Abiadura baxuko bizitzaren ametsa
Valentziako Salvador Soriano mando eta behorrekin dabil gurdi batean Iberiar Penintsula zeharkatzen, bizitza geldoago baten aldeko aldarri gisa. Gaur Beasaindik igaro da, ikusi argazkiak albistean.
Salvador Soriano gurdi-karabanan, Beasain zeharkatzen. Ondoan du Mikel Lizarazu zumarragarra, Goierrin barrena laguntzea erabaki duena. Ariane Vierbücher Munduak gero eta azkarrago egiten du aurrera, baina oraindik bada patxadaz bizitzearen aldeko hautua egiten duenik. Errepide zaharretan eta herrietan barrena, parean tokatu zaienak harriturik gelditu dira azken hilabeteotan, ipar noranzkoan dihoan gurdi bat ikusi dutenean: bi mando, behor bat eta gurdi zahar bat, bidaia geldo baina irmo batean. Gurdia Salvador Soriano Quilisek gidatzen du, bere hitzetan, «oraindik gorputzak eta adinak ahalbidetzen didaten bitartean burutu nahi nuen bizitza-proiektu pertsonala».
Soriano valentziarra da, eta iazko azaroaren 9an abiatu zen Atzeneta d’Albaidatik. Ordutik Iberiar Penintsula zeharkatzen ari da, egunero 30 bat kilometro eginez, abiadura maximoan: 20 kilometro orduko. Gurdiaren martxa pausatu horrek, baina, arreta piztu du herriz herri, eta bizitza lasaiago baten aldarria bihurtu da.
Atzo, Urretxutik eta Zumarragatik pasa zen, eta bertan pasa du gaua, eta gaur goizean Beasainen ikusi dugu, guztion harridurarako. Oriamendi kalean, GOIERRIKO HITZAren bulegoan gora, buelta hartu behar izan du, kale horretan ibilgailuak sartzea debekatuta baitago. Gurdiaren martxa motelean, denon begiradak erakarri ditu: argazki-kamerak atera, galderak egin, eta pasabide lasai haren inguruan, denbora ere pausatu egin da.
Ametsa betetzen
Bidaiaren historia sinplea bezain konplikatua da: amets bat izatea bezain erraza, eta hura gauzatzea bezain zaila.
Ametsa betetzeko ez doa bakarrik. Bere bidaideak bihotzez zaintzen ditu: bi mando eta behor bat dira bidelagun leialak, eta ez soilik garraiobide gisa. Salvadorrentzat, «lagunak» dira, eguneroko errutinaren parte, eta bidean topatzen duen jendearentzat ere jakin-min eta goxotasun iturri. «Gurdiaren martxan, isiltasunaren eta konfiantzaren arteko lotura bat sortzen da gure artean».
Halako pasarte bitxiek ustekabean harrapatzen gaituzte askotan. Bada, mundua beste erritmo batean bizitzeko modua dagoela gogorarazten digute.
Jarraian, ikusi bere pasaerak utzitako irudiak:













