Zaldibiatik Lazkaorako ibilaldia, ikasleentzat
Urteko lanari jarraipena emateko eta ikasleriaren arteko komunitate politikoa indartzen jarraitzeko, Zaldibia eta Lazkao artean Eskola Ibiltaria egingo du gaur eta bihar Goierriko IAk.
Anartz Larrea beasaindarra, Goierriko IAko kidea.Izaro Villarreal Hogeita bost urte igaro dira dagoeneko Ikasle Abertzaleakek, Euskal Herriko ikasleria langilearen antolakunde sozialistak, Eskola Ibiltariaren lehen edizioa antolatu zuenetik. Ordutik, ikasleentzat uda partean antolatutako «ekimen nazional erreferente» bihurtu da. Aurtengoan, ordea, formatu berritua izango du: Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetan tokian tokiko egitarauak antolatuko dira, guztira sei edizio gauzatuta.
Goierriko edizioak gaur emango dio hasiera ekimenari, eta bihar amaituko da; Lazkaon eta Zaldibian eramango dute aurrera, eta bi eguneko kultur eta aisialdi eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Arrazoi desberdinak tarteko erabaki dute aurtengo edizioaren agertokiak Zaldibia eta Lazkao izatea: «Egokiak iruditu zitzaizkigun, batetik, ekimena aurrera eramateko beharrezko azpiegiturak dituztelako, eta bestetik, bi herrien artean ibilbide desberdinak egiteko aukera eskaintzen dutelako», adierazi du Anartz Larrea eskualdeko IAko kideak. Dioenez, egitarau dinamiko eta parte-hartzailea osatzeko aproposa da, hain zuzen, dinamikari esleitzen zaizkion helburuak betetzeko «abagune egokia».
Komunitatea indartzea
Eskola Ibiltariaren helburu nagusien artean daude Goierriko nahiz inguruko eskualdeetako ikasleak elkartzea, komunitate politiko sendoa eraikitzea, eta formakuntza zein hausnarketa politikorako espazioak sustatzea. Larrearen ustez, egungo gizartearen testuinguruan, «berebiziko garrantzia» hartzen dute helburu horiek: «Azken urteotan ideologia atzerakoien eta joera erreakzionarioen gorakada kezkagarria bizitzen ari gara, eta ezinbestekoa da ikasleria langilea antolatu eta erantzun kolektiboa ematea».
«Azken urteotan ideologia atzerakoien eta joera erreakzionarioen gorakada kezkagarria bizitzen ari gara, eta ezinbestekoa da ikasleria langilea antolatu eta erantzun kolektiboa ematea»
Anartz Larrea. Goierriko IAko kidea
Larreak, zentzu horretan, udako geldialdia aprobetxatuz hausnarketa kolektiboan sakontzeko eta alternatiba sendo zein eraldatzaileak eraikitzeko «une egokitzat» jo du Eskola Ibiltaria. Horretarako, baliabide desberdinak jarriko dituzten martxan: ibilaldia, hitzaldi eta solasaldiak, tailer desberdinak eta ikuskizun zein emanaldiak.
Bide beretik, horrelako ekitaldiek eta espazioek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea ezinbestekoa dela ziurtatu du Larreak: «Aisialdiaren ikuspegitik kalitatezko proposamenak eskaintzeaz gain, opor garaietan ohikoak ez diren esperientziak bizitzeko aukera bat eskaintzen duen ekimena da».
Bonuak eskuratzeko
Eskola Ibiltarira gerturatu nahi dutenek bonuak erosi beharko dituztela jakinarazi du Larreak. Eguneko bonua 5 euroan dago salgai, eta bonu orokorra, berriz, 12 euroan. Azken horrek, otordu guztiak eta lotokia barne hartzen ditu. Interesa duen edonork Goierriko IAko kideengana jo beharko du, nahiz eta egunean bertan ere izango den bonua eskuratzeko aukera: «Postuak jarriko ditugu bai Lazkaon eta baita Zaldibian ere, aurretik erosi ezin izan dutenek eskura ditzaten».













