Euskadiren eta Eslovakiaren arteko partida Antzizarren
BKL-k eta Euskadiko Federazioak antolatu dute Udalarekin. Larunbatean, Antzizarren jokatuko dute, 19:00tan hasita. Arene Etxeberria ataundarrak jokatuko du Euskadiko selekzioarekin.
Ezker-eskuin: Mikel Retolaza, Elena Ruiz, Leire Artola, Jose Mari Arrospide, eta Arene Etxeberria.Ariane Vierbücher Datorren larunbatean, Euskadiko emakumezkoen 21 urtez azpiko saskibaloi selekzioak eta Eslovakiako 20 urtez azpiko talde nazionalak neurtuko dituzte indarrak Beasaingo Antzizar kiroldegian. Nazioarteko mailako lagunarteko neurketa honek giro berezia eta kirol maila altua eskainiko ditu, eta herritar guztientzat irekia izango da: sarrera doakoa izango da.
Ekitaldia BKL Beasaingo Saskibaloi Klubak eta Euskadi Saskibaloi Federazioak antolatu dute, Beasaingo Udalaren laguntzarekin. Partiduak herriko kirol-egutegian garrantzi berezia hartzen du, izan ere, emakumezkoen kirolari ikusgarritasuna ematea eta berdintasunaren aldeko apustua dira ekimenaren oinarri.
Beasaingo alkateak ekitaldiaren aurkezpenean azpimarratu duenez, «horrelako partiden bidez, emakumeen kirolari aitortza eta ikusgarritasuna ematen diegu, eta gainera, gazteen artean erreferenteak sortzen laguntzen dugu».
Mikel Retolaza Euskadiko selekzioaren hautatzaileak ere eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta Beasaingo Udalari, «aukera paregabe hau eskaintzeagatik eta emakumezkoen saskibaloia gizarteratzen laguntzeagatik».
Ekitaldia berezia izango da baita Arene Etxeberria jokalari ataundarrarentzat ere, Euskadiko selekzioko partaidea baita. Arene BKL Beasaingo Saskibaloi Klubean hasi zen saskibaloian, eta gaur egun selekzioarekin ari da lehiatzen: «Plazer bat da etxean jokatzea. Nire ibilbidea hasi zen tokian berriz parketera ateratzea beti da hunkigarria», adierazi du.
BKL taldeko lehendakari Jose Mari Arrospidek azpimarratu dute harro daudela halako mailako ekitaldi bat Beasainen hartzeaz, eta selekzioaren neurketa honek eskualdeko neska gazteentzako motibazio eta inspirazio iturri izango dela nabarmendu dute.
Partida 19:00etatik aurrera jokatuko da.













