Ehunmilak Trilogia: giza mugen lekuko, beste aldi batez
Eguraldiak baldintzatutako edizio honetan, lehia polita eta bizia izan da hiru lasterketetan. 18:00etan egin dute sari banaketa, eta goierritar ugari izan dira podiumean. Marimurumendi maratoiean iazko errekorra ontzea lortu dute.

Ezustekoak ezusteko, aurtengo Ehunmilak Trilogiak baditu irabazleak. Ekaitzari izkin eginda, pixkanaka korrikalariak helmugaratzen joan dira Beasaingo plazan. Denera 1260 korrikalari inguruk parte hartu dute hiru probetan.
Jakina denez, eguraldiak aldaketak ekarri ditu aurtengo edizioan, eta proba luzeenaren kilometro kopurua 171 km-tik 125km-ra murriztu da, baita ordutegia aldatu ere. Ostiral arratsaldean irten beharrean, larunbat goizean abiatu ziren proba luzeeneko 360 parte hartzaileak, 11:00etan. Goierriko 2 Handiak proban ere ordutegi aldaketa izan zen, eta gaueko hamaiketan ordez, atzo arratsaldeko zazpietan atera ziren 90km egiteko prest 550 korrikalari. Hirugarren proban, berriz, Marimurumendi maratoiean, ez da inolako aldaketarik egon, eta ohiko moduan, goizeko zortzietan atera dira gaur 350 parte hartzaileak, 42km egiteko prest.
Arratsaldeko seietan hiru proben sari banaketa egin dute Beasaingo San Martin plazan, eguraldi makurra berriro ere protagonista izan delarik. Lehenik eta behin, boluntario zein parte-hartzaile guztien lana goraipatu dute, izan ere, beraiek gabe “ez litzatekeelako posible izango” trilogia aurrera eramatea. Podiumetik pasa diren korrikalari guztiek hitz politak eskaini dizkiete antolakuntzako kideei, eta azpimarratu dute hartutako erabakiak “egokiak” izan direla. Bestalde, gehienek haien gertukoei, jada haiekin ez daudenei edota lasterketan zehar jarraipena egin eta lagundu dietenei eskaini diete saria, baita prozesuan zehar eta prestaketetan laguntza eman dietenei ere.
Ehunmilak
Hasierako 171 kilometroen ordez, 125kilometroko erronka izan dute korrikalariek, eta 48 ordu beharrean, 31 orduko gehieneko denbora izan dute distantzia berria egiteko. Aurten Beasaindik Usurbeko gaina zeharkatuta, Urretxu-Zumarraga aldera egin beharrean, Tolosa aldera egin dute lasterkariek. Jarraian, Goierrira itzuliz, Txindokiko lepotik pasa eta Lizarrustitik eta Etzegaratetik pasata Mutiloa aldera gerturatu dira eta bertatik helmugako marra helburu, Beasaingo San Martin plazara etorri dira bueltan. Lehia estu baten ostean, Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak eraman du aurtengo lasterketako txapela gizonezkoetan. Azken momentuan lortu du garaipena, Estanda enpresa inguruan Unai Dorronsoro beasaindarrari aurrea hartuta. Bi minutu eskas beranduago helmugaratu da beasaindarra, podiumeko bigarren postua lortuta. Aurreko urtean irabazi zuen Fidel Fernandez izan da podiuma osatzen azkena. Emakumezkoetan, berriz, Maria Victoria Soler murtziarra izan da irabazlea; Oiartzungo Eva Lizarralde iritsi da helmugan bigarrena, eta Cristina Bataller kataluinarra hirugarrena.
