ERREPORTAJEA. Trilogia baten istorioak
Ehunmilak ultra-trailak, G2Handiak Goierri trailak eta Marimurumendi mendi maratoiak osatzen dute Ehunmilak trilogia. Oskar Rodriguezek hirurak egin ditu, eta Koldo Galarretak eta Saioa Iriondok aurtengoak bukatuz gero osatuko dute hirukoa.

Ehunmilak proiektuko lasterketek 303 kilometro pasatxo batzen dituzte, eta 18.300 metro desnibel positibo; Ehunmilak ultra trailak 171 kilometro ditu, 10.500 metro desnibel positiboarekin, Goierriko Bi Handiek 90 kilometro, 5.500 metro desnibel positiboarekin, eta Marimurumendik 42,195 kilometro eta 2.300 metro desnibel positibo. Badira hiru lasterketak hasi eta bukatu dituzten hainbat eta hainbat mendi korrikalari. Elena Calvillo beasaindarra izan zen hiru probak eta lau modalitateak (EHM, G2H eta MMM, eta EHM taldeka) osatu zituen lehendabiziko lasterkaria. Iaz Bealak taldean hirugarren egin zuen Asier Zubeldia eta Koldo Agirrerekin. Gainera, bi irabazi ditu: G2H 2010ean eta EHM 2022an.
Badu zerbait proiektuak, lasterketa bakarra ez, denak osatu dituzten korrikalari batzuk-batzuk badirenean. Antolatzaileek sare sozialetan zabaldu zuten galdera: «Gure trilogiako hiru probetan parte hartu al duzu? Amaitu al dituzu? Edo aurten itxiko duzu trilogia?». Asier Arozena beasaindarrak EHM ultra trailean eman du izena, bigarren aldiz amaitzeko asmoz, aurretik MMM eta G2H amaituak izanda; Laura Rodriguez elgoibartarrak iaz MMM eginda osatu zuen trilogia; lehen edizioetan podiumetan izandako Xabier Yurrebaso beasaindarrak eta Iñaki Katarain irundarrak trilogia osatua dute… Eta beste askok, aurten hiru probatako batean izena eman dute hala hirurak osatuta izateko helburuarekin.
Hirurak bi aldiz
Oskar Rodriguezek (Beasain, 1996) Marimurumendi bi aldiz egin du, 2018an eta 2019an; Goierriko Bi Handiak beste bi aldiz, 2022an eta 2023an; eta iaz lehen aldiz EHM egin zuen. Aurten iazko proba errepikatuko du, irteeran izango da, eta ultra-traila amaitzen badu, hiru probak bi aldiz osatuta izango ditu.
Rodriguezek berak azaldu duen bezala, «pixkanaka» eta «progresiboki» joan da probak egiten. Haren kuadrillako bik 2016an eta 2017an G2H egin ondoren, harra piztu zitzaion, eta hala eman zuen izena MMM maratoian. Hirurak probatu ditu harrezkeroztik: «Karrera oso ezberdinak dira, MMM oso karrera azkarra da, maratoia da, mentalki behar duzu indarra denetan bezala, baina batez ere hankak behar dituzu. Gero G2Hn ere mentalki fuerte egon behar duzu, baina halere hankek garrantzi handia dute. Erdibidekoa litzateke. Eta EHMn hankez gain burua behar duzu, momentu batean indarrik ez duzulako eta buruak tira egin behar duelako».
«Sufritzen badakidala uste dut, eta gauza hauetarako uste dut buru ona dudala»
Oskar Rodriguez. Mendi korrikalaria
Iaz, taldekakoan eman zuen izena, baina taldeko beste bi kideek ez zuten amaitu eta berak aurrera egin zuen. 32:46:52ko denboran helmugaratu zen Beasaingo helmugan. «Karrera oso ona atera» zitzaion, eta aurtengorako «oso ondo» ikusten du bere burua, «iaz baino askoz ere hobeto». Iazkoan momentu txar bakarra izan zuen, «Oazurtzatik Zerainera bidean, pintxazoekin». Lorik ez zuen egin, bi aldiz dutxatu zen, eta aurten dutxatzeko tarterik hartzeko asmorik ez dauka, denboraz jaistea baitu helburu: «Aurten 30 ordutik jaitsi nahi dut».
Urtarrilean hasi ohi ditu entrenamenduak, eta astean seitan entrenatzen du, izan asfaltoan kilometroak eginez, mendian edota gimnasioan. Fisikoki momentu onean dagoela dio, eta buruz ere bai: «Sufritzen badakidala uste dut, eta gauza hauetarako uste dut buru ona dudala».
