Dagoeneko prest dute uda honetarako eskaintza Igartubeitin
Familia bat sagar zukua egiten Igartubeitin. Igartubeiti Ezkioko Igartubeiti baserri museoak uda honetarako eskaintza prest du dagoeneko Uda honetan bizi Igartubeiti! izenburupean. Sagar zukua egin, bisita gidatuetan parte hartu, familian jolastu, euskal gastronomian barneratu eta dastaketak egiteko aukera izango da dagoeneko prest daukaten egitarauaren barnean. Udak irauten duen bitartean, astelehenetan itxita egongo da museoa; asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekiko ditu ateak eta igandetan goizeko ordutegian soilik.
Igartubeitiko bisita komentatuen barruan, baserriko bizimodua eta sagardoaren kulturaren jatorria ezagutzeko aukera egongo da; 11:00etan euskaraz, 12:30ean gaztelaniaz eta 17:00etan bi hizkuntzetako batean. Pintxo eta txotx! bisita eta dastaketa uztailaren 26an eta abuztuaren 2, 16 eta 30ean egingo dira. 11:00etan (euskaraz) eta 12:30ean (gazteleraz). Sagar zukua egiteko jardunaldiak asteazkenetan izango dira, 10:30ean hasi eta 12:00ak bitartean.
Igartubeiti familian
Familiek elementu ezberdinak izango dituzte eskuragarri museoko harreran, Igartubeiti familian gozatzeko modu autonomo eta dibertigarrian: Martintxoren baserria liburuxka, Piko-piko jolasa eta mitologia gunea. Izen emateak 943 72 29 78 zenbakian edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean egin daitezke.












