ERREPORTAJEA. Proba gorena, izena eta izana
Gaur 18:00etan ziren irtetekoak Ehunmilak probako lasterkariak,baina eguraldi iragarpen eskasen ondorioz, antolakuntzak erabaki du proba larunbatean 11:00etan abiatzea. Lasterketa 125 kilometrora murriztu dute, eta gehienez 31 ordu dituzte helmugaratzeko. Arantxi De la Fuente beasaindarrak eta Iñaki Okariz zumarragarrak lasterketari buruz hitz egin dute. Elkarrizketak aurrez eginak dira.

2010ean ekin zion Arrastaka Mendi Taldeak Ehunmilak abentura antolatzeari. Urte hartan egin zuten lehendabiziko edizioa, eta aurten XIV. edizioa izango du trilogiak. Trilogia, baina, gerora antolatu zuten; hasiera batean bilogia bat zen; Ehunmilak Ultra Trailak eta Goierriko Bi Handiak probek osatzen zuten ekimena. 2012an Ehunmilak taldeka egiteko aukera txertatu zuten, eta bi urte beranduago, 2015ean, Marimurumendi mendi maratoia. Hiru probako proiektua borobildu zuten hala.
Maratoiak ere indarra hartu du 10 urteotan, baina bi ultra-trailak dira ekimenaren oinarria. Zehazki, Ehunmilak Ultra-Trailak, proiektu osoari izena ematen diona. Aurten, proba gorenean 360 mendi korrikalarik eman dute izena. Erronka handi eta luzea izango dute aurretik: 171 kilometroko ibilbidea osatzea, 10.500 metro desnibel positiboarekin. Bi egun, 48 ordu izango dituzte gehienez hori egiteko, eta ibilbidean bederatzi irteerako gehienezko denbora puntuak izango dituzte.
Beasaindik 18:00etan irtengo dira ostiralean, Loinazko San Martin plazatik. Kale Nagusitik Erauskin plaza aldera, eta bertatik gorako bidea hartuko dute korrikalariek, Usurbe aldera joateko. Handik Mandubiara, eta Zumarragara gero. Zumarragatik irteteko gehienezko denbora 4 ordu eta 25 minutukoa da. Zumarragatik Gorlara, eta hortik Madarixara. Azpeitian izango dute hurrengo irteera kontrola; 13 ordu eta 45 minutu gehienez handik irteteko. Zelatun, eta Zelatundik Tolosara (20 orduko gehienezko denbora irteerarako). Jazkue gaina igo eta Amezketa (24 ordu) izango dute jomuga ondoren; Uarrain (26 ordu eta 50 minutura gehienez Txindokiko lepoan), Lizarrusti (30 ordu eta 50 minutu), Etzegarate (34 ordu eta 50 minutu), San Adrian (38 ordu), Oazurtza (42 ordu), Mutiloa, eta Beasain.
Iaz, ibilbidearen luzera doitu zuten, eta 168 kilometro beharrean, 171 kilometro ezarri zituzten. Aurten, ez dago berritasunik.
Antolakuntzak lasterkarientzat prestatutako dokumentuan dioen bezala, «distantzia eta desnibela edozein dela ere, erdi autosufizientzia probak» dira: «Zure mugak modu pertsonal eta bakarrean ezagutu ahal izango dituzu». Entrenamenduen eta prestaketa lanen ondoren, proba exijenteena osatzeko eta Beasainen helmugaratzeko helburuarekin aterako dira etzi ehunka mendi korrikalari.
Hirugarrena helburu
Arantxi De La Fuente (Beasain, 1966) bosgarren aldiz aterako da Ehunmilak ultra-trailean. Bi bukatuta dauzka, eta beste bi bukatu gabe. Goierriko Bi Handiak ere egin ditu, hiru aldiz. Trilogiako probetan, beraz, zortzigarren aldia izango du.
2022an azkena izango zela esan zuen, baina hirugarrenaren bila joango da aurten: «Asmoa zen hiru G2H eta hiru EHM betetzea, baina nola hirugarrena ez nuen amaitu, aurten noa horren bila». Bukatzea izango da bere helburua. Denborarik ez du esan nahi, ahalik eta hobetoen bukatu nahi du. «Orduen arabera, ikusiko da nola moldatzen naizen eta nola doan dena».
