Ia hiru urte ondoren bukatu dituzte Zubizkitzako berrurbanizazio lanak
Hiru fasetan aurrera eramandako proiektua izan da. Azpiegitura eta irisgarritasuna handitu, ur-sistema optimizatu eta kale argiteria eguneratu dira. Ia 800.000 euroko aurrekontua eskatu du, gastuak batuta.
Zubizkitza auzoko zoladura, erabat berrituta.Lazkaoko Udala Zubizkitza auzoan 2023ko irailean hasitako berrurbanizazio lanak amaitutzat eman dira jada, eta erabat berrituta dago Lazkaoko auzoa. Ia hiru urtez luzatu den proiektu zabal honek auzoaren azpiegiturak berritu eta egokitzeko helburua izan du, bizi-kalitatea eta ingurune urbanoaren irisgarritasuna nabarmen hobetzea lortuta. Lazkaoko Udalak azaldu duenez, lanek auzoaren eguneroko funtzionamenduan eragin zuzena duten hainbat elementu berritu dituzte, hala nola uraren hornidura-sistema, zoladura eta argiteria publikoa, obren aurretik auzoak zuen egoerari buelta ematea lortuta.
Proiektuaren oinarrizko helburua, besteak beste, egoera txarrean zeuden hiri-elementuak ordezkatzea eta auzoa egungo estandar eta beharretara egokitzea izan da. Udalaren arabera, bizilagunek ingurune «eroso, seguru eta jasangarriagoa» izan dezaten.
Hiru fasetan bereizita
Hori dela eta, Zubizkitzako berrurbanizazio lanak hiru fasetan gauzatu dira, eta fase bakoitza auzoko eremu zehatz bati egokitu zaio. Horietako bakoitzak bere aurrekontua eta epe zehatza izan du, eta guztira, 782.475,50 euroko inbertsioa egin da proiektu osoan, Udalak jakinarazitakoaren arabera.
Lehen fasean, Zubizkitza 51 eta 75 atarien arteko eremua berritu zen. Lan horiek 2023ko irailean hasi eta 2024ko otsailera bitarte luzatu ziren, eta guztira 239.587,60 euroko aurrekontua izan zuten. Bigarren faseak, zertxobait gutxiago iraun zuen, bost hilabete inguru, eta Zubizkitza 31 eta 50 atarien arteko espazioa berritu zen. Kasu honetan, 211.587,52 euro bideratu ziren lanetara. Azkenik, hirugarren fasean, Zubizkitza 1etik 30erainoko atarien inguruetan esku hartu zen. Lan horiek 2025eko urtarrilean hasi eta apirilean amaitu ziren, eta 331.617,38 euroko aurrekontua izan zuten, proiektuko fase garestiena izanik.
Hobekuntza nabarmenak
Birgaitze prozesuan egindako lanek hainbat alderdi hartu dituzte kontuan, eta esku-hartze «integrala» izan da, auzoko bizi baldintzak nabarmen hobetzeko helburuarekin. Alde batetik, zoladura berritu da, kaleko gainazal zaharkituak ordezkatu eta irisgarritasun handiagoko soluzioak ezarrita, betiere auzoko kaleak seguruagoak eta irisgarriagoak izan daitezen. Bestetik, uraren hornidura-sare zaharra ordezkatu da, sistema eraginkorrago, optimoago eta fidagarriago bat ezarrita. Horrez gain, argiteria publikoa modernizatu da, auzo osoan argiztapen uniformea bermatzeko, segurtasuna areagotzeko eta energia aurrezteko kontsumo txikiko sistemak instalatuta.
Irisgarritasuna, bestalde, proiektu honen ardatz estrategiko nagusietako bat izan da. Udalak nabarmendu duenez, lanen bitartez, «bizilagun guztiek, beren egoera pertsonala edozein dela ere, ingurune egoki eta irisgarria» izan dezaten ahalegindu dira, hiri-espazioak pertsona guztientzat eskuragarri bihurtuz. Horretarako, arrapalak jarri dira, eskailerak saihestu edo leundu dira, eta pasabide zabalagoak eta irisgarriagoak eraiki dira.
Konpromisoaren adierazle
Lazkaoko Udalak, proiektu honen bitartez, espazio publikoaren hobekuntzarekin eta Lazkaoko bizilagunekin duen konpromisoa berretsi du. Adierazi dutenez, hiri-garapenerako «ikuspegi integral bat» lehenesten ari dira, «ez bakarrik gaur egungo beharrei erantzuteko, baizik eta epe luzera begira ere, iraunkortasuna eta bizi-kalitatea oinarri hartuta».
Zubizkitza auzoko berrurbanizazio lana, beraz, Lazkaoko udalerriaren etorkizun jasangarriaren aldeko pauso garrantzitsu gisa aurkeztu du udalak, eta herritarren ongizatea hobetzeko bidean egindako inbertsio sendoa izan dela azpimarratu dute, aurrera begira ere «presente» izango dutena.