- Sailkapena:
- Gizonezkoak:
1. Ander Gerrikaetxebarria San Anton (15:04:06)
2. Unai Dorronsoro Garmendia (15:05:54)
3. Fidel Fernandez Varela (15:41:22)
- Emakumezkoak:
-
-
- Maria Victoria Soler Jimenez (21:52:13)
- Eva Lizarralde de la Fuente (22:16:46)
- Cristina Bataller Agusti (22:17:43)
-
-
- Taldekakoa:
-
-
- C.C. Luis Bailo: Jesus Bailo Bardor, Juan Bailo Bardor eta Alfredo Bailo Bardor (21:12:51)
- Trailrunners Avanza Jaen: Antonio Aceituno, Antonio Sánchez del Pino, Ludovic Ducher (22:56:52)
- Lloranet: Gorka Gonzalez, Ivan Romaña, Iñaki Carcoba (30:20:08)
-
-
- Lehenengo Goierritarra: Unai Dorronsoro (Beasain)
Goierriko 2 Handiak (G2H)
Goierriko 2 Handiak lasterketan 90km-ko erronka izan dute aurrean korrikalariek. Izenak dioen moduan, ibilbidean zehar Goierriko 2 Handiak igo dituzte korrikalariek: Txindoki eta Aizkorri. Beasaingo San Martin plazatik atera eta Larraitzera joan ziren atzo arratsaldean, bertatik Txindoki igotzeko. Larraiztik Lizarrusti eta Etzegarate pasaz Mutiloara gerturatu dira, eta bertatik helmuga izan dute hurrengo jomuga. Lasterketa honetan lehenengoa Ander Iñarra lezotarra izan da. Bigarren eta hirugarren postua bi goierritarrek eraman dute: Mikel Insausti beasaindarrak eta Aitor Zunzunegi legorretarrak, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, iaz bigarren postua lortu zuen Olatz Azazeta altsasuarra izan da azkarrena. Helmugaratzen bigarrena Raffaela Ciavola Di Girolano gasteiztarra izan da, eta hirugarrena Leire Martinez Herrera santurtziarra.
- Sailkapena:
- Gizonezkoak:
-
-
- Ander Iñarra Olaziregi (10:42:43)
- Mikel Insausti Murgiondo (11:03:49)
- Aitor Zunzunegi Tapia (11:22:29)
-
-
- Emakumezkoak:
-
-
- Olatz Azazeta Pelaez (13:48:53)
- Raffaela Ciavola Di Girolano (14:32:15)
- Leire Martinez Herrera (14:45:46)
-
-
- Lehenengo Goierritarrak: Mikel Insausti (Beasain) eta Uxua Barandiaran (Beasain)
Marimurumendi Maratoia (MMM)
Marimururumendi maratoia aurreikusitako moduan mantendu da, eta goizeko zortzietan abiatu dira korrikalariak Beasaingo plazatik. Gizonezkoen artean lehia estua izan da Asier Azkarate eta Markel Urigoitiaren artean. Bi korrikalariak batera sartu dira helmugan, iazko Samuel Davilaren Marimurumendiko errekorra bi minutuan onduz. Azkenean, Asier Azkarate arrasatearra igo da Marimurumendiko podiumaren lehenengo postura. Hirugarrena Beasaingo Endika de las Heras Fernandez izan da, iazko bere denbora zortzi minutuan hobetuta. Nesken podiumean, berriz, bi goierritar izan dira. Iaz bezala, aurten ere Ainhoa Intxausti Berasategi segurarra izan da helmugaratzen lehena, eta hirugarren postua eskuratu du Maider Unanue lazkaotarrak. Bien goierritarren tartean helmugaratu da Alba Loras, bigarren postua eskuratuz.
Aurten ere, maratoiean parte hartu duten goierritarren kopurua handia izan da. Podiumetik kanpo, gizonezkoetan, Gaizka Lasa legorretarra izan da laugarrena helmugaratzen, eta Xabat Maiotz Telleria segurarra bosgarrena. Emakumezkoen artean, Maria Ezpeleta beasaindarrak laugarren postua eskuratu du.
- Sailkapena:
- Gizonezkoak:
-
-
- Asier Azkarate Moreno (3:27:42)
- Markel Urigoitia Zamakona (3:27:43)
- Endika de las Heras Fernandez (3:32:05)
-
-
- Emakumezkoak:
-
-
- Ainhoa Intxausti Berasategi (4:23:50)
- Alba Loras Monfort (4:31:12)
- Maider Unanue Aramburu (4:43:49)
-
-
- Lehenengo Goierritarrak: Endika de las Heras (Beasain) eta Ainhoa Intxausti (Segura)





































































