ELKARRIZKETA. «Etorriko denari aurre egiteko prest egon behar duzu beti»
Jarduera fisikora eta distantzia luzeetara «ohituta» dago Irving Bennett mendi korrikalari panamarra. Kilometroak pilatu ditu urtez urte korrika. Ehunmilak ultra trailean «ondo pasatzea» espero du.

Lehenengo aldiz parte hartuko du Irving Bennett (Cincinnati, Ohio, AEB, 1961) panamarrak Ehunmiletan. «Sasoi onean» aurkitzen da lasterketarako. «Ehunmilak nazioartean dauden lasterketetatik gogorrenetarikoa» dela ziurtatu du.
Noiz hasi zinen korrika mendian?
Panaman hasi nintzen. Lehenengo Fiji Eco Challenge proba egin nuen 2002an eta ondoren El Reto del Indio paseoa antolatu nuen, Panamako Istmoa zeharkatzen duena bizikletan, oinez eta arraunean. El Valle Rail Trace antolatu genuen gero, eta El Valle Ultra ondoren. Hortik, El Reto del Indio ultra traila jarri genuen martxan. 2009an nire lehen ultra traila egin nuen: American River 80K.
Hortik aurrera, distantzia luzeagokoak eta proba gogorragoak egiten hasi nintzen. 100 miletako 21 proba egin ditut jada, eta beste asko ere bai.
Ehunmilak probarako, zer moduz zaude?
Sasoi onean, ez kondizio onenetan, baina oraindik aste batzuk ditut (ekainaren 20an egin zen elkarrizketa) horra iristeko. Ez daukat molestiarik eta gorputza ondo erantzuten ari zaio entrenamenduen kargari. Mentalki, abantaila daukat, proba luzeak bukatu izanaren esperientziarena.
«Esperientzia daukat, distantziarako adaptazioa ere bai, eta mentalki eroso egon nahiko nuke»
Nola izan zenuen Ehunmilen berri?
Semea Nafarroako Unibertsitatera ikastera joan zenean, Donostiara, inguruko lasterketak bilatu nituen. Ehunmilak aurkitu nuen eta asko gustatu zitzaidan ideia, baina datek ez zuten ematen, uztailean semea Panamara itzultzen zelako. Orain, ikasketak bukatu ditu, eta abuztura arte geratuko denez, Ehunmilak egiteko denak egin du bat. Europan, Ultra Trail Mont Blanc, Kerry Way 200K eta Ultra Trail Monte Rosa egin ditut.
Goierrin egon zara?
Sekula ez. Aurrez Ehunmiletako mendietan korrika egingo dut nire seme Irving Bennettekin eta Andrea Berraondo bere bikotekidearekin. Euskal Herrian izan naiz semea bisitatzen, hau hirugarren aldia izango da; asko gustatu zait Euskal Herria, ingurunea, kultura eta gastronomia.
Al Aire Libre izeneko blogean idazten dituzu zure abenturak.
Mendia, zelaiak, itsasoa eta errekak ditut gustuko. Asfaltoan baino, mendian korrika egitea nahiago dut. Aktibitate luzeak egiten ahalegintzen naiz, aire zabalean. Proba luzeak ditut gustukoen. IronMan eta maratoiak egin ditut Panamatik kanpo. Ez nuke bidaiatuko ekitaldi motzetarako.
Ehunmilak proban, ze garrantzi du arlo fisikoak eta zer psikologikoak?
171 kilometro korrika egiteko, 10.500 metroko desnibel positiboarekin, fisikoki oso ondo egon behar duzu, eta esperientzia behar da. Oso proba gogorra da, dauden lasterketetatik gogorrenetarikoa. Esperientzia daukat, distantziarako adaptazioa ere bai, eta mentalki eroso egon nahiko nuke. Erronka da erakartzen nauena.
Nola entrenatzen duzu?
Karrera luzeak egiten. Ez diot inoiz uzten entrenatzeari, ja ez dut entrenamendu gisa ikusten. Jarduera fisikora ohituta nago.
«Onena da hidratatuta mantentzea da, balantze isotonikoa mantentzea, eta nahikoa jatea gorputzak ondo funtziona dezan»
Ehunmilak probako ibilbidea, nola prestatzen duzu?
Google Earth bidez. Zatirik gogorrenetan korrika egiten ahaleginduko naiz, denbora izango dudalako. Erakargarritasunaren zati bat da, bidean aurkituko duzuna sorpresa izaten da.
Baxualdietarako prest egotea nahitaezkoa da?
Beti daude baxualdiak horren proba gogorretan. Momentu zailenak gauak dira. Onena da hidratatuta mantentzea, balantze isotonikoa mantentzea, eta nahikoa jatea gorputzak ondo funtziona dezan. Etorriko denari aurre egiteko prest egon behar duzu beti.
Zer espero duzu probaz?
Ondo pasatzea espero dut. Ona litzateke bidean konpainia ona aurkitzea. Bidean garagardoa aurkitzea asko gustatuko litzaidake, hidratatu eta erlaxatu egiten nau. Baina zentzu horretan argiak dira Ehunmilaken, eta ez dute kanpoko laguntzarik onartzen, eta ez dute garagardorik anoa guneetan. Garagardo lata batzuk jarriko ditut poltsetan bidea alaitzeko.