ERREPORTAJEA. Mendi asteburua ixteko, proba ‘txikia’
Igandean jokatuko da Marimurumendi mendi maratoia 9. aldiz. Iazko lehen lau emakumezkoek errepikatuko dute. Onintza Sukia ataundarrak eta Aratz Olaizola legazpiarrak lehenengoz parte hartuko dute.

Ehunmilak ultra trailaren eta G2Handiak Goierri Trailaren ondotik, igandean Marimurumendi mendi maratoiaren txanda izango da. 42,195 kilometroko eta 2.300 metro desnibel positiboko ibilbidea duen probarako duela bi urte jarritako 350 korrikalariko mugari eutsi diote aurten ere, antolakuntzak azaldu duenez, «korrikalariari ahalik eta zerbitzurik onena emateko asmoz». Bederatzigarren aldiz jokatuko da hiru probetatik, maratoia izanik ere, laburrena eta korrikalariena dena.
08:00etan irtengo dira lasterkariak Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, Agortara bidean. Pagorriaga, Kizkitza, eta bertatik Atxurtzara. Atxurtzan izango dute lehenengo irteerako gehienezko denbora. Gehienez 3 ordu eta 20 minutu pasatu baino lehen irten beharko dira handik korrikalariak lasterketan jarraitzeko. Atxurtzan ibili ondoren, Kizkitzatik itzuli beharko dira Arriaranera, eta Arriarandik gehienez 6 ordu pasatu baino lehen irten beharko dira, berriz ere Agortara. Eta handik Beasainera; iritsierako gehienezko denbora 8 ordukoa da, eta hala, hortik gorako denbora dutenak lasterketatik kanpo geratuko dira.
Iazko laurak irteeran
350 korrikalarietatik 64 dira emakumezkoak, iaz baino bat gehiago. Hego Euskal Herrikoak dira 232, 170 gipuzkoarrak, eta gipuzkoarren artean, 94 dira goierritarrak. Lehenengo korrikalariak 11:30ak eta 12:00ak bitarte iristea aurreikusten da, eta azkenak, gehienez ere 16:00etan helmugaratu beharko dira.
Gizonezkoen artean, iaz hirugarren postua eskuratu zuen Endika De Las Heras beasaindarrak izena emanda dauka maratoirako; Samuel Davila iazko irabazleak eta 2019an errekorra ezarri zuenak ez du parte hartuko aurten, ezta iaz Top5a osatu zuten gainontzekoek ere. Iaz bigarren egin zuen Aitor Zunzunegi legorretarrak aurten G2Ha egingo du. 2023an laugarren postua lortu zuen Jon Pascualek ere izena eman du.
Emakumezkoetan, iazko lehenengo laurek eman dute izena aurtengoan ere: Ainhoa Intxausti segurarrak iaz egin zuen lehenengo aldiz maratoi bat, eta irabazi ez ezik, MMMko errekorra ezarri zuen. Aurten ere izango da irteeran, eta baita Henar Lazaro (iaz bigarren), Lorea Totorica (iaz hirugarren) eta Maria Ezpeleta (iaz laugarren) ere. Lazaro eta Ezpeleta azken bi urteetan izan dira Top5ean. Gainera, Elena Calvillo beasaindarrak, 2022ko Ehunmilak ultra trailaren irabazleak, izena emanda dauka. 2023an hirugarren egin zuen Calvillok maratoian.
Diziplina eta ikasketak
Onintza Sukiak (Ataun, 2005) lehendabiziko aldiz egingo du MMM, eta lehen aldia izango du maratoi bat egiten ere. Gimnasia erritmikoa egin zuen txikitatik, eta hori utzi zuenean korrika probatu zuen: «10 urtez ibili naiz gimnasia erritmikoan, eta orain dela 5-6 urtetatik utzita daukat. Kirol ezberdinak probatzen hasi nintzen, indarra hartzen gimnasioan, eta gero korrika eta mendian ibiltzen hasi nintzen». Kirola egiten du, baina ez ditu proba asko egin, denbora librean deskonektatzeko baitzaio baliagarri kirola, eta ez da lehia munduan sartu orandik: «Gustua hartu nion, mendian korrika beheraka, gero goraka… nire denbora librean eta egunerokotasunean integratzen nuen, eta lasterketetarako bezala entrenatzen nuen baina azkenean apuntatu gabe».