Aurtengo emaitzak «oso onak» izaten ari direla azaldu du, eta hortaz, «konfiantza handia» daukala beregan. «Pixkanaka joan naiz; 25 kilometroko bat egin nuen, gero maratoi bat, eta gero izan zen 70eko bat; erresistentziako bat ere bai, 134 kilometro egin nituen».
Entrenamenduak ere ondo atera zaizkio, eta «oso ondo» aurkitzen da. Ordu asko sartu dituela dio, kilometro asko. «Astean zehar mendira joaten naiz, asfaltoa ere egiten dut bolumena eta erresistentzia sartzeko, eta gero tirada luzeak igandetan, bolumenarekin eta desnibelarekin».
«Baxualdietarako prestatuta egon behar duzu, eta kontziente izan momentu horiek etorri behar direla»
Arantxi De la Fuente. Korrikalari beasaindarra
Gogotsu dago, eta prest ikusten du bere burua. «Ondo lan egiten ari naiz, pertsona batek eramaten nau eta beste modu batera ari naiz prestatzen. Ikusiko da, baina konfiantza osoa daukat nigan». Badaki zer den ultra trail bat egitea, eta badaki zer den zehazki Ehunmilak egitea. Baxualdiak egongo direla argi du, baina bere burua ezagutzen du: «Baxualdi asko egoten dira, eta horretarako ere prestatuta egon behar duzu, eta kontziente izan momentu horiek etorri behar direla. Eta pentsatu behar duzu pasatuko direla, eta aurrera jarraitu. Ni momentu horietan sartzen naiz nire munduan, ez dut inorrekin hitz egiten, ez dut ezer jakin nahi inorrekin; momentua pasatzen uztea da».
Gauekin ez du arazorik. Gauak, pluralean: «Nik badakit bigarren gaua ukituko dudala». Baina lehenengo gauean behintzat «askoz ere zentratuago» joaten dela aitortu du, ikusgarritasun gutxiago izanda «kontu gehiagorekin» joaten baita. Eguraldiak gehiago kezkatzen du beasaindarra: «Niretzat okerrena da bero asko egiten badu, ni horrek asko ahultzen nau eta horrek ematen dit beldurrik gehiena. Hori eta tripak nola joango diren».
Zalantzak azken unera arte
Kirolari baten amesgaiztoetako bat dira lesioak. Entrenamenduak gora, entrenamenduak behera… eta prestatutako proba gerturatu ahala min hartzea. Hori gertatu zaio Iñaki Okarizi (Zumarraga, 1982). Lehen aldiz eman zuen izena Ehunmilak proba egiteko. «Aurten denbora gehiago nuen eta apuntatu egin nintzen». Baina zalantzak ditu egingo duen edo ez. Eguna iristean erabakiko du irteera marran egoteko prest dagoen edo ez.
Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi eginak dauzka, eta Ehunmilak falta zaio trilogia osatzeko. Baina ez daki posible izango den. Nahiko lukeen moduan, behintzat, ez. «Jada ez da lehen nuen espektatiba, motibatuta nengoen denbora ona egiteko, baina hau ikusita, aldatu egin beharko dut, ateratzekotan lasaiago egin beharko dut eta».
«Jada ez da lehen nuen espektatiba, motibatuta nengoen; lasaiago egin beharko dut orain»
Iñaki Okariz. Korrikalari zumarragarra
Egunero ibili da entrenatzen, asfaltoan eta mendian, baina azken bi hilabete eta erdian minarekin egon da. Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronka egin zuen, eta harrezkero «izurratuta» egon da. Azken asteotan geldi egon da.
Ez du esperantza galdu, eta aurreikusitakoa baino polikiago egitea ere ez du baztertzen: «Ez dut nahi atera eta segituan erretiratu. Ondo nagoela ikusten badut, korrika egiteko gai naizela, suabeago atera eta ea nola joaten den; oraintxe bertan ez dut uste bukatu ahalko dudanik mina sartzen bazait berriz ere, baina ikusiko dugu».
Okariz bezala, beste hainbat ere egon daitezke. 360 korrikalarik eman dute izena, baina ez dira agian denak irteeran izango. Iaz, 426 korrikalarik eman zuten izena, eta 385 irten ziren Beasaingo Loinazko San Martin plazatik. Azkenean, 227 iritsi ziren denboraren barruan.
Ehunmilak. Pasaera ordutegia berria
Ehumilak ultra-traileko lasterketariek 31 ordu dituzte gehienez probaren 125 kilometroak osatzeko.