ERREPORTAJEA. Erronka betetzeko bidelagunak
Osasun arloko boluntarioak oinarrizko elementu dira Ehunmilak trilogian. Korrikalariei haien erronkak betetzen laguntzen diete, betiere osasuna lehenetsita. Mediku, erizain eta teknikariez gain, podologoak eta fisioterapeutak ere egoten dira partaideei arta ematen.

Trilogiaren antolakuntzak ibilbideen puntu jakin batzuetan eta igarotze-kontroletan partaideen osasun-zaintzarako pertsonal espezializatua jartzen du. Eta argi uzten du hasieratik: «Ezinbestekoa da behar bezala identifikatutako pertsonal horren azalpenak jarraitzea». Osasun arazorik egon ez dadin eta korrikalarien osasun beharrak artatzeko, mediku, erizain, podologo edo fisioterapeutak egoten dira puntu horietan. Boluntarioak dira gehienak.
Haritz Esnal (Aia, 1981) zarauztarra da Ehunmilak proiektuaren Mediku Batzordeko burua. Mendi korrikalaria ere bada. 2013an Goierriko Bi Handiak egin zuen. 2016tik, halere, mediku gisa parte hartzen du ekimenean. «Asteburua koordinatzea» izaten da bere lana, Gurutze Gorriko dispositiboa (anbulantziak, karpak, materialak…), Gurutze Gorriko teknikariak eta mediku eta erizainak koordinatzea, alegia. Guztira, osasun arloko pertsonala 170 bat lagunek osatzen dutela azaldu du: «Gurutze Gorriko 140 bat teknikari egoten dira, eta 13 bat mediku eta 17 erizain inguru».
Hiru proba izanda, puntu ezberdinetan kokatu behar dira korrikalariei arta emateko. EHMkoentzat, Mandubian, Zumarragan, Gorlako gainean, Madarixan, Azpeitian, Zelatunen, Tolosan, Amezketan, Uarrainen, Lizarrustin, Etzegaraten, San Adrianen, Oazurtzan, Mutiloan eta Beasainen egoten da osasun zerbitzua. G2Hkoentzat, Zaldibian eta Larraitzen ere bai. Eta MMMkoentzat, anoa gune guztietan: Beasainen, Agortan, Pagorriagan, Kizkitzan, Atxurtzan eta Arriaranen. «Igandean, maratoiak ez du errepikatzen beste bien ibilbidea inon, eta beraz, beste dispositibo bat eskatzen du».
Elkarren artean komunikatuta egoten dira etengabe mediku, erizain eta teknikariak. GPSaren bidez, ezbehar bat izanez gero errazago lokalizatzen dute lasterkaria, eta galtzen badira non dauden ere ikus dezakete. Baina horrez gain, orain dela hiruzpalau urte sortutako barne-plataforma bat daukate osasunari dagokien datuen jarraipena egiteko eta puntu ezberdinetan dauden sanitario guztiek informazio hori eskura izan dezaten: «Korrikalari batek Zumarragan ondoeza bat izan badu edo txorkatila bihurritu badu, eta Izarraitzen berriz zerbait pasatzen bazaio, antolakuntza aldetik eta osasun aldetik jarraipen bat izateko da plataforma, jarraipen estuagoa egiteko. Denek informazioa izan dezaten korrikalari bakoitzarena».
300 arta
Datu guztiak gordetzen dituzte. Esnalek azaldu duenez, «urtetik urtera 250 eta 300 arta artean» egiten dituzte; «lautik batek zerbait eskatzen du». Baina, «zorionez», dio, «horien %90 ez dira garrantzi handikoak» izaten: «Molestia muskularra, baba handiak, kolpeak… eta beste %10 horretan sartzen zaizkigu beste larriagoak izan daitezkeenak: deshidratazioak, botakak, diarreak, beroagatik mareoak…». Tarteka, «zoritxarrez bene-benetako arazoak» izaten dituzte, ospitalizazioa behar dutenak, baina kopurua baxua dela dio. «Tarteka sustoak izaten ditugu, eta gure lana da susto horiek kontrolatzen saiatzea».
«Tarteka sustoak ditugu; gure lana da horiek kontrolatzen saiatzea»
«Erronka betetzea nahi dugu, baina ez dugu nahi osasuna arriskuan jartzea»
Haritz Esnal. Medikua
Pertsonal sanitarioaren egitekoa da korrikalarien osasuna lehenestea eta hori erronkaren gainetik jartzea. Araudiak dioen bezala, azken hitza daukate. Batzuetan ezinegona sentitzen dutela aitortu du Mediku Batzordeko buruak: «Korrikalariak bere erronka betetzea nahi dugu, baina bestetik ez dugu nahi osasuna benetan arriskuan jartzea. Jende askok esaten dit, ‘baina EHM bat ez da osasuntsua’, eta ez, egia da, 171 km korrika egitea ezin da osasuntsua izan, baina prozesu horretan laguntzea gure esku dago, batzuetan laguntzea da proban jarraitzeko laguntza ematea eta beste batzuetan uzteko esatea. Zorionez borroka handiegirik ez dugu izaten korrikalariekin, zeren benetan adierazten badiezu zeintzuk diren gure argudioak, iritziak, zergatiak… ‘arrazoi duzu, beste urte batean izango da’ esaten dute».