«Nire buruari jarri diodan erronka hori gainditzea eta zertarako gai naizen ikustea da helburua»
Onintza Sukia. Korrikalari ataundarra
Lehen aldien grinarekin biziko du MMM: «Benetako erronka bat izango da hau niretzat». Txikitatik kirola, gimnasia erritmikoa zehazki, egin izanak konstantetasuna eskaini diola azaldu du: «Ez dut eduki plan espezifiko bat, baina kontuan hartuta beti kirola egin izan dudala, diziplina hori barruan daukat egunerokotasunean kirola egitera ateratzeko». Bere ikasketak ere lagungarri egin zaizkio; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten du.
Aratz Salaberria bikotearekin irtengo da Marimurumendin. Iaz ere egin zuen Salaberriak, eta aurten elkarrekin ateratzea erabaki dute. «Oso esperientzia ona izan zen berarentzat eta oroitzapen ona dauka; elkarrekin aterako gara». Ez daukate denbora aldetik helbururik: «Helburua bukatzea izango litzateke, azkenean nire buruari jarri diodan erronka hori gainditzea, eta zertarako gai naizen ikustea eta disfrutatzea».
Bigarren maratoia
Aratz Olaizolarentzat (Legazpi, 2002) ere lehenengo Marimurumendi izango da. Ez lehendabiziko maratoia, ordea. Apirilean egin zuen lehenengoa: Enkarterri Xtreme Trails probakoa. «Marimurumendi nire bigarren maratoia izango da».
Distantzia horretan, 42 kilometroko bigarrena izango bada ere, beste mendi lasterketa batzuk egin ditu. Goierri Kopako lau egin ditu: Garin Mendi Lasterketa, Ordiziako Mendi Lasterketa, Uz Trail eta Txindokiko Kilometro Bertikala. MMMren ondoren, Aztiriko karrera ere dauka egutegian, baina «lagunekin lasai-lasai» egingo du, «beste erritmo batean». Eta Axari Trail eta Korosti Trail ere egingo ditu ondo bidean udazkenean. «Ondoren asfaltora pasatuko naiz ja, Behobia egiteko».
«Nahiko ondo» sentitzen da legazpiarra igandeko erronkarako. Enkarterriko maratoia prestatzen hasi zen «hasiera batean», eta pixkanaka entrenamenduak areagotuz joan zen: «Distantziak gehitu, serieak sartu, aste batean 20 kilometroko bi saio, beste batean 30eko bat… astearen arabera desnibel gehiago edo gutxiago sartu, beste batean desnibel gutxiago eta kilometro gehiago… eta gimnasioa ere sartu dut astean behin, niretzat garrantzitsua baita lesioak prebenitzeko».
«Hainbat faktore daude nire esku ez daudenak, baina 4 ordu eta erdi inguruan ea egiteko gai naizen»
Aratz Olaizola. Korrikalari legazpiarra
Duela bi aste azkeneko karga sartu eta gero, azken bi asteotan jaitsi egin du intentsitatea, «eta nahiko ondo».
Prest eta gogotsu dago. Aukeratzeko aukera izango balu, ez luke euririk nahi, ezta berorik ere, «bien arteko zerbait». Lokatzik ere nahiagoko luke ez balego: «Ohituta nago lokatzetara, baina korrika egiteko, aukeran nahiago gabe».
Helburu bat ezarri dio bere buruari, baina etorri daitekeena kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu du: «Hainbat faktore daude nire esku ez daudenak, gerta daitezkeen gauza ezberdinak, baina 4 ordu eta erdi inguruan ea egiteko gai naizen, ea eguraldiak ere laguntzen duen; 4 eta erdi eta 5 orduren artean esango nuke».