Entrenamenduen bidez, orain arte egin dituen lasterketa guztietan hobetu duela dio; azken hilabetean, Azpeitiko Domusa Teknik, Zegama-Aizkorri, Tolosaldeko T3T mendi maratoia eta Euskal Herriko Mendi Erronka probak egin ditu.
Aukeratzen hasita, euria egitea nahiagoko luke beasaindarrak, baina eguraldia dena dela ere, aurre egingo dio EHMaren erronka handiari. Ultra-traila bukatuz gero, Ehunmilak proiektuko lasterketa bakoitzeko bina edizio edukiko ditu bere palmaresean.
EHM lehen aldiz
Koldo Galarretak (Beasain, 1997) Ehunmilak ultra traila egingo du aurten. 2022an Marimurumendi egin zuen, eta Goierriko Bi Handiak 2023an eta 2024an. Iazkoan hamaseigarren postuan helmugaratu zen. Aurtengoa bukatuz gero, berak ere trilogia osatuko du.
«Ondo» sentitzen da ultra trailerako, eta gogotsu. «Entrenamendu garrantzitsuenak eginda dauzkat eta Ehunmilakerako gogoekin nago, azkenean azken txanpa ja luzea egiten da, eta iristeko gogoekin, ea zer moduz ateratzen den». Mendi maratoi ugari egin ditu, baita distantzia luzeagoko probak ere; esaterako, Azpeitiko Domusa Teknik proba. Inoiz egin duen lasterketarik luzeena Goierriko Bi Handiak izan da. «EHM nire bizitzako luzeena izango da, 100 kilometroetatik pasatzen naizen lehena». Astero, «ahalik eta kilometro gehien sartzen» ditu, bai mendian eta baita asfaltoan ere. «Hori eta egindako lasterketak izan dira nire entrenamendua».
«Nire bizitzako luzeena izango da, 100 kilometrotik pasatzen naizen lehena»
Koldo Galarreta. Mendi korrikalaria
Ez dauka erreferentziarik denborei dagokienez Ehunmiletarako, baina gauza bat argi dauka: «Nahi dudana da gau bat pasatzea ahal bada, eta ahal dela bigarren gau aldean metara iristea». Gaua «G2Han bezala» pasatuko du, «frontalarekin eta ailegatzeko asmoz», lorik egin gabe, «dena ondo joaten bada». Baxualdiak izateko «mentalizatuta» joatea beharrezkoa dela dio Galarretak, «horrenbeste ordutan gorabehera asko egotea normala izaten» delako. Entrenamenduen nagiarekin alderatu du: «Astean zehar entrenatzeko gogoa beti ez duzu edukitzen, baina atera egiten zara eta aurre egiten diezu momentu horiei». Euririk ez luke nahi lasterketa egunetarako, baina lasterketa ona egin eta trilogia amaitzeko helburuz aterako da.
EHMtik MMMra
Iaz taldeka egin zuen Saioa Iriondok (Elgoibar, 1981) Ehunmilak ultra traila, Maite Maiz eta Gema Segurola azpeitiarrekin batera. Soilik emakumez osatutako lehen taldea izan zen. Eta hirurak helmugaratu ziren. «Oso ondo joan zen. Nahi gabe sortu zen talde horrek oihartzuna izan zuen eta aurrean genuen erronkaz gain, presioa ere hor genuen. Izugarrizko lasterketa izan zen, oso ona, gure gauzak pasatu genituen baina zoragarria izan zen, kristoren bizipena».
2023an, Goierriko Bi Handiak proba osatu zuen. Aurten, Marimurumendi egingo du. Hiru probak «oso ezberdinak» direla ziurtatu du, «distantziak, desnibelak, profilak… eta horrek guztiak ekartzen du prestaketa ezberdina izatea». Era berean, helburuak ere ezberdinak dira Iriondorentzat: «G2H egin genuenean, gehienez 65 kilometroko probak nituen eginda eta helburua zen luzeago batera salto egitea; gero EHM erronka askoz handiagoa zen, eta beste salto bat izan zen, psikologikoki, prestakuntza fisiko aldetik… bizitzan bete nahi nuen amets horietako bat».
«Gure gauzak pasatu genituen baina zoragarria izan zen, kristoren bizipena»
Saioa Iriondo. Mendi korrikalaria
Aurten hala, 42 kilometrokoa egingo du, proba «azkarragoa, korrikalariagoa…». Besteetan salto bat gehiago bezala planteatu zuena, aurten helburutzat du «trilogia bukatzea, hiru lasterketak eginda edukitzeko».
Urte honetan maratoi erdiak egin ditu, Domusa Teknik ere bai, baita Irati Traila ere, besteak beste. Marimurumendin, bukatzeaz gain, denbora txukun bat egitea izango du xede, «6 ordu t’erdi inguruan bukatzea, disfrutatzea eta onena ematea».