HAUTAGAIAK. Lau garaile errepikatzeko prest
Chelo Velasco eta Fidel Fernandez EHMren iazko irabazleak Beasainen izango dira. Marimurumendin lehen hiru neskak aterako dira berriz. G2H irekia dator aurten.

Ez dira zaleak Ehunmilak ultra-trailaren antolatzaileak izen bat bestearen gainetik goretsi eta hautagai nagusiak zein izango diren esateko. Lasterketa honen beste bereizgarri bat izan daiteke hori, edo hankarik sartu ez nahia, edo ustekabeari tartea uztea. Baina izen batzuk aipatu beharrean daudela badakite, komunikabideek izen batzuk eduki nahi dituztelako esku artean, jendeak ere galdetzen duelako, eta horrek, ezinbestean, ikusmina pizten duelako.
Aurten izena ematen dutenen zerrendak hartu, galbahe lana egin, eta proba bakoitzeko dozena bat izen jarri dituzte mahai gainean, 36 guztira. Ehunmiletako iazko bi irabazleak Beasaingo irteeran izango dira aurten ere, Goierriko Bi Handietara iazko bi bigarren sailkatu datoz eta Marimurumendin iazko nesken podiumak errepikatuko du.
MARIMURUMENDI
Lehia estua espero daiteke Marimurumendi maratoiko nesken podiumerako. Ainhoa Intxausti segurarra –iazko irabazlea, probaren errekorra jarriz– Beasainen izango da, baita iazko bigarren eta hirugarren sailkatuak ere, Henar Lazaro espainiarra eta Lorea Totorika bizkaitarra.
Endika De las Heras beasaindarra iazko hirugarren postua hobetzen saiatuko da aurten ere, eta postu ona lortzeko aukera dutenen artean beste goierritar bat dago, Gaizka Lasa legorretarra.
GOIERRIKO BI HANDIAK
Goierriko Bi Handiak proban Olatz Azazeta eta Ander Iñarra dira nabarmendu daitezkeen bi izen. Iaz bigarren sailkatu ziren altsasuarra eta lezoarra. 2016an G2H irabazi zuen Leire Martinez ere lehian izango da aurten –2023an EHMn hirugarren–, eta baita orain bi urte G2Hko podiumera (3.a) igo zen Iñigo Arantzamendi ondarroarra ere.
Gainontzean lehia irekia izango dela espero da. Goierritarren artean, Mikel Auzmendi ataundarra eta Mikel Insausti beasaindarra aipatu ditu antolakuntzak.
EHUNMILAK
Proba erreginean, berriz, Chelo Velasco asturiarra eta Fidel Fernandez kantabriarra iazko txapeldun titulua berresten saiatuko dira. Mutiletan, Igon Mantzisidor zumaiarra behingoz podiumeko lehen koskara igotzen saiatuko da, azken bi edizioetan bigarren sailkatu ondoren.
Penintsulaz kanpoko hiru korrikalariren izenak ere badaude hautagaien artean: Martina Poelzelbauer austriarra nesketan, eta Jean-Francois Cauchon kanadiarra eta Christophe Cantanheira frantziarra mutiletan. 2018an eta 2019an hirugarren sailkatu zen Unai Dorronsoro beasaindarrak ondo ezagutzen du lasterketa, eta zerrendari begiratuta bera izan daiteke hautagai nagusia.
Hautagaiak probaz proba
MARIMURUMENDI
- Ainhoa Intxausti. Segura (EH)
- Henar Lazaro. Espainia
- Isabel Sandoval. Espainia
- Lorea Totorika. Ermua (EH)
- Elena Calvillo. Beasain (EH)
- Alba Loras. Espainia
- Asier Azkarate. Arrasate (EH)
- Endika de las Heras. Beasain(EH)
- Markel Urigoitia. Otxandio (EH)
- Ruben Ruzafa. Herrialde Katalanak
- Jacob Pinazo. Espainia
- Gaizka Lasa. Legorreta (EH)
GOIERRIKO BI HANDIAK
- Olatz Azazeta. Altsasu (EH)
- Ane Zabala. Arrasate (EH)
- Leire Martinez. Santurtzi (EH)
- Raffaella Ciavola. Gasteiz (EH)
- Davinia Corrales. Espainia
- Oihane De los Ojos. Gasteiz (EH)
- Ander Iñarra. Lezo (EH)
- Mikel Auzmendi. Ataun (EH)
- I. Arantzamendi. Ondarroa (EH)
- Iraitz Legorburu. Getaria (EH)
- Javier Manuel Pena. Espainia
- Mikel Insausti. Beasain (EH)
EHUNMILAK
- Martina Poelzelbauer. Austria
- Chelo Velasco. Espainia
- Miriam Llop. Espainia
- María Victoria Soler. Espainia
- Severine Duhalde. Hendaia (EH)
- Cristina Bataller. Herrialde Katalanak
- Fidel Fernandez. Espainia
- Igon Mantzisidor. Zumaia (EH)
- Jesus Gil. Espainia
- Unai Dorronsoro. Beasain (EH)
- Jean-François Cauchon. Kanada
- Christ. Cantanheira. Frantzia