Uda honetako eskaintza ezagutzera eman du Idiazabalgo Udalak
Gaztaren interpretazio zentroa egunero irekita, irailaren 15era arte. Gaztañaditxulok eta Ondramuñok ere ateak irekiko dituzte.

Uda honetarako herrian izango den eskaintzaren berri eman du Idiazabalgo Udalak prentsaurrean. Herriko ikur den Idiazabal gazta gertutik ezagutzeko bisita gidatu ezberdinak antolatu dituzte batetik, eta herria bera kanpotik datozenei ezagutzera emateko beste proposamen bat ere bai, bestetik. Jone Ormazabal Idiazabalgo Udaleko Herri Garapenerako zinegotziak eta Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak eman zituzten atzoko agerraldian xehetasunak, Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroan.
Hilaren hasieratik irailaren 15era bitartean, egunero irekiko ditu ateak, hain zuzen, Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroak. Gainera, bisita gidatuak ere eskainiko ditu, goizean eta arratsaldean ondoko ordutegian: 11:00etan, 12:15ean, 16:00etan eta 17:15ean. Bisita egiteaz gain, gazta dastatzeko aukera ere egongo da. Bisitak egiteko aukera era prezio ezberdinak eskainiko ditu museoak: bisita gidatua 2,75 euro pertsonako; bisita gidatua eta gazta dastaketa 3,40 euro eta bisita gidatua gazta dastaketa eta edariarekin 4,50 euro. Informazio gehiagorako edo erreserbak egiteko 943 18 82 03 telefonora deitu edo info@idiazabalturismo.com helbidera idatzi daiteke.
Ateak irekita
Herriko bi gaztandegi bisitatzeko aukera ere izango da datozen hilabeteetan. Gaztañaditxulok uztailaren 12an eta 19an irekiko ditu ateak bisitarientzat. Gazta egiteko prozesua lehen eskutik ezagutzeko aukera izango da bisita hauetan, baita instalazioak ikusi eta bertako gaztak dastatzekoa ere. Bi orduko iraupena izango dute, 11:00etan hasita. Informazioa eta erreserbak 618 721 413 telefonora deituta. Bisiten prezioa 15 eurokoa da helduentzat eta 7 euroko 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Ondramuño baserriak, bere aldetik, egunero eskainiko ditu bisita gidatuak uda sasoian, 10:30etik aurrera. Bisitak ordu betekoak izango dira eta hemen ere, gazta egiteko prozesua ikusi eta gaztak probatzeko aukera izango da. 12 euro eta 6 euro balioko dute sarrerak. Erreserbak egiteko 649 655 962 zenbakira deitu behar da.
Herriko «altxorrak» ezagutzeko aukera ere eskainiko zaie bisitariei udan zehar. San Migel elizaren portada, bataio pontea eta erretaula ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatuko dituzte Gaztaren interpretazio zentrotik. Uztailaren 13an eta abuztuaren 24an egongo da horretarako aukera. Bisitak doakoak dira eta 17:15ean irtengo dira interpretazio zentrotik. Erreserbak egiteko interpretazio zentrora deitu edo idatzi daiteke.
Gainera, Udako hilabeteetan eta aurrerantzean Idiazabalera gerturatzen diren bisitarientzat herriko gida eta apa tolesgarria bat argiratua ditu udalak, hiru hizkuntzatan. Gaztaren interpretazio zentroan eta udaletxean jarriko dituzte eskuragarri.