ELKARRIZKETA. «Ibilbideaz eta aitarekin korrika egiten disfrutatzea da helburua»
Maider Unanue Aranburuk (Arama, 1994) lehenengo aldiz egingo du maratoi bat. Marimurumendi aukeratu du, distantzia horretan esperientzia duen aitarekin batera egiteko.
Maider Unanue mendi korrikalari aramarra, Zaldibiako mendi lasterketaren helmugara iristen, maiatzean. Izaro Villarreal Igandean, uztailaren 13an, inoiz egin duen lasterketarik luzeena egitekoa da Lazkaon bizi den Maider Unanue Aranburu aramarra: 42 kilomeroko Marimurumendi mendi maratoia. Manu Unanue aita izango du ondoan.
Marimurumendin parte hartuko duzu. Lehenengo maratoia izango al da?
Bai, ez dut inoiz horrelako distantziarik korritu.
Aurten Goierri Kopan trail edo distantzia luzean lehiatzen ari zara. Iaz arte, laburretan. Marimurumendi da horren arrazoia?
Iaz motzak eta pare bat 20-25 proba egin nituen. Aurten luzeak egitea erabaki dut. Justu aita eta ni oraintxe erritmo antzekoan gabiltza eta biok Marimurumendi egitea erabaki genuen. Helburua biok egitea zen. Horregatik ari naiz aurten lasterketa luzeak egiten. Baina oraindik ez da nire distantzia, nahiko luze geratzen zait. Esperientzia moduan hartuko dut eta ea zer ateratzen den.
42 kilometro dira.
Aurten konpetitu dudanaren bikoitza da. Lasai-lasai hartu, ibilbidea disfrutatu eta aitarekin korrika egiten disfrutatzea da helburua.
Ibilbidea ezagutzen duzu?
Usurbetik hasi eta Usurben bukatu arteko zatia egin dut. Falta zaidana, Beasaindik Usurbera igo eta Usurbetik Beasainera jaistea da. Bestea probatu dut.
«Polita da, korrika egiteko zati asko ditu eta ez da batere teknikoa»
Zer iruditzen zaizu?
Polita, oso lasterketa azkarra izango da, korrika egiteko zati asko ditu eta ez da batere teknikoa. Nire erronka handiena nik uste dut dela, erritmoa kontrolatzea. Ohituta nagoenez lasterketa motzak egiten eta erritmo bizian joaten, erritmo lasaiago hori hartzea izango da erronka. Azkar ez hastea, azkenean 42 kilometro dira eta erritmo aldetik kontrolatu egin behar da.
Bukaera luze egiten omen da. Arriarandik Usurbera igo eta Beasainera jaistea.
Entrenatzerakoan Arriarandik Usurbera dauden 3-4 kilometroak oso luzeak egin zitzaizkidan. Bukatzear dagoela dirudi baina azkeneko txanpa geratzen da. Burua mentalizatu beharra dago. Gorputza azkenean ohituta daukazu korrika egitera. Baina burua izango da garrantzitsuena.
Aitak horrelako distantziarik eginda dauka?
Bai, urte askoan ibili da maratoiak egiten. Zegama-Aizkorri ere eginda dauka 5-6 aldiz. Bera ohituta dago eta gainera berari distantzia luzeak gehiago gustatzen zaizkio motzak baino. Berak esperientzia handia dauka eta nik uste dut lagunduko didala horrek.
Aurten barrutik biziko duzu Ehunmilak trilogia. Aurretik jarraitu izan duzu?
Hemen nagoenetan beti saiatu izan naiz gerturatzen, eta iaz boluntario bezala egon ginen, igandean plazan, helmugara iristen ziren guztiei ongietorria egiten, Ehunmiletako batzuei eta Marimurumendi korrikalari guztiei.
Aurten zuri egingo dizute boluntarioek ongietorria.
Bai. Nire helburua da ondo eta gustura iristea. Ea eguraldia lagun daukagun, iaz beroarekin nahiko gaizki iritsi zirelako. Bero handia eginez gero, ondo hidratatu, ondo jan eta helmugara ahalik eta ondoen iristera.
Aurten boluntario izango zara?
Ez. Gainera lankide bat ateratzen da ostiralean G2Hn, bera animatuko dut ostiralean eta larunbatean, eta igandean nik egingo dut lasterketa.
«10-15 kilometroko lasterketak egitetik 42 kilometrora salto handia dago eta nik uste dut burua ere mentalizatu behar dela horretara»
Aurten motzena aukeratu duzu, baina Ehunmiletan badaude beste bi proba luzeagoak. Egiteko asmoa duzu?
Ez dut uste. Oraindik nire distantzia 20 ingurukoa da. Hain luzeei oraindik ez diet kariñorik hartu. Azkenean, 10-15 kilometroko lasterketak egitetik 42 kilometrora salto handia dago eta nik uste dut burua ere mentalizatu behar dela horretara. Gustura aritu naiz 20-25ekoan, eta uste dut beste urte batzuetan distantzia horretan jarraituko dudala. Aurrera begira? Ez dakit. Printzipioz, hain luzeek ez naute asko motibatzen.
Euskal selekzioarekin Kilometro Bertikaleko Espainiako txapelketara joan zinen. Zer moduz joan zen?
Gehien gustatzen zaidan modalitatea da Kilometro Bertikala. 19. postua lortu nuen eta taldeka bigarren postua, eta oso pozik.