Oinetatik hasita
Arta multidiziplinarra izaten da. Mediku eta erizainez gain, podologoek ere parte hartzen dute arreta horretan, beste lantalde batean. Iñaki Berruetak (Agurain, 1967) aurten bosgarren aldiz parte hartuko du podologo boluntario gisa. Lagun baten bidez izan zuen lasterketaren berri, hark laguntza eskatu baitzion: «Lagun katalan batek proba batean laguntza eskatu zidan, giroa bikaina zen, eta lana zegoen arren, merezi zuen. Hortik aurrera, ez zuen deitzeko beharrik izan, ni zain nengoen! Ehunmilakerako boluntarioen bila zeudela jakin nuen; zalantzati gerturatu nintzen lehenengo aldian, baina kideak bikainak ziren eta korrikalariak ere zoragarriak; ezin nuen gehiago eskatu!». Hamabi podologo egoten dira: Etzegarate G2Hrako, Tolosan EHMrako, eta Beasaingo polikiroldegian probak amaitzerako. Berrueta Etzegaraten egongo da, 16:30etik 23:00etara.
«Zapatila karreretako kotxeetako neumatikoa bezalakoa da»
«Anpoilak, azkazal beltzak eta bendaje espezifikoak izaten dira gehienbat»
Iñaki Berroeta. Podologoa
Azaldu duenez, lasterketen aurretik aholkuak ematen dizkiete korrikalariei oinak ahalik eta hobetoen prestatzeko, eta lasterketa egunean lesio txikiak soluzionatzen ahalegintzen dira. «Anpoilak, azkazal beltzak eta bendaje espezifikoak» izaten dira artatu beharreko kontuak. Zapatillen garrantzia azpimarratu du: «Funtsezko elementuak dira, gure gorputzaren indar guztia transmititzeko erreminta dira, eta era berean, lurrazalaren informazioa jasotzen dute; karreretako kotxeetako pneumatikoak bezalakoak dira».

Irati Larrañaga fisioterapeuta korrikalari batekin kiroldegian.
Elkarlanean
Gurutze Gorria, mediku, erizain, podologo, zein fisioak, denak elkarlanean aritzen dira korrikalariari bere helburua lortzen laguntzeko. Irati Larrañaga (Usurbil, 1993) fisioterapeuten lantaldeko kide da. 2016an hasi zen fisio boluntario Ehunmiletan. «Oso-oso beharrezkotzat» jo du fisioterapeuten lana ere: «Korrikalariek gorputza limitera eramaten dute, asko exijitzen dute, askotan limite hori pasatu egiten da, eta artatu behar den momentuan osasun ekipoan, mediku, podologo, erizain eta beste osasun arloko profesionalez gain fisioterapeutak egoteak eragiten du zebritzu hori konpletoagoa izatea». Azaldu du «askotan pentsatzen dela fisioterapeutek momentuan tratatzen dutela soilik», baina nabarmendu du aholkuak ere sarritan ematen dituztela: «Korrikalariak aholku eske etortzen dira, aurrez izandako lesio batengatik edo dudak dauzkatelako, jarraitu, ez…».
«Aholku eske etortzen dira, aurrez izandako lesio batengatik edo dudak dituztelako»
«Asko giharretako izugarrizko gainkargekin iristen dira, oso proba exijentea da»
Irati Larrañaga. Fisioterapeuta
Fisioterapeutak ere Etzegaraten, Tolosan eta Beasainen egoten dira, eta leku ezberdinetan ematen den arta edo zerbitzu eskaera ez da berdina izaten Larrañagaren hitzetan: «Anoa guneetan gauza azkarrak eskatzen dituzte: karranpak, estiramenduak, muskulatura berotzeko kremaren bat… Askotan izaten da aholkuak ematea, aurretik lesio baten mamuak agertzen zaizkie eta gomendioak eskatzen dizkigute, okerduraren bat izan dutelako bendaje azkar bat egitea… gehiago tratamendu azkarrak eta aholkuak izaten dira». Aldiz, Beasainen, «lana oso ezberdina» dela dio: «Korrikalariak normalean dutxatuta eta janda etortzen dira, batzuk lo eginda eta guzti, orduan izaten da gehiago erlaxazioa, eta hor ikusten diren lesioak dira gainkargak, artikulazioak inflamatuta edukitzen dituzte agian hainbeste orduz mendian inpaktu hori jasotzeagatik, eta ikusten den lesioetako bat izaten da orkatileko okerdurak. Asko izugarrizko giharretako gainkargekin iristen dira, azkenean oso proba exijenteak direlako».
Boluntario diren Gurutze Gorriko teknikariei, medikuei, erizainei, podologoei eta fisioterapeutei esker, lasterkariek osasun arloko zerbitzua bermatuta dute. Erronkaren segurtasuna egituratzen laguntzen dute.
Osasun arloan 170 boluntario aritzen dira
Lau korrikalaritik batek osasun zerbitzuak eskatzen ditu Ehunmiletan; horien %90 babak, kolpeak, molestia muskularra…izaten dira, eta beste %10a «larriagoak izan daitezkeenak», Haritz Esnal Mediku Batzordeko buruak azaldu duenez. Zerbitzu horri erantzuna emateko, 170 lagunek osatzen dute osasun arloko pertsonala: Gurutze Gorriko 140 eta 30 mediku eta erizain.