Luis Migel Asensiok irabazi du aurtengo patata tortilla lehiaketa
Arratsaldean barrika lasterketa egingo dute lehenengo aldiz. 17:30ean hasiko da, Domingo Mendiaraz plaza ondotik.
Uztailaren 11tik 13ra Geltokietako jaiak ospatzen ari dira Urretxu-Zumarragako auzo horretan. Txistularien goizeresiarekin hasi dute eguna zumarragarrek, eta ondoren, goiz osoan zehar, umeentzako puzgarriak egon dira. Egunarekin jarraitzeko, patata tortilla lehiaketa egin dute Txindokiko plazan. Aurten zazpi patata tortilla aurkeztu dira lehiaketara, eta Luis Migel Asensiorena izan da irabazlea.
Barrika lasterketa
Arratsaldean ere jarraituko du festak, berrikuntza eta guzti. Lehenengo aldiz, barrika lasterketa egingo dute auzoan, garai bateko asto lasterketa ordezkatuko duena. Parte hartu nahi dutenek, 17:00etatik aurrera eman beharko dute izena, Berrikiko bidegurutzean eta lasterketa 17:30ean hasiko da. Parte hartzaileek binaka arituko dira erlojupeko lehian, Domingo Mendiaraz plaza ondotik abiatuta. Bikoteak ikastolako bidegurutzeraino joango dira eta ondoren irteera punturaino itzuli. Joan-etorria azkarren egiten duen bikoteak 500 euro irabaziko ditu. Berrikira heltzeko denbora gutxien behar duen bikoteak, berriz, bi lagunentzako bazkaria irabaziko du.
Auzoko jaiak amaitzeko Bentazaharreko mutiko alaiak ibiliko dira auzoan zehar, 19:00etatik aurrera.












