1936ko gerrako biktimak oroitzeko hitzaldia eta omenaldia
Jon Kortazar Billelabeitia historialariak hitzaldia emango du, '1936ko sarraskia Beasainen: datu berriak' izenburupean, asteazken arratsaldean. Uztailaren 27an, berriz, omenaldia egingo dute. Beasaingo Memoriaren Herri Ekimena taldeak antolatu ditu ekimenak, Udalaren babesarekin.
'Beasain, oroimen historikoa' liburuan dagoen dokumentu grafikoetako bat. Uztailaren bigarren hamabostaldian zehar, Beasaingo Memoriaren Herri Ekimena taldeak antolatuta eta Beasaingo Udalaren babesarekin, baita Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, memoria historikoaren inguruko jardunaldi zikloa egingo da, beste urte batez. Helburua garbia da: Gerra Zibilean eta frankismoan izandako Beasaingo biktimak oroitu eta herriaren memoria historikoa berreskuratzen laguntzea.
Zikloa bi jardueraz osatuta egongo da: alde batetik, asteazkenean (hilak 16), hitzaldia izango da; eta bestetik, uztailaren 27an, igandea, frankismoaren biktimen omenezko ekitaldi nagusia ospatuko da.
Datu berriak
Asteazkenean, Igartzako Jauregian, arratsaldeko 19:00etan, Jon Kortazar Billelabeitia historialariak hitzaldia emango du, 1936ko sarraskia Beasainen: datu berriak izenburupean. Kortazar da Beasain, Oroimen Historikoa liburuaren egilea, eta azken urteotan egindako ikerketen emaitza berriak aurkeztuko ditu bertan. Hitzaldiak ikuspegi historikoa eskaintzeaz gain, gertakari haien gaineko ezagutza herritarrengana hurbiltzea du helburu.
89. urteurrena
Zikloaren amaiera uztailaren 27an, 19:00etan, egingo den ekitaldi hunkigarri batekin izango da. Frankismoaren biktimei eskainitako monumentuaren inguruan ospatuko da, eraildako, fusilatutako eta gerra garaian errepresioaren ondorioz hildako beasaindarrak oroitzeko asmoz. Ekitaldiaren egitaraua anitza eta sinbolismoz betea izango da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldi irekia eta herritar guztiei zuzendua izango da, eta euskal gizarteak memoria historikoa lantzeko eta belaunaldi berriei lekukotasuna helarazteko ezinbestekoak dira horrelako ekimenak.
Euria eginez gero, omenaldia Igartzako Jauregian egingo da, eta horren ondoren, lore-eskaintza egingo dute monumentuan.













