43 txirrindularik parte hartuko dute larunbateko ‘Kosta ala kosta’ irteeran
Goizeko 8:00etan irtengo dira txirrindulariak Segurako plazatik. 125 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Ondoren, bazkaritara elkartuko dira 34 bat lagun.
'Kosta ala kosta' irteeran, txirrindularien taldeko argazkia, artxiboko irudian. Xabi Etxeberria Kosta ala kosta buelta a la kosta bizikleta irteera egingo dute bihar Seguran, herritar talde baten ekimenez. Guztira 43 bat txirrindulari zalek eman dute aurtengo irteeran parte hartzeko izena, Seguran bizi direnak gehienak, baina baita kanpoan bizi diren hainbat segurarrek ere. Irteeraren ondotik, Izkiña jatetxean bazkaritara elkartuko dira 34 bat parte hartzaile.
Irteerak 40 bat urteko antzinatasuna du Seguran. Urte luzez etena izan zuen ekimenak, orain dela hamar bat urte herriko txirrinduzale batzuen ekimenez berriz berreskuratu zen arte. 125 kilometro inguruko irteera da; 8:00etan abiatuko dira Segurako plazatik, ohiko suziria bota eta gero. Aurretik, ibilbidean zehar mokadutxoa egiteko jatekoa prestatuko dute Segurako elkarte batean. Itzuleran, Mutiloako biribilgunean elkartuko dira guztiak, Segurara elkarrekin iristeko.













