ELKARRIZKETA. «Buruari gogor egin behar zaio, eta kontrolatzen jakin»
Ziklo-krosean, errepideko txirrindularitzan eta triatloian lehiatu zen gazteagotan Maite Murgia. Duela bi urte mendi lasterketetan hasi zen. G2H egingo du lehenengo aldiz.
Maite Murgia mendi korrikalari lazkaotarra. Laida Goiburu Txirrindularitza munduan ibili zen gaztetan Maite Murgia (Lazkao, 1992). 23 urtez azpikoetan, Euskadiko txapeldun izan zen ziklo-krosean eta Espainiako txapeldun neguko triatloian. Txikitatik ibili izan zen txirrindularitza eta eskia uztartzen, unibertsitateko ikasketak bukatzean lehia utzi zuen arte.
Txirrindularitza, eskia, triatloia… denetik egin duzu.
Bai, denetik egin dut, beti izan naiz saltsera bat. Gehienbat txirrindularitza eta eskia, eta triatloiak eta duatloiak ere egin izan nituen. Bizikletan ibiltzen naiz nire kasa, baina konpetizioa utzita daukat.
Noiz hasi zinen mendian korrika?
Duela bi urte hasi nintzen mendian korrika lehiatzen, hau hirugarrena da. Besterik gabe, bizikleta utzita nuela eta, korrika hasi nintzen, probatzeko. Mendi lasterketaren bat egin nuen… Lagun batekin, biok animatu ginen; akordatzen naiz Urretxu-Zumarragakoa izan zela lehenengoa, gustatu zitzaigun eta horrela hasi ginen.
Goierri Kopa esprintean hirugarren zaude sailkapenean.
Garingoa, Ordiziakoa, UZ Trail, Leharrei egin ditut esprintean. Zaldibian atera nintzen baina luzea egin nuen. Axari Trailean eta Korosti Trailean aterako naiz. Eta ea kopan hortxe bukatzen dudan.
«Duela bi urte hasi nintzen mendian korrika lehiatzen, hau hirugarrena da. Besterik gabe, bizikleta utzita nuela eta, korrika hasi nintzen, probatzeko»
Aurten G2H egingo duzu, lehen aldiz.
Bai, lehen aldia izango da, eta distantzia horretako lehena ere bai. Iaz Orendaingoa egin nuen, 21 kilometrokoa, eta gero 32ko beste bat. Aurten luzeagoak ere egin ditu; Asturiasen maratoi bat, Zegama-Aizkorrin izena eman nuen baina ez zitzaidan tokatu, eta Burgosen orain dela gutxi 62 kilometroko bat. Gustura bukatu genuen. Luzeak aurten lehenengo aldiz egin ditut.
Nola prestatu duzu?
Asturiasekoa eta Burgosekoa lagun batekin egin nituen, eta G2Han ere elkarrekin aterako gara. Helburua gaua elkarrekin egitea da, eta gero ikusiko dugu. Elkarrekin eman genuen izena eta esan genuen elkarrekin entrenatuko genuela; azkenean, ez dugu askorik egin batera, baina aitzakia horrekin egin ditugu beste planak, Asturiasera eta Burgosera joan gara. Elkarri xaxatzen ibili gara, elkarri laguntzen.
Nire kasa ibili naiz azkenean. Korrika pixkanaka, luzeagoak, tarteka bizikleta, gimnasio pixka bat ere bai… autoplanifikazioan.
Egun gutxiren faltan, zer moduz zaude?
Oraintxe hasi naiz urduritzen, baina nahiko lasai nago. Ez nekien gai izango nintzen edo ez, baina Burgoskoa eta gero nahiko lasai nago, ikusi dut gai naizela, suabe-suabe baina egingo dudala eta bukatzeko gai naizela. Gogoekin nago.
Gaua erronka handia da?
Mendira joan izan naiz gaua pasatzera, oinez eta lehenengo orduak ilunpetan, baina ez da berdina lasterketa batean, ikusiko dugu. Begiratu dut eta ilargi betea dago, nik uste ikusgarritasun nahikoa egongo dela.
«Distantzia horretan egingo dudan lehena izango da eta erronka handia iruditzen zait ateratzea bakarrik»
Buruak garrantzi handia du?
Ordu asko dira, izango ditugu gorabeherak; hasieran ondo, gero gaizki igual, agian pajarak emango digu, tripak gaizki edo ezdakitzer… edukiko ditugu seguruenik gorabeherak, baina buruari gogor egin behar zaio horrelakoetan eta kontrolatzen jakin. Nik uste horretan ondo joango garela.
Eguraldia aukeratzekotan, zer nahiago duzu, beroa edo euria?
Beroa edo euria aukeran, euria nahiago dut. Halere, gau guztian euria eginez gero, hoztea… hori ere ez da ederra izango. Nahiago dut lokatza eta euria, beroa baino.
Zein da zure helburua?
Denbora helbururik ez daukat. Distantzia horretan egingo dudan lehenengoa izango da eta erronka handia iruditzen zait ateratzea bakarrik. Nire lehenengo erronka irteerara urte guztian lesionatu gabe ailegatzea zen, eta horixe behintzat lortu dut, ze iaz lesio batetik bestera ibili nintzen. Beraz, orain helburua bukatzea izango da.













