarri zuen jatorrizko artxiboarekin. «Prozesu analogikoaren denborazkotasun hedatuak nire begiratzeko modua definitzeaz gain, proiektuarekin lerrokatzen da, non denbora eta haren aztarna funtsezkoak diren», nabarmendu du proiektuaren egileak.
«Nire papera ez zen biltzaile soil batena izan, interprete batena baizik. Kontua ez zen narratiba bat inposatzea, ahots koral bat eraikitzea baizik»
Karretearen testurak, itxaroteak, negatiboaren presentzia fisikoak… horrek guztiak argazkilarien bi belaunaldiren arteko jarraitutasuna indartzen du, elkar ezagutu gabe munduari begirada bera ematen diotenak.
Intimotik kolektiboraino
Amildegik Argazkia.eus saria jaso du, eta, horri esker, Telmok bere historia partekatu du. Aitormen hori lorpen artistikoa baino gehiago izan da berarentzat: intimoa ere kolektiboaren parte izan daitekeela legitimatzeko modu bat izan da. «Proiektuak tokiko kultura-sarearen barruan bere lekua aurkitu izanak indartu egiten du narratiba pertsonalek ere komunean espazio bat dutenaren ustea».
Argazkiak plataforma digitaletan azkar zirkulatzen duten garaiotan, Amildegik euskarri fisikoaren, denbora geldoaren eta elkartzeko modu gisa begiratzeko egintzaren balioa gogorarazten du. Miaketa zintzo eta poetikoa, familiaren galera doluari, memoriari eta paisaiak artxibo emozional gisa duen botereari buruzko proposamen unibertsal bihurtzen duena